Donostiako Udalak aurreko astean jakinarazi zuen bat egin duela Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren irizpidearekin, eta udaltzainek atxilotutako herritarren jatorria argitaratzeko agindua eman zuen Jon Insausti alkate jeltzaleak. Kontra azaldu zaizkio, baina, udaleko talde gehienak, PSE bazkidea barne. Gaurkoan, EH Bildu eta Elkarrekin Ahal Dugu izan dira atzera egiteko eskatu diotenak. «Eskatu diogu ez hauspotzeko eskuinak eta ultraeskuinak erabiltzen dituzten diskurtsoak eta ezarri nahi dizkiguten markoak», esan du Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak.
Insaustik erabakiaren inguruko azalpenak eman behar izan ditu udaleko Herritarrentzako Zerbitzuen batzordean, Elkarrekin-ek hala eskatuta. Han esandakoek, baina, ez dituzte ase erabakiaren kontra dauden taldeak. Agerian geratu da hori EH Bilduko eta Elkarrekin-eko ordezkariek hitz egitean. Hala esan du Izagirrek: «Alkatea ez da gai izan kontu sinple bati erantzuteko: zer onura ekarriko dizkion neurri honek Donostiari».
EH Bilduko eledunak adierazi du are kezkatuago daudela azalpenak entzun ostean. Segurtasuna eta migrazioa nahastu izana, «eskuinak eta ultraeskuinak duten diskurtsoarekin» bat egitea eta «estigmatizazioa eta arrazismoa» bultzatzean leporatu dio Insaustiri: «Ez dago datu zientifikorik irizpide aldaketa hau babesten duenik, eta agerian gelditu dira EAJren inprobisazioa eta estrategia elektoralista».
Iritzi berekoa da Elkarrekin Ahal Dugu-ko eledun Victor Lasa ere. Nabarmendu du Insaustik ez duela «irizpide objektibo» bakar bat ere aipatu neurria zergatik hartu duen azaltzeko, eta aurpegiratu dio segurtasun eta elkarbizitza arloetan izan ditzakeen eraginei ez erreparatzea. Azaldu duenez, «prebentzioa» izan da erabilitako argudio bakarra.
Era berean, Elkarrekin-eko kideak gogoratu du PP dela EAJrekin bat egin duen udal talde bakarra, eta azpimarratu du «etxegabeak, migrazioa eta delinkuentzia» lotuz babestu duela neurria. Haren esanetan, Alderdi Popularraren xedea Voxi hauteskundeetan aurrea hartzea da, «xenofobia kapitalizatuz», eta uste du «borroka elektoral» horretara batu direla jeltzaleak ere: «Tristea da EAJ segurtasunaren inguruko eztabaida faltsu horretan ikustea».
Atzera egiteko eskaera
Horiek hala, EH Bilduk eta Elkarrekin-ek atzera egiteko eskatu diote alkateari. Izagirrek galdegin dio neurri «populistak» baztertu eta «kontsentsu zabalen» bidea hartzea. Lasak, berriz, ohartarazi dio bere alderdia «aurrez aurre» izango duela neurriak iraun bitartean. Argudiatu du eztabaida ez dela segurtasunaren ingurukoa, «herritarren eskubideen eta duintasunaren» ingurukoa baizik, eta jatorriari begiratu beharrean irizpide sozioekonomikoei begiratzeko eskatu du: «Horiek bultzatzen dute pertsona bat delituak egitera».
Aurrez, PSE-EEren udaleko eledun Ane Oiarbidek ere kritikatu zuen «alkatearen erabakia». Argi utzi zuen sozialistek ez dutela bat egiten neurriarekin, «aurreiritziak indartzen» eta «immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura okerrak elikatzen» dituelako. Udal gobernuaren esanetan, baina, «eboluzio natural» bat da informazio hori plazaratzea: «Gardentasun ariketa bat da».
UPN-ren proposamena
Nafarroako Parlamentuan ere eztabaidarako auzia da atxilotuen jatorriaren ingurukoa. UPNk lege proposamen bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuak hiruhileko bakoitzean atxilotutako herritarren jaioterriaren berri eman dezan, eta EH Bilduk gogor egin du haren kontra. «Hori ez da gardentasuna, seinalatze kolektiboari eta jatorria susmopean jartzeari atea irekitzea da», esan du Mikel Zabaleta parlamentariak. UPNko Javier Esparzak, baina, beren jarrera berretsi du, eta gehitu ez duela onartuko EH Bilduk «askatasunari eta eskubideei buruzko eskolak» ematea.