EH Bilduk «bultzada politikoa» ikusten du selektibitateari buruzko agindu judizialaren atzean

Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen arabera, epaileek «zalantzan» jarri dute unibertsitatera sartzeko proba zuzentzeko sistema, eta erabaki hori «bidegabekeria da milaka ikaslerentzat».

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 30a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek salatu du «euskara eta EHU jomugan» jartzeko interesa dagoela auzitegiek selektibitateari buruz emandako aginduaren atzean. Bilkideak Eusko Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu du, uste baitu «zuzenketa sistema zalantzan» jarri duela. EH Bilduren «gaitzespen irmoa» adierazi du, auzitegiek selektibitatearen auziaren harira hartutako erabakia dela eta.

Izan ere, unibertsitatera sartzeko proban Euskara eta Literatura II ikasgaian ateratako notarekin konforme ez zeudela eta, ikasle batzuek auzitara jo zuten, eta, koalizio subiranistaren iritziz, auzitegiak erantzun «onartezina» eman du, unibertsitatera sartzeko prozeduran nota horiek kontuan ez hartzeko agindu baitio epaile batek EHUri. Arresek adierazi duenez, «zuzentzeko sistema zalantzan» jartzen du horrek, «milaka euskal ikaslerentzat bidegabekeria da, eta aurrekari oso arriskutsua ezar dezake».

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «sortu den zarata arduragabekeria larria da», eta horren atzean «bultzada politikoa» dago. «Burbuila mediatikoaren eta azken orduetan jakin diren erabaki judizialen atzean bultzada politiko argia dago, eta hori guztia bat dator duela hilabete batzuetatik salatzen ari garen euskararen aurkako ofentsibarekin», esan du Eusko Legebiltzarrean. Arresek uste du badirela euskararen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen «aurkako aurreiritzia sortzeko interes handia dutenak». Erantsi du ez euskarak, ez unibertsitate publikoak, ez eta milaka ikaslek ere ez dutela «tratu hori merezi».

Jaurlaritzaren jarrera

EH Bilduko parlamentariari «bereziki kezkagarria» iruditu zaio «Eusko Jaurlaritzaren, Hezkuntza Sailaren eta hura sostengatzen duten alderdien jarrera». Izan ere, «modu arduragabean zalantzan jarri dute USaPeko zuzenketa sistema», haren arabera. «Ez administrazioek, ez komunikabide batzuek, ezta agintari politikoek ere ez lukete zalantza gehiago eragin behar», ohartarazi du Arresek; «alderantziz, Jaurlaritzak hezkuntzaren kalitatea bermatu beharko luke».

«Hezkuntzaren kalitatea bermatzeak euskalduntze eraginkorra eskatzen du nahitaez, Hezkuntza Legeak ezartzen duen bezala, eta hori oraindik ez da erabat gertatzen, batzuk A eredua blindatzen tematu zirelako»

IKOITZ ARRESE EH Bilduko legebiltzarkidea

Eta A ereduaren auziari erreparatu dio gaur egungo egoera azaltzeko. Hezkuntzaren kalitatea bermatzeak «nahitaez, euskalduntze eraginkorra» eskatzen du, EH Bilduk gogoratu duenez: «Hezkuntza Legeak ezartzen du hori, baina gaur egun oraindik ez da erabat gertatzen, batzuk A eredua blindatzen tematu zirelako, eta horrek argi eta garbi Hezkuntza Legearen helburua urratzen du».

Edonola ere, EH Bilduk «erantzukizunez jokatzeko» deia egin die auzian zeresana duten eragile guztiei, «polemika» hori «elikatu ez dezaten»; su hori bizitzeak «kalte baino ez die egingo ikasleei eta euskarari», Arreseren arabera, «erakundeekiko konfiantza zalantzan jartzen duelako, eta profesionalen lana kolokan jartzen duelako, arrazoirik gabe».

