EH Bilduk eta EAJk burujabetzan sakondu beharra nabarmendu dute Diadan

Esteban —lehen lerroan— eta Diez Antxustegi —bigarrenean—, JxCko kideekin, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko irailaren 11
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren eta EAJren ordezkaritza bana Bartzelonan da, Diadan alderdi eta eragile independentistei babesa adierazteko. Handik, koalizio subiranistak dei egin du nazio eraikuntzan sakontzeko «herri akordioak» egitera. Jeltzaleek, berriz, nabarmendu dute burujabetzaren defentsak batzen dituela Euskal Herria eta Katalunia, eta gehitu du aurrera egiteko Europara begira jarri behar dela.

EH Bilduren ordezkaritza Igor Zulaika Nazioarteko Politikaren eta Harremanen arduradunak eta Idurre Bideguren senatari eta Mahai Politikoko kideak osatu dute. Katalanei «babesa eta elkartasuna» adieraztera joan dira. Bidegurenek esan duenez, «urte askoan lan eta borroka asko konpartitu ditugu; bai burujabetzaren alde, baita gure kultura eta hizkuntzen alde». Eta gehitu du batak zein besteak badakitela estatuak nola erantzuten duen ere.

Bilkideak nazioarteko eta estatuko testuinguru konplexu eta ezegonkorrari ere erreparatu dio, eta horri «demokrazia gehiagorekin» eta «eraikuntza nazional gehiagorekin» erantzun behar zaiola gehitu du: «Gure nazioak indartuz etorriko dira dauzkagun arazoentzako erantzunik onenak». Bide hori jorratzeko «herri akordioek» izan dezaketen garrantzia nabarmendu du, eta Kataluniako alderdiak animatu ditu bide hori jorratzera.

EAJk, berriz, goi mailako ordezkaritza bat bidali du Bartzelonara. EBBko presidente Aitor Estebanek eta zuzendaritzako kide eta Eusko Legebiltzarreko eledun Joseba Diez Antxustegik egin dute bidaia. Alderdiko buruak uste du Euskal Herriko eta Kataluniako auziek euren berezitasunak dituztela, baina «antzeko arazoek» eta «nazio sentimendu batek» batzen dituztela biak: «Subiranotasunaren defentsak eta erabakitzeko gaitasunak». Begirada nazioartera ere zabaldu du, esanez Euskal Herritik eta Kataluniatik arreta berezia jarri behar dela Europaren geroan, Espainiako Estatuan jartzen denaren tamainakoa edo handiagoa. «Europa ezerezean gera ez dadin, derrigorrezko du indartzea, eta hor euskal eta kataluniar nazioek beren tokia bilatu behar dute», zehaztu du.

Iragarri bezala, EAJk Junts per Catalunya taldearen ordezkaritzaren barruan parte hartu du Rafael Casanovaren omenezko monumentuan egindako lore eskaintzan. Independentzia prozesuak eragindako panorama gorabeheratsuaren ostean, azken urteetan EAJren eta JxCren arteko harremanek hartutako bidean beste urrats bat izan da, sei urte baitziren EBBko presidente bat Diadako ekitaldietara joaten ez zela. Are gehiago, Convergencia zenaren esparru politikoa bitan banatu eta gero, jeltzaleek PDeCATekin ospatu zituzten Kataluniako egun nazionalak 2022ra arte; alderdi hura 2023ko urrian desegin zen.

Hain zuzen, 2023ko irailean ekin zion EAJk Diada JxCren ordezkaritzarekin ospatzeari, eta bi alderdien arteko harremanetan aurrerapauso bat irudikatu zuten handik egun gutxira: EBBko presidente ohi Andoni Ortuzarrek bidaia bat egin zuen Waterloora (Belgika), Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta JxCko buruarekin biltzeko.

Ikasteko

Gure Esku-k ere babestu ditu gaurko mobilizazioak. «Besarkada bat Kataluniako herriari bere egun nazionalean. Beti eskutik gure nazioen subiranotasun osora iristeko bidean», adierazi dute sare sozialetan. Plataformako ordezkariak arratsaldean ANCk eta Omnium Culturalek antolatutako manifestazioan egongo dira. Goiza, berriz, zenbait eragilerekin biltzeko baliatu dute, «esperientziak partekatzeko, elkarrengandik ikasteko eta sinergiak sortzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.