Euri zaparradek kolokan jarri dituzte Diada eguneko mobilizazioak; ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Cultural erakunde zibil subiranistak, ordea, mobilizazioei eutsi diete. 17:14an abiatu dira, eta, azkenerako, atertu du. Hori bai, azken urteotan gero eta jende gutxiagok bete dituzte kaleak, eta horren erakusle izan da gaurkoa; euririk ez Katalunian, ezpada zirimiria. Kopuruak gorabehera, Lluis Llach ANCren presidenteak nabarmendu du herritarrek ez dutela beren «borondatea» alde batera utziko, eta Kataluniaren etorkizunarekin duten «konpromisoak» independentziara hurreratu besterik ez dituela egingo: «Ez dago atzera-bueltarik». Katalanaren defentsa izan da Llachen diskurtsoko beste zutoinetako bat.
Kataluniako egun nazionala dute gaur, eta hiru manifestazio antolatu dituzte gaurko. Udaltzaingoak emandako datuen arabera, orotara 41.500 lagun bildu dira horietan: Bartzelonan, 28.000 manifestarik egin dute Pla de Palautik Rambletarako ibilbidea —iaz 60.000 izan ziren—; Gironan, berriz, 12.000 juntatu dira, iaz halako bi; eta Tortosan, 1.500, mossoen arabera. Ramblak pasealekua mela-mela eginda utzi dute herritarrek, eta «independentzia» eta «urriaren 1a ez dugu ahaztuko, ezta barkatuko ere» oihukatu dute Llachek manifestazioari amaiera emateko eman duen hitzaldian. ANCk, bere aldetik, adierazi du 100.000 lagun bildu direla hiru mobilizazioetan.
Hain zuzen, ANCko presidenteak adierazi du Katalunian «estatu kolpe judizial bat» indarrean dagoela 2017az geroztik, urte hartako urriaren 1eko erreferendumari erreferentzia eginez. Eta kalera ateratzeko arrazoi gehiago ere izan dituzte, inoiz baino gehiago, gainera, Diada honetarako leloak dioen bezala: Més motius que mai. Independència. Izan ere, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ebazpen bat kaleratu zuen atzo, zeinaren bidez partzialki baliogabetu zuen Generalitatearen dekretu bat, iaz onartutakoa: hezkuntzan katalana komunikazio hizkuntza izatea bermatzen zuena, hain zuzen. Erabaki hori salatu du Llachek: «Beste behin, [auzitegi horrek] politika egin du Kataluniaren kontra. Erakundeei exijitzen diegu ez diezaiotela utzi epaile obsesionatu bati gure eskolak dinamitaz leherrarazten». Eta, epaileen «inposizioak» ikusita, argi utzi du katalanek desobedientzia zibikorako «eskubidea eta obligazioa» dutela, herrialdearen kontrako «eskubide urraketak etengabeak, prestatuak eta eskandalagarriak» direlako, haren iritziz: «Ezein epailek ez digu zertan esan zein hizkuntzatan hitz egin, ezta zein eskola eredu eduki».
Bestalde, Diadako ekitaldiak baliatu dituzte JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Esquerra Republicanak, independentziaren alde lan egitera deitzeko. JxCren idazkari nagusi Jordi Turullen esanetan, Kataluniak «premiazkoa» du estatu propio bat; Oriol Junqueras ERCren liderrarentzat, «anbizio nazionala» eduki beharko luke Kataluniak. Ekitaldi instituzional nagusietako bat da goizean alderdiek, instituzioek eta entitate zibilek egiten duten lore eskaintza Rafael Casanovaren omenezko oroitarrian, Bartzelonan. Horretan parte hartu ondoren hitz egin dute hedabideen aurrean bi indar subiranista nagusien buruzagiek.