Steilasen salaketa

Irakaskuntzako sindikatu Steilasek ere eman du selektibitatearen inguruko auziari buruzko iritzia. «Arazoa ez da soilik diru publikoz finantzatzea aukera berdintasuna bermatzen ez duten eta euskararen normalizazioa oztopatzen duten ikastetxe pribatu eta itunduak», azaldu du sindikatu horrek; «orain, gainera, ikasleen zati ñimiño bati bakarrik eragingo dion arau bat ezarri nahi dute, eta sareen arteko desorekak larriagotu. Ez baita neurri bera hartuko matematika, historia edo bestelako ikasgai bat gainditu ez dutenekin». 

Steilasentzat, ematen den mezua «kezkagarria» da, eta aurrekaria, «zinez arriskutsua». «Emaitzak jakin ondoren arauak aldatzeak egoera zaurgarrian uzten ditu ikasleak. Sistemarekiko konfiantza desagertu egiten da. Euskarak galdu egiten du, euskararen ezagutza eta ikasgaia gainditzea kaltegarria izateraino». Instituzioen aurkako kritika gogorra erantsi du jarraian: «Gutxi batzuen pribilegioak areagotzea ez da onargarria». 

«Emaitzak jakin ondoren arauak aldatzeak egoera zaurgarrian uzten ditu ikasleak. Euskarak galdu egiten du, euskararen ezagutza eta ikasgaia gainditzea kaltegarria izateraino»

STEILAS

Horiek horrela, Steilasek uste du ezen administrazioak, hezkuntza sistemaren «gabeziak» onartu beharrean, «probak zuzentzen dituzten irakasleengan» jarri duela arreta, «haien lana eta profesionaltasuna inplizituki zalantzan jarrita». Arazoak, ordea, «hezkuntza politikan» du jatorria, sindikatuaren ustez, «ez ebaluazio irizpideak aplikatu dituzten zuzentzaileetan». 

Hala, Steilasek ez du «onartuko» hezkuntza sareen arteko desberdintasunen aurrean «pribilegio berriak sortzea, eta are gutxiago euskararen ezagutza falta saritzea». Gaur euskararen balioa «erlatibizatzen bada eta unibertsitatera sartzeko arauak aldatzen badira gutxi batzuen mesedetan», bihar zalantzan jarriko omen da «sistema osoaren sinesgarritasuna».

LABek zuzentzaileak babesteko eskatu du

LABek bi eskaera nagusi egin dizkio Eusko Jaurlaritzari: alde batetik, babes ditzala unibertsitatera sartzeko probak zuzendu dituzten zuzentzaileak; bestetik, ez dezala «elikatu euskararen kontrako oldarraldia».

Sindikatuarentzat «oso larria» da Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Unibertsitate sailburuak izan duten jarrera. Aurreko legegintzaldira arte arazorik ez zen eremu batean arazo bat sortu nahi izatea egotzi dio Eusko Jaurlaritzari. «EHUko egungo errektoretzaren kontrako jarrera politiko argiagatik», LABen arabera.

«Euskara irakasleen kontra egin da. Hezkuntza eta unibertsitate sailek ez dituzte babestu»

LAB

Uste du auzitan jarri dela hezkuntza sistema sistema publikoko euskara irakasleen lana, bai unibertsitatekoena, bai unibertsitatetik kanpokoena: «Euskara irakasleen kontra egin da. Hezkuntza eta unibertsitate sailek ez dituzte babestu». 

LABek salatu du euskara kalifikazio apalekin gertatutakoa «oldarraldi judizial-politiko eta mediatikoaren adibide lazgarria» dela, eta ikasleen aukera berdintasuna urratu dela.

Premiazko eta egiturazko neurriak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari: premiazkoen artean, azterketen zuzentzaileak eta berrikuspen prozedura babestea, eta EHUrekin elkarlanean aritzea; egiturazkoei dagokienez, berriz, baliabideak jartzea eta neurriak hartzea ikasleek DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenean euskarazko B2 maila lortzeko. LABen iritziz, helburu hori lortuko da soilik hizkuntza ereduak desagertzen badira eta euskararen murgiltze ereduan oinarritutako eredu bat ezartzen baldin bada».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA