Euskotrenen Txorierriko 3. lineako geltokiren bat Loiuko aireportuarekin (Bizkaia) autobus bidez lotzea proposatu du EH BIlduk. Koalizioak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zerbitzu horri buruzko bideragarritasun azterlana egiteko. Eskaeraren xehetasunak azaldu dituzte gaur Karlos Renedok, Bilboko Udaleko zinegotziak, eta Amancay Villalbak, Eusko Legebiltzarreko ordezkariak.
Bizkaitar askorentzat zaila da aireporturaino zerbitzu publiko bidez heltzea, Renedoren arabera: «Zerbitzua oso urria da bizkaitar eta bilbotar askoren beharrei erantzuna emateko». Zehaztu duenez, sarri Bilboko Intermodalean pilaketak izaten dira, eta erabiltzaile asko kanpoan geratzen dira; ondorioz, pertsona askok joan-etorria ibilgailu pribatuan egitea erabakitzen dute. «Horrek agerian uzten du aireportura heltzeko garraio publikoa hobetu behar dela».
Horren harira, azaldu dute Txorierriko 3. lineako geltokiren bat «ezin hobea» izango litzatekeela aireporturako autobus zerbitzu bat jartzeko. «Geralekuren batetik aireporturaino errepidetik joanda, bost minutu besterik ez dago», nabarmendu du Villalbak. Besteak beste, Sondikatik, Asuatik eta Deriotik pasatzen da trena. Beraz, autobus bidezko lotura zerbitzu batek erraz konekta ditzake tren geltokia eta aireportua, eta bizkaitar eta bilbotar askoren bidaiak erraztu ditzake, koalizioak azpimarratu duenez.
Eusko Legebiltzarrean egindako legez besteko proposamen baten bidez, EH Bilduk eskatu du Euskal Trenbide Sareak azterketa egin dezala, Bilboko Udalaren parte hartzearekin, eta elkarlanean zehaztu dezatela zein den lotura autobusa ezartzeko trenbide geltokirik onena. Azterlana aldekoa bada, legegintzaldi hau amaitu baino lehen egitea proposatzen dute, hau da, 2028a baino lehen ezartzea.