Bizkaiko EH Bilduko bozeramaile Iker Casanovak esan du Santurtziko Udalean «gehiengo alternatibo bat» osatu daitekeela, eta, beraz, alderdien zuzendaritzetan negoziatzen diren akordio «integralei» izkin egiteko aukera dagoela. «Aspalditik aliantzen politika naturalago baten aldeko lana egiten ari gara, mamian eta alderdi etiketetan gutxiago oinarrituta», esan du Casanovak, Bilbon egindako agerraldi batean, eta ohartarazi du Santurtziko udal taldeak izango direla egiten diren itunen erantzule.
Karmele Tubilla alkateak ostegunean eman zuen dimisioa, «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalengatik». Azken udal hauteskundeetan zazpi eserleku lortu zituen EAJk Santurtzin, eta gutxiengoan gobernatzen du udal hori, baina gertu dago EH Bildu, sei zinegotzirekin, eta PSEk, berriz, bost ditu. Elkarrekin Ahal Dugu-ren bi ordezkariek eta PPko bakarrak osatzen dute udal taldea. Casanovak esan du Santurtzin gertatutakoa ez dela kasu bakana, baizik eta EAJren «gobernantza eta administrazio publikoa ulertzeko eredu baten amaiera».
Kromo trukea
Koalizioko Bizkaiko eledunak akusazio gogorrak egin dizkio EAJri. Erakundeak «patrimonializatzea» eta «boterea banatzeko akordioak» bilatzea aurpegiratu die jeltzaleei. «Kromo trukeaz» ere aritu da, atzo Santurtziko Udalaren egoera Trapagarango Udalean dagoenarekin lotu zituzten informazioen ondoren.
Hori horrela, EH Bilduk alkatetzarako hautagaia aurkeztuko du, uste baitute horrek bide emango liokeela «udaleko leihoak irekitzeari». Edonola ere, PSE-EEk dauka giltza, eta dagoeneko EAJrekin negoziatzen ari da, Bizkaiko iturri jeltzaleek esan dutenez.