Aberri Eguna. EAJ

EAJ hauteskundeei begira jarri da Aberri Egunean

Estebanek iragarri du maiatzean ekitaldi handi bat egingo dutela, «indarra eta determinazioa erakusteko». Pradalesek autogobernuaren balioa azpimarratu du, eta errieta egin die «haren garapena oztopatu eta kritikatu dutenei».

Pradales, Irujo eta Esteban, gaur, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Pradales, Irujo eta Esteban, gaur, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 5a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Izan ahal garen guztia aktibatzeko momentua heldu da». Aitor Esteban EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak alderdikideei dei egin die gaur Bilbon, Aberri Egunaren ospakizunean. Datorren urteko hauteskundeei begira jarri, eta esan du orain erabaki behar dutela «herrigintzan jarraitu edo besteei herria desegiten utzi»: «Jokoan dago herri fidagarri bat eraikitzea edo konfrontaziorako eta blokeorako espazio bihurtzea».

Urtero lez, EAJk Bilboko Plaza Barrian ospatu du Aberri Eguna, aurten Aberria bizi lemapean. Estebanena izan da hitzaldi nagusia. Egungo aldi historikoaren garrantzia azpimarratu du, eta iragarri maiatzean ekitaldi handi bat egingo dutela «indarra eta determinazioa erakusteko»; are, «inflexio puntutzat» jo du ekitaldi hori.

«Orain erabaki behar dugu herrigintzan jarraitu edo besteei herri hau desegiten utzi»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea

Horrez gain, Estebanek adierazi du «herri libre bat» nahi dutela «Europa libre batean», jeltzaleak abertzaleak direlako, baina ez dutelako ezberdina den hori gorrotatzen. Gehitu du beharrezkoa dela nolako herria nahi den definitzea, abertzale guztiek ez baitute ikuspuntu bera: «EAJk herri fidagarri bat nahi du, egonkorra, demokratikoa, giza eskubideak bermatzen dituena, solidarioa». 

Estebanek keinuak izan ditu hala diasporako euskal herritarrekin —datorren astean Txilen, Argentinan eta Uruguain izango da— nola gazteekin, eta Koldo Mitxelenaren figura goratu du, «euskararen funtsezko erreferente gisa».  Euskararen legearen inguruan akordio bat egiteko aukera hizpide hartuta, berriz, baikor hitz egin du: «Segurtasun juridikoa eman behar diogu, eta akordioa lortzen ahaleginduko gara azken minutuko azken segundora arte».

Autogobernuaren balioa

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak autogobernuaren balioa azpimarratu du, eta errieta egin die autogobernuaren alde jardun beharrean «haren garapena oztopatu eta kritikatu dutenei»: «Ez dut ulertzen norbaitek euskal herritarrentzat positiboak diren lorpenak gutxiestea edo trabak jartzea. Norbait horrek ez badu autogobernu handiagoa nahi, argi esan dezala».

Azken urteetan lortutako eskumenak eta aurrerapenak zerrendatu ditu, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari exijitu dio hartutako konpromisoak betetzea: «Berdin du Moncloan nor dagoen. Edozein dela ere, behar adina aldiz batzartuko naiz harekin Euskadiren interesak defendatzeko».

Esteban, gaur, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE
Esteban, gaur, Bilbon. JAVIER ZORRILLA / EFE

Oholtzara igotzen lehenbizikoa Maider Irujo EGIko kidea izan da, eta gazteen ikuspuntua eman du. Gaur egun dituzten erronka nagusiak  aipatu ditu —«etxebizitza, hezkuntza, migrazioa eta gure balioen defentsa»—, eta EAJk egiten duen lana txalotu: «Herri honen alde musu truk eta ezer ere espero gabe lan egin zutenen ondorengoak gara, gau eta egun lan egin baitzuten gaur zaintzen dugun eta horrenbeste maite dugun herri hau izateko».

Ekitaldia hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute joan den asteazkenean Basaurin (Bizkaia) hil zuten emakumearen omenez. Txalo zaparrada eskaini diote isilunea amaitutakoan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA