Unibertsitatera sartzeko proban Euskara eta Literatura II ikasgaian zero atera eta auzitara jo zuten ikasleei ez dizkiete kalifikazio horiek aintzat hartuko. Bilboko zenbait auzitegik hala erabaki dute, baina EHUk erantzun die ezin duela halako neurririk hartu.
Bilboko A ereduko —euskara ikasgaia da soilik— bost ikastetxetako hirurogei bat ikaslek emaitza oso apalak izan zituzten Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketan: ikasle horietako askok 0 eta 2 puntu artean atera zituzten, eta protestak antolatu. Ikasle horietako batzuen gurasoek auzitara jotzea erabaki zuten: haien seme-alabak unibertsitateetan aurrematrikulatzeko garaian euskara azterketako emaitzak behin-behinean aintzat ez hartzeko eskatu zuten, eta auzitegiek, behin-behinean, onartu dute. Gurasoen helburua da seme-alabek aurrematrikula nahi duten graduan eta unibertsitatean egitea, euskarako nota apalak kalifikazio orokorrean eraginik izan gabe, auzitegiek auziari buruzko behin betiko ebazpena eman arte. Bilboko zenbait auzitegik onartu egin diete badaezpadako neurri hori.
Gurasoek auzibideak abiatu dituzte ez ikasleek zero edo zerotik gertuko kalifikazioak jaso dituztelako, baizik eta uste dutelako «urratu egin dela ikasleen eta haien ikastetxearen jatorriaren anonimotasuna», eta horrek urratu egin duela «zuzenketen objektibotasuna». Prozedura guztia baliogabetu dezatela nahi dute, baita ikasle horiek Euskara eta Literatura II ikasgaian lortutako kalifikazioak aintzat har ez ditzatela ere.
«Kalte konponezina»
Auzitegiek bi arrazoi eman dituzte badaezpadako neurri gisa euskarako kalifikazioa aintzat ez hartzeko. Alde batetik, EHUn aurrematrikula egiteko epea bihar bukatuko delako eta «premiazkoa» delako ikasleek erantzun bat jasotzea. Bestela, aurrerago, epaiak haiei arrazoia emanez gero, ez litzateke «eraginkorra» izango: «Ikasleak nahi duen tokian lekua lortuko ez balu, beste leku batean egingo lituzke ikasketak, eta kaltea konponezina izango litzateke».
Bestetik, El Mundo egunkarian argitaratutako artikulu batengatik. Auzitegiek «zantzu bidezko frogaren hastapen» deitu diote artikulu horretako baieztapen bati: egunkariaren arabera, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ekainaren 22ko agerraldi batean onartu zuen unibertsitatera sartzeko azterketaren zuzentzaileek badakitela zein ikastolatakoak, eskolatakoak edo institututakoak diren zuzentzen dituzten azterketen egileak. Auzitegiek ez dute adierazpena egiaztatu. Epaian baloratu beharko dutela diote. Hala ere, artikulu horretan oinarrituta, uste dute azterketen zuzenketa prozesuan agian «urratu egin dela ikasleen eta eskolen anonimotasunaren bermea».
«Ikasleak nahi duen tokian lekua lortuko ez balu, beste leku batean egingo lituzke ikasketak, eta kaltea konponezina izango litzateke»
BILBOKO AUZITEGIAK
EHUk eta Bengoetxeak berak behin eta berriro esan dute azterketak anonimoak direla, hau da, azterketen zuzentzaileek ez dutela jakiten zein ikasleren azterketa zuzentzen ari diren, ezta zein ikastetxetakoak diren ere, «tratu berdintasuna eta ebaluazioen inpartzialtasuna bermatzeko». Unibertsitateak helegitea aurkeztuko du epaileen erabakiaren kontra. EHUk, gaur arratsaldean zabaldutako ohar baten arabera, uste du erabaki horrek «babesgabe» uzten dituela unibertsitatera sartzeko probara aurkeztu diren gainerako ikasleak, eta «berdintasun printzipioaren» kontrako erabakia dela.
