EH Bilduko eta CUPeko ordezkariek bilera egin dute gaur Bilbon, koalizio subiranistako idazkari nagusi Arnaldo Otegik iragarritako bilera sortaren barruan, eta bi taldeetako kideek bat egin dute lehentasunak zehatzeko orduan: aitortza nazionala eta eskubide sozialen hedapena.
Bi indar independentistek Espainiako eta nazioarteko panorama politikoei erreparatu diete, eta ados daude Espainiako egoera «ezegonkorra» dela. Hala, uste dute garai garrantzitsua dela estaturik gabeko nazioentzat, eta Euskal Herriak eta Herrialdeko Katalanek dituzten erronketan egin dute indar: «Lan asko dago egiteko Euskal Herri eta Herrialde Katalan justuago, duinago eta berdintsuago batzuk egiteko».
EH Bilduren ordezkari gisa, bileran parte hartu dute Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak, Arkaitz Rodriguez Ekintza Politikorako idazkariak eta Igor Zulaika Nazioarteko Politika eta Harremanen arduradunak. CUPen ordezkaritza, berriz, Su Moreno Harreman Politikoen idazkariak, Berta Ramis Antolakuntza idazkariak eta Bali Taberner Ekintza Politikorako idazkariak osatu dute.
EH Bilduk Podemoseko ordezkariekin bilduta ekin zion bilera sortari, udako etenaren aurretik, eta oporretatik bueltan eman dio segida. Koalizio subiranistaren egoitzetatik igaro dira, besteak beste, ERC, BNG, Catalunya en Comu eta Sumar.