Urte politikoaren hasierari ekin diote abuztuko azken aste honetan, eta EH Bilduk gogotsu heldu dio. Astelehenean ERCko ordezkariekin elkartu ziren, eta gaur Mes per Mallorca alderdikoekin bildu dira. Bi bileretan ere gai bera izan dute hizpide: Espainiako Estatuko egoera politikoa eta hari eman beharreko erantzuna. Bide horretan, alderdien arteko lankidetza indartu nahi dute, «gaur egungo egoera politikoaz jabetuta eta etorkizunak ekar ditzakeen eszenatokiei aurre egiteko prest».
Ohar bateratu bat plazaratu dute EH Bilduk eta Mesek, eta, azaldu dutenez, Espainiako eta nazioarteko egoera aldakorrak «arrisku batzuk» dituen arren, badira ere «erronkak eta aukerak» indar subiranistentzat. Hala, uste dute bi alderdiek aniztasuna ordezkatzen dutela, eta hori «giltzarri» dela «erreakzio autoritarioari» aurre egiteko.
Mes per Mallorca koalizio zabalago baten parte da Balear Uharteetan: Ara Mes. Hala, oharrean, bi aldeek azpimarra egin dute «fronte zabalak» eraikitzeko egiten ari diren lanean: «Lan egiteko berme eraginkor bat da».
Gainera, EH Bilduren eta Mes per Mallorcaren arteko hartu-emana ez da berria. Harreman «estu eta iraunkorra» dute, azaldu dutenez. Izan ere, 2024ko Europako Parlamenturako bozetara batera aurkeztu ziren, ERCrekin eta BNGrekin, Orain Errepublikak koalizioan. Espainiako Kongresuan, berriz, Sumar koalizioaren parte da Mes.
Gaur azaldu dutenez, bien arteko lankidetza hori indartu nahi dute aurrera begira: «Gure herrien burujabetzaren alde eta klase herritarraren eta lurraldearen defentsan aurrera egiteko».
EH Bilduren partetik, koalizioko idazkari nagusi Arnaldo Otegi, Harreman Politikoetarako idazkari Gorka Elejabarrieta eta Antolakuntza idazkari Sonia Jacinto izan dira bileran. Otegi eta Elejabarrieta asteleheneko batzarrean ere izan ziren; Jacintok, berriz, Idurre Bideguren Mahai Politikoko kidearen lekua hartu du.
Mes per Mallorcaren izenean, Maria Ramon Antolakuntza idazkaria, Viçenc Vidal Espainiako Kongresuko diputatua eta Antoni Trobat alderdiko Nazioarteko Harremanen arduraduna bertaratu dira Donostiara.