Gainerako ikasleak gogoan
Epaileek EHUri eskatu diote ikasle horien artetik EHUn ikasi nahi dutenei leku bat gordetzeko auzia ebatzi bitartean. Unibertsitateak erantzun du ezin duela halakorik egin, eta badaezpadako neurri hori betetzeak urratu egingo lituzkeela legea eta berdintasun printzipioa: «Unibertsitate publikoak ezin du lekurik gorde unibertsitatera sartzeko ohiko prozeduratik kanpo; izan ere, lekuen esleipena sarbide notaren eta titulazio bakoitzean dagoen leku kopuruaren arabera egiten da, hautagai guztien lehentasun hurrenkera zorrotz errespetatuz».
Bestela eginez gero gainerako ikasleei eragingo liekeela gaineratu du. Eta ikasle batzuek «ondorio konponezinak» jasan ez ditzaten epaileek eskatutako neurriak kalte egingo liekeela azterketa egin duten gainerakoei: «Lekuak esleitzeko ohiko prozedura aldatzeak babesgabe utziko lituzke gainerako hautagai guztiak, eta unibertsitate publikora sartzeko prozesuaren oinarria, berdintasun printzipioa, urratuko luke, pribilegio bereziak emango bailizkieke auzibidea abiatu duten bakanei». EHUk nabarmendu du araudiaren arabera jokatu duela, eta Euskara eta Literatura II ikasgaiko kalifikazioa unibertsitatera sartzeko eta onartua izateko notaren kalkuluaren parte dela, estatuko araudiak ezarritakoaren arabera.
«Autoak berak onartzen du epaileak proposatzen dituen badaezpadako neurriek kontrako epaia jasoz gero, ikasleak unibertsitateko lekua galduko lukeela»
JOXERRAMON BENGOETXEA EHUko errektorea
Oharraz aparte, adierazpenak egin ditu Bengoetxeak. Ohartarazi du unibertsitatera sartzeko edo graduetan onartzeko Euskara eta Literatura IIko nota aintzat hartzen ez bada, nota hori ez dela «erreala» eta beti izango dela «behin-behinekoa». Gainera, orain auzitegiek eskatutako badaezpadako neurriak onartuta ere, gerta daiteke gero unibertsitateak atzera egin behar izatea, errektorearen esanetan: «Autoak berak onartzen du epaileak proposatzen dituen badaezpadako neurriek kontrako epaia jasoz gero, ikasleak unibertsitateko lekua galduko lukeela».
«Ezinezkoa»
Iñaki Picaza da zeroak atera dituzten ikasleen familia batzuen abokatua. Zenbait ikaslek hain kalifikazio apalak jasotzea «ezinezkoa» dela esan dio Eldiario.es webguneari: «Kasu iraingarriak daude: ikasle batzuek, B2 maila edukitzeaz edo EGA ikasteaz gain, curriculum akademiko distiratsuak dituzte, Batxilergoko aparteko sariak jaso dituzte; ezinezkoa da hain kalifikazio apala jasotzea, ikasle batzuk ikasle bikainak direlako euskarako ikasgaian, edo familia euskaldunetakoak direlako».
Ikusi gehiago
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta Bigarren Hezkuntzako irakasleek zuzentzen dituzte unibertsitatera sartzeko probak. Hamabi epaimahaik zuzendu dituzte Euskara eta Literatura II ikasgaiko azterketak. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bi epaimahai eta zuzentzaile bat seinalatu zituen Eusko Legebiltzarrean emandako datuetan: 168 zeroetatik 108 zero 11. eta 12. tribunaletan jarri dituzte, ia hiru zerotik bi (%64,3); 11. tribunalak 80 zero jarri zituen; eta 80 zero horietatik guztiak, bat izan ezik, zuzentzaile batek jarri zituen.
Ikasleek azterketak berrikusteko eskatzeko eskubidea dute. 1.778 ikaslek eskatu zuten Euskara eta Literatura II azterketa berrikusteko. Azterketak berrikusi eta gero, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak emandako azalpenen arabera, «kalifikazio horiek ez dira nabarmen igo, zerotik gertu utzi dituzte notak». Zero kalifikazioa jarri zieten 145 ikaslek eskatu zuten haien azterketak berrikusteko. Beste zuzentzaile batzuek berriro zuzendu zituzten azterketak, eta zero kalifikazioen kopurua 76tik 11ra jaitsi zen. Baina berrikusi osteko kalifikazioa zerotik gertu geratu zen.
