Egoera nahasia ekarri du A ereduko zenbait ikaslek selektibitateko Euskara ikasgaian nota eskasak ateratzeagatik auzitara jo izanak, betetzeko zaila den agindua eman baitio epaileak Euskal Herriko Unibertsitateari: ikasle horien kalifikazioak aintzat ez hartzeko beren batezbestekoak kalkulatzerakoan, eta haientzat ikaspostuak erreserbatzeko EHUn. Eusko Jaurlaritzak ikaspostu gehiago sortzeko eskatu dio goizean, eta hala erabaki dute arratsaldean.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuarekin bildu da arratsaldean, Donostian, EHUren udako ikastaroen hasiera ekitaldiaren aurretik, «ebazpen judiziala betetzeko modua emango duen formula bat adosteko». Formula hitzartu dute: EHUk ikaspostuak sortuko ditu selektibitateko Euskara eta Literatura II ikasgaian lortutako kalifikazio apalengatik auzitara jo duten 25 ikasleetatik EHUn ikasi nahi dutenentzat. Ez dakite zenbat izango diren, ezta zer ikasketatan ere. EHUk Eusko Jaurlaritzaren baimena behar du halako erabaki bat hartzeko.
Atzera egiteko aukera
Neurri horren helburua gainerako ikasleei kalterik ez egitea eta epaileek agindutako badaezpadako neurriak betetzea da, bi erakundeen arabera. EHUk zehaztu nahi izan du badaezpadako eta behin-behineko neurria dela, eta atzera-buelta izan dezakeela: «Autoek berariaz jasotzen dute unibertsitateak aurkeztutako helegiteek aurrera eginez gero, edo behin betiko epaia kontrakoa bada, ikaspostu hori galduko dutela helegitea aurkeztu duten eta orain ikaspostu bat eskuratzen dutenek».
Neurri hori onartuta ere, EHU autoak betetzeko «modu desberdinak» aztertzen ari da. Uste baitu auto horiek betetzeak talka egiten duela unibertsitatera sartzeko proba arautzen duen dekretuarekin —534/2024 errege dekretua—, berez Euskara eta Literatura II ikasgaiko kalifikazioa ere aintzat hartu behar delako kalifikazio orokorra kalkulatzeko. «Horregatik», EHUren ustez, «egoera horrek aurrekaririk gabeko dilema juridikoa sortzen du». Unibertsitate publikoak eutsi egin die badaezpadako neurrien kontrako helegiteei, eta apelazio helegitea aurkeztuko du.
Bilboko A ereduko —euskara ikasgaia da soilik— bost ikastetxetako hirurogei bat ikaslek emaitza oso apalak lortu zituzten Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketan, unibertsitatera sartzeko proban: ikasle horietako askok 0 eta 2 puntu artean atera zituzten, baina 25 bat dira auzitara jo duten ikasleak, eta, egoera nahasi horri soluzioa emateko aukerak aztertzen hasita, Bengoetxeari galdetu diote Euskadi Irratian ea irtenbide bat izan ote daitekeen ikasketa jakin batzuetan ikaspostu gehiago sortzea. «Aztertu egin behar dugu», erantzun du. Hau da, ez du baztertu, azkenerako, EHUk ikaspostu gehigarri batzuk sortu behar izatea epaileak agindutako erreserbak egin ahal izateko beste ikasleei kalterik egin gabe.
Baina zailtasunak begien bistakoak dira: «Ikaspostuak ezin dira sortu besterik gabe. Eragin ekonomikoak dauzka horrek, eta antolakuntzari begirakoak ere bai». Gainera, errektoreak azaldu du aurrez jakin beharko luketela zenbat ikaspostu sortu behar diren, eta zer gradutan. Endredo handia da, bistan denez.
Autoaren oinarri ustela
Edonola ere, Bengoetxeak argi esan du «egia ez den zerbait» dagoela epailearen aginduaren oinarrian: «Ikasleen anonimotasuna ez da hautsi». Izan ere, Euskaran nota eskasak ateratakoen kalifikazioak aintzat ez hartzeko aginduaren idatzian, epaileak aipatzen du bere ustez badaudela zantzuak ondorioztatzeko ikasleen anonimotasuna urratu zela; hain justu, El Mundo hedabidearen albiste bat baliatu du zantzu horiei erreparatzeko.
«Albiste hori ez da zuzena. Nik literalki esan nuena da ezin dela jakin ikasle bat zein ikastetxetakoa den, eta ez kontrakoa». Bengoetxeak inolako zalantzarik gabe berretsi du edukiari dagokion dekretua goitik behera bete dutela unibertsitatera sartzeko proban. Azalpenak eman dituen batean, adierazi du ikastetxe bakoitzak kode bat duela baina ez dagoela jakiterik ikasleak zer ikastetxetakoak diren, «inola ere ez». Errektoreak esan du ez duela horrelakorik onartzen, «ezta onartuko ere, ez baita egia».
«Albiste hori ez da zuzena. Nik literalki esan nuena da ezin dela jakin ikasle bat zein ikastetxetakoa den, eta ez kontrakoa».
JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea
El Mundo-ren arabera, ekainaren 22ko agerraldi batean, Bengoetxeak onartu zuen unibertsitatera sartzeko azterketaren zuzentzaileek badakitela zer ikastolatakoak, eskolatakoak edo institututakoak diren zuzentzen dituzten azterketen egileak. Auzitegiek ez dute adierazpen hori egiaztatu, baina epaian aztertu beharko dutela diote. Hala ere, artikulu horretan oinarrituta, uste dute azterketen zuzenketa prozesuan agian «urratu egin dela ikasleen eta eskolen anonimotasunaren bermea».
Epaileak baliatu duen albistea, El Mundo-rena, «ez da zuzena», Bengoetxeak salatu duenez, eta hura kautelazko neurriaren «oinarria» dela erantsi du. Are, EITB taldeari ere egotzi dio berak esandakoa «bere osotasunean» ez erakustea orain arte emandako informazioetan. «Zabaldu duten zatiak irudi faltsua ematen du. Azalpen hori eman nuenean ez nuen inolaz ere aipatu anonimotasuna hautsi zela. Azterketak zuzentzean, ez dago jakiterik ikasleak zer ikastetxetakoak diren».
Urteetako prozesua
Horiek horrela, Euskaran nota txarrak ateratakoen auzibideak aparteko egoera sortu du, EHUk haientzako ikaspostuak erreserbatzeko agindua jasotzea eragin baitu. «Auto hori betetzeak gainontzeko ikasleei kalte egitea dakar ezinbestean. Berdintasun printzipioa hausten du, eta horregatik jarriko dugu helegitea; prestatzen ari gara jada», berretsi du errektoreak.
Baina EHUk ba al du modurik epailearen aginduari izkin egiteko? Ez du ematen, Bengoetxeak esan duenari jarraikiz: «Obeditu egin beharko dugu». Eta soluzioa ez da izango ikasle orori unibertsitatera sartzeko probako Euskararen notak kentzea azken batezbestekoa egiteko. «Horrek kalte egingo lieke Euskaran kalifikazio onak atera dituztenei», azaldu du errektoreak. «Sinetsita gaude kalifikazioak zuzenak izan direla. Berrikusi ondoren, puntu erdi baten aldeak baino ez dira egon».
Bestalde, Eneko Etxeberria abokatuak Euskadi Irratian bertan azaldu du EHUk ebazpena bete beharra duela, «azken ebazpena beteko den bermea delako». Hala ere, Etxeberriaren ustez deigarria da epailearen «interbentzionismoa», azterketak egiteko prozesuan esku hartu baitu, eta «akats oso nabarmena» egon beharko luke hartu duen erabakia hartzeko. «Askorik sakondu gabe, iradokitzen du gauzak ez direla behar bezala egin. Aditzera ematen du zenbait ikastetxerekin irizpide zorrotzagoak erabili direla eta hori baztertzailea dela».
Halaber, abokatuaren iritziz, EHUk auzitara jo duten ikasleentzako erreserbak egiten baditu ikaspostu berriak sortu gabe, neurri hori baztertzailea izango da gainontzeko ikasleentzat, argi eta garbi. Eta soluzio posibleetan pentsatuta, Espainiako Ligari erreparatu dio: «Duela urte batzuk, Ligan 22 talde egon ziren, hogei egon beharrean; bigarren mailan geratzekoak ziren bi taldek salaketak jarri zituzten, eta lehen mailako ligan bi ikaspostu gehiago jarri zituzten».
Eta noiz argitaratuko da unibertsitatera sartzeko probaren auziaren azken ebazpena? Prozesu luze baten hasiera baino ez da hau, haren arabera. «Lehen instantziako erabakia hamabi edo hamalau hilabete luza daiteke. Baina helegiteak kontuan hartuz, hiru, lau edo bost urte iraun dezake prozesuak». Eta azken erabakia ikasleen aurkakoa balitz ere, horrek nekez aldatuko luke ezer, ikasketak bukatuta edo bukatzear izango bailituzkete auzitara jo zutenek. «Nola baliogabetuko dizkiote ikasle bati bi edo hiru urtean egindako ikasketak?», galdetu du abokatuak. «Ez zaio inori interesatzen horrelakorik gertatzea, ezta EHUri ere».
Ikasle Kontseilua EHU-ren alboan
EHUko Ikasle Kontseiluak Bilboko epaitegiak eman duen agindua salatu du, «kalte egin diezaiekeelako unibertsitatera sartzeko prozedura zuzen bete duten ikasleei». «Ezin da zuzendu injustizia posible bat beste bat sortuz, eta batzuei babesa eman beste batzuk babesik gabe utzita», esan du Kontseiluak ohar batean. Horiek horrela, ikasleen ordezkaritzaren erakunde gorenak esan du babestu egingo duela EHUk jarriko duen helegitea, eta epaitegietatik jaso duten aginduaren aurka daudela. Bestetik, unibertsitatera sartzeko probako «aukera berdintasuna» defendatu dute; ez dute uste selektibitatea «eredu erabat bidezkoa» denik, baina «denen aukera berdintasuna bermatzeko mekanismo komuna» dela adierazi dute.