Turullek gogoan izan du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak katalanari emandako kolpea: «[Estatua] Edozertarako prest dago nazioaren muinari eraso egiteko; katalana da hori», ohartarazi du Turullek. Carles Puigdemont alderdiaren liderra ere izan du gogoan —Generalitateko presidente ohi (2016-2017) erbesteratua— , zeinari ez dioten Amnistia Legea aplikatu, oraindik indarrean delako Auzitegi Gorenak haren kontra emandako atxilotze agindu bat. «Hori aintzat hartuta, ezin dugu amore eman. Beraz, konpromiso handiagoa behar dugu katalanok U-1ean [2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma] hasitako lana amaitzeko».
Junquerasen iritziz, «bi kausa» bateratu behar dira. Batetik, haren hitzetan, independentziaren eta errepublikaren aldeko borroka; eta, bestetik, onura ekonomikoaren eta justizia sozialaren aldekoa. Azpimarratu du ERC «beti» borrokatzen dela «bi fronte» horietan.
Subiranistek gehiengo osoa galdu dute Kataluniako Parlamentuan, eta iaztik PSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak agintzen du Generalitatean. Gobernuaren bozeramaile Silvia Panequek ere hitz egin du lore eskaintzaren ondoren, eta, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena gogoan, esan du katalanak «kohesionatzeko» balio duela. Salvador Illa Generalitateko presidenteak iragarri zuen atzo helegitea jarriko diotela auzitegi horren epaiari.
Eta, ohi bezala, Kataluniako Gobernuko presidenteak Diada bezperako diskurtso instituzionala eman zuen atzo gauean Generalitatearen jauregian, eta, besteak beste, adierazi zuen «energia» biltzeko garaia dela, Kataluniak helburu izan dezan «arrakasta» lortzea «legezko markoaren barruan». Era berean, eta prozesu subiranista hizpide hartuta baina hari erreferentzia egin gabe, «aurrera» begiratzeko eskatu zuen, eta katalan gehienek hori nahi dutela nabarmendu. Generalitatearen CEO Iritzia Ikertzeko Zentroak urteko bigarren barometroa kaleratu zuen uztailean, eta, horren arabera, katalanen %40 daude independentziaren alde, eta %52 kontra.
ANCren manifestuaren arabera, Espainiako Estatuak Katalunia «gorrotatzen» du, espoliatu egiten du eta, gainera, desagerrarazi egin nahi du «herri gisa». Eta hori guztia ikusita, Kataluniako politikariei leporatzen die jarrera «otzana» edukitzea, eta «konfrontazio demokratikorik» ez sortzea. Adibideak eman ditu: «Katalana kea da Europan; Rodaliesen [Kataluniako aldiriko trenak] zerbitzuen eskumena aldaketa, txantxa bat; eta finantzaketa eredua kontzesioz mozorrotutako broma bat».
Jada ez dira masiboak
Diadako mobilizazioak masiboak izan ohi ziren 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurreko urteetan, baita ondorengoetan ere, pandemiaren aurretik. 600.000 eta milioi bat pertsona artean bildu ohi zituzten, batez beste, datu ofizialen arabera. Baina azken urteotan nabarmen egin du behera. Independentismoa ez dago bere onean. Iaz, aspaldiko partez, gehiengoa galdu zuen Kataluniako Parlamentuan. Herritar multzo batentzat ere sinesgarritasuna galdu du, prozesu subiranistaren urteetan plazaratutakoak eta gero gertatutakoak aintzat hartuz gero. Gainera, Kataluniako bi indar independentista nagusiek, JxCk eta ERCk, mokoka jarraitzen dute, ohi bezala.
Eta aurrenekoak Aliantza Katalana alderdi islamofoboaren hatsa nabaritzen du garondoan. CEOren azken barometroaren arabera, Silvia Orriols buru duen alderdiak orain baino zortzi aulki gehiago lortuko lituzke Kataluniako parlamentuan —bitik 11ra—, eta Carles Puigdemonten alderdiak bost-zazpi artean galduko lituzke —35etik 28-30era—.