Akatsak
Zeroko kalifikazioak auzitan jartzeko erabili duten argudioetako bat izan da azterketa eginez gero oso zaila dela hamarren edo punturen bat ez ateratzea. Hizkuntza azterketetan, ordea, aintzat hartzen dira ikasleen ortografia eta gramatika, eta arlo horietan akatsen bat eginez gero, 0,25 puntu kentzen dira akatseko: lehen akatsa ez da kontuan hartzen, eta akats berbera hainbatetan eginez gero, ez da aldiro zigortzen, behin bakarrik baizik. Gehienez bi puntu kentzen zaizkie guztira. Ikasleek emandako erantzun bat ez bada ulertzen «oinarrizko gabeziak, akatsak...» dituelako, ariketa ez dute ontzat joko; eta koherentzia, kohesio, hiztegi eta gramatika akatsengatik gehienez ere puntu bat ken daiteke. Horretaz gainera, idazlan nagusian, gutxienez 180 hitzekoa izan behar duen horretan, gehienez 2,5 puntu gal ditzakete hitz gutxiegi idazteagatik.
BERRIAk Gipuzkoan selektibitateko euskara azterketak zuzentzen aritu den zuzentzaileetako batekin hitz egin zuen, eta, azterketak zuzendu eta gero, haren ondorioa etsigarria izan zen: «Urte batzuk daramatzat euskara azterketa zuzentzen, eta aurreneko aldia da horrelako azterketa kaskarrak egokitu zaizkidana». Azterketa «oso erraza» zela uste du, baina hark zuzendutako hiru ikasletik batek ez zuen gainditu, eta gainditu zutenen artean ere kalifikazioak apalak izan ziren. Akats ortografikoak baino gehiago, akats gramatikalak ikusi zituen: aditz komunztadura, ergatiboa... «Azterketak zuzentzen dituzunean, haserretu egiten zara. Haiek ere badakite ez dutela gaindituko, ozta-ozta 2 edo 3 bat atera nahi dute».
Ikusi gehiago
Euskara eta Literatura II ikasgaiaren kalifikazioek ika-mika sortu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta EHUren artean. Premiazko bilera egin zuten Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Juan Ignacio Perez Unibertsitate sailburuak eta Bengoetxeak.
Pedrosak, publikoki, Eusko Legebiltzarrean, azalpenak eskatu zizkion unibertsitateari, oraindik azterketak berrikusi osteko kalifikazioak jakin gabe. Zeroko kalifikazioa jaso zuten ikasleen familiak babestu zituen, haien kezka «legitimoa» zela esanez: «Bazituzten elementu objektiboak azalpenak eskatzea justifikatzen zutenak».
Batzorde mistoa
Hezkuntza sailburuak esan zuen «ofizioz» jardun zutela «intzidentzia bat» egon zitekeela jakin bezain pronto, «informazioa lortzeko eta azalpenak exijitzeko»: «Gure jarrera argia izan da hasieratik: ez aurretik epaitu, teknikoki ez tartean sartu, baina ezta beste aldera begiratu ere». Eta horrela jarraituko dutela ziurtatu zuen sailburuak: «Gure konpromisoa argia da: ikasleak babestea, gertatutakoa argitzea eta beharrezko neurriak hartzea, horrelakorik berriz gertatu ez dadin». Epaimahai bakoitzeko kideak ezagutaraztea proposatu zuen Pedrosak.
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek EHUren bizkar utzi zuten unibertsitatera sartzeko azterketak egiteko eta zuzentzeko ardura guztia. EHUk gogorarazi zien probak antolatzeko batzorde misto bat dagoela, eta EHUko bost ordezkarik eta Hezkuntza Saileko beste bostek osatzen dutela. Baita azterketak EHUko irakasleek eta Bigarren Hezkuntzakoek zuzentzen dituztela ere.