Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «bideratutzat» jo zuen atzo txerto iraungien krisia. Pello Otxandiano EH Bilduko eledunak, ordea, ez du uste hori horrela denik. «Krisi egoera ez dago konponduta», adierazi du. Are, Martinez egin du horren erantzule, «gaur-gaurkoz ez baita gai izan esateko zehazki zerk huts egin duen Osakidetzan». Otxandianoren ustez, hori jakitea izango litzateke arazoa konpontzeari lehentasuna emateko lehenengo pausoa.
Erlazionatuta
Eusko Legebiltzarreko urteko lehen osoko bilkura hasi baino lehen egin ditu adierazpenak EH Bilduko bozeramaileak. «Oraindik badago larria izan daitekeen gaixotasun baten aurrean babesik gabe dagoen jendea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila ez baita gai izan fidagarritasun osoz esateko zenbat jenderi eman dizkioten txerto iraungiak».
«Osakidetzan zegoen egoerari buruz herritarrek duten pertzepzioa aldatzen saiatzen aritu da Jaurlaritza»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko bozeramailea
Otxandianoren ustez, krisi horrek «osasun sistema publikoaren inguruko zalantzak» eragin ditu jende askorengan. Hain zuzen, Osakidetzaren egiturazko egoera «duela bi urteko bera» dela kritikatu du: «Osakidetzan zegoen egoerari buruz herritarrek duten pertzepzioa aldatzen saiatzen aritu da Jaurlaritza».
Javier de Andres Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentea ere zalantzez mintzatu da. Aitortu duenez, bere alderdiak «zalantza asko» ditu gertatutakoaren inguruan. Haren ustez, «arrazoi asko dago pentsatzeko ez direla kasu bakan gutxi batzuk izan, hasieran esan zen baino arazo handiagoa baizik». De Andresek Osasun Saila egin du egoeraren erantzule.