EH Bilduk eragileen arteko batasunaren alde egin du Aberri Egunaren biharamunean

Milaka lagun elkartu ziren atzo Iruñean, eta Arkaitz Rodriguezek esplikatu du jendearen arazoei erantzuten ahalegintzea dela koalizio subiranistaren oraingo erronka nagusia. Horretarako, baina, «herri gisa» jarduteko eskaera egin du.

Aberri Eguneko ekitaldi politikoa, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Aberri Eguneko ekitaldi politikoa, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 6a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Arazo batzuek ezin dute itxaron». Eta zerrendatu egin ditu hurrena: «Etxebizitza larrialdiak ezin du itxaron, zerbitzu publikoen indartzeak ezin du itxaron, pentsionistei pentsio duinak bermatzeak ezin du itxaron, eta bizitzaren garestitzeari berehala egin behar zaio aurre». Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidearen erranak dira, atzo Aberri Eguna ospatu ondotik gaur hedabideen aitzinean eginak. Positiboki baloratu du atzoko eguna, eta kontent agertu da Iruñean batutako jende oldearekin, baita Baionan eta Gazte Topagunean elkartutakoarekin ere. «Beste urte batez milaka eta milaka abertzale, independentista eta ezkertiar batzen ikusi ditugu, eta ikusi dugu nola erakutsi duten gure herri zahar honekiko konpromisoa eta determinazioa». Golemetik hasita Antoniuttirainoko bidea manifestazio bat bilakatu zuten atzo, eta ekitaldi politikoa egin zuten gero, Taconera parkean.

Arnaldo Otegi koalizio subiranistako idazkari nagusiak aipatu zuen atzo, eta Rodriguezek ideia bera berretsi du gaur: Euskal Herriak batasuna behar du. «Eskuin muturra jarrera erreakzionarioak zabaltzen eta indartzen ari den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da herri gisa aritzea, eta inoiz baino beharrezkoagoa da herri hau aintzat hartzen duten eragileen arteko batasuna bermatzea, gutxieneko elkarlan bat finkatzea», esplikatu du. Haren hitzetan, «herri hau» ez dago «batasun falta» onartzeko moduan.

Bide batez nabarmendu du EH Bilduk ez duela «minutu bakar bat ere» galduko lehia alderdikoian, eta oraindik ez dela garaia heldu den urteko hauteskundeei begira jartzeko. Izan ere, EAJk ere atzo egin zuen Aberri Egunaren ospakizuna, Bilbon, eta Aitor Esteban  EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak erran zuen hemendik aitzinera hauteskundeei begira jarriko direla jeltzaleak: «Jokoan dago herri fidagarri bat eraikitzea edo konfrontaziorako eta blokeorako espazio bihurtzea».

Rodriguezek onartu du «penatuta» aditu dituela adierazpen horiek, eta ez duela ulertzen zergatik dauden kezkatuago hauteskundeekin jendearen arazoei erantzutearekin baino. «EH Bildu ez da hurrengo hauteskundeetan pentsatzen ari, EH Bildu hurrengo belaunaldietan pentsatzen ari da».

Berriz ere atzoko irudiei so, kontatu du Euskal Herriak «indarra, konpromiso militantea eta determinazioa» duela, eta Iruñean erakutsi zutela badagoela proiektu politiko bat munduan nagusitzen ari den testuinguruaren partez «guztiz bestelako errealitate bat» eraikitzeko. Baina lanean jarraitu behar da oraindik: «Gehiengo sozial zabalaren arazoei erantzun zuzena bilatzen saiatuko gara, eta jarraituko dugu eskua luzatzen parez pare dauzkagun erronka erraldoiei bermeekin aurre egin ahal izateko eta adostasun zabalak erdiesteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA