Sumar Mugimenduko eta Catalunya en Comu-ko ordezkariak hartu ditu EH Bilduk bilera banatan, Bilbon, urte politikoaren hasieran alderdiekin egiten ari den bilera sortaren barruan. Aurrez ERCko eta Mes per Mallorcako kideekin egin moduan, Espainiako egoera politiko «ezegonkorra» eta munduan zehar zabaldu den testuinguru «nahasia» izan dituzte hizpide gaur ere mahaiaren bueltan, eta baita horri eman beharreko erantzuna ere. Ildo horretan, nabarmendu dute beharrezkoa dela indar aurrerakoi eta eraldatzaileen arteko lankidetza sendotzea, «olatu erreakzionarioari» aurre egiteko.
EH Bilduk eta Sumar Mugimenduak ohar bateratua plazaratu dute bien arteko bileraren ostean, eta berretsi «gizarte berdinzaleago, justuago eta duinago bat» eraikitzeko konpromisoa dutela. «Ados gaude politika publikoak sendotzen jarraitzeko eta eskubide sozialen eta nazionalen zabalkundean aurrera egiteko beharrarekin», adierazi dute.
Izan ere, azpimarratu dute gaur egun Espainian eta munduan zabaldu den testuinguru politikoa ez dela haiek nahiko luketena; are, gero eta indar handiagoa hartzen ari den «olatu erreakzionarioari» aurre egin beharra azpimarratu dute: «Erantzuteko prest gaude», jakinarazi dute. Bide horretan ezinbestekotzat jo dituzte, ordea, ezberdinen arteko lankidetza areagotzea, nazio aniztasunaren aitortzan urratsak egitea eta «langile eta herri klaseentzako politikak» garatzea.
Bide horretan, EH Bilduk eta Catalunya en Comu-k adostutako oharrean, nabarmendu dute egungo erronkei erantzuteko konpromisoa dutela: «Ezberdinen arteko elkarrizketa sendotzearen aldeko apustua egiten dugu, baita etorriko den egoera politikoari erantzutearen aldekoa ere».
Hain zuzen, bi alderdiek adierazi dute «ezkerretik eta eraldaketaren bitartez» egin behar dela gizarte justuago bat eraikitzeko bidea. Hala, ezegonkortasun politikoari aurre egiteko, lehentasuntzat jo dute «estatu plurinazionalaren aitortzan urratsak egitea, politika publikoak sendotzea eta eskubide sozial eta nazionalak zabaltzea».
Bi bileretan, EH Bilduk ordezkaritza bera izan du. Koalizioko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, Harreman Politikoetarako idazkari Gorka Elejabarrietak eta Antolakuntza idazkari Sonia Jacintok parte hartu dute. Sumar Mugimenduaren izenean, berriz, Bilbon izan dira Lara Hernandez koordinatzaile nagusia, Laura Moreno Antolakuntza eta Herri Proiektuaren idazkaria eta Lander Martinez Modernizazio eta Erronka Teknologikoetarako idazkaria. Eguneko bigarren bileran, Gemma Tarafa eta Candela Lopez koordinatzaile nagusiak eta Gerardo Pisarello Espainiako Kongresuko diputatua izan dira Comu-koen ordezkariak.