Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta da, eta ez da haiei begirako inkestarik falta azken egunetan. Ez dira horrenbeste, baina, propio Hego Euskal Herriari begira egindakoak. Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Kongresurako boto aurreikuspenak aztertu ditu zehazki. Haren arabera, EH Bildu litzateke lehen indarra Bizkaian eta Gipuzkoan, eta PSE-EE Araban. Koalizio subiranistak zazpi eserleku eskuratuko lituzke hiru lurralde horietan, sozialistek bost, EAJk lau eta PPk bi. Hau da, koalizio subiranista hirugarren indarra izatetik lehena izatera igaroko litzateke, bi eserleku gehiagorekin; jeltzaleei kenduko lieke bat, eta Sumarri bestea.
Inkestek momentuko argazkiak erakusten dituzte; kasu honetan, urriaren 20tik 23ra bitartekoa. Beraz, ez ditu kontuan hartzen, besteak beste, Toledon (Espainia) jaso berri den tren istripuak izan ditzakeen ondorioak. Halere, azken hauteskundeekin alderatuta, aldaketa nabarmenak dakartza Soziometroak. Orduan, Alderdi Sozialista izan zen lehen indarra EAEn (botoen %25,3), EAJ bigarrena (%24) eta EH Bildu hirugarrena (%23,9), batetik besterako tarte estuarekin. Inkestaren arabera, baina, ordena aldatzeaz gain, aldeak ere zabalduko lirateke azaroko hauteskundeetan. EH Bilduk botoen %29,1 eskuratuko lituzke, PSE-EEk %24,7 eta EAJk %21,7. Beraz, koalizio subiranistak bost puntutik gorako igoera izango luke, eta beste bi indarrek atzera egingo lukete; jeltzaleen kasuan, bi puntu baino gehiago.
Mugimendu horien oinarri nagusia Bizkaian dago, inkestaren arabera. Lurralde hartan, EH Bilduk irabaziko lituzke hauteskundeak lehen aldiz, eta gorakada nabarmen batekin. 2023ko bozetan hirugarren indarra izan zen, botoen %20,6Â eskuratuta. Oraingoan, Soziometroak bost puntutik gorako igoera aurreikusten du koalizioarentzat (%25,9). Hain zuzen, lehen postu horrek emango lioke lurralde hartan hirugarren eserleku bat; orain arte Sumarrek zuena. Halere, gertu lituzke Alderdi Sozialista eta EAJ. Lehenak botoen %25 (-0,8) eskuratuko lituzke, eta bigarrenak %24,7 (-2,2). Bi indar horiek egun duten ordezkaritzari eutsiko liokete lurralde hartan.
Beraz, jeltzaleek Gipuzkoan galduko lukete egun Kongresuan dituzten bost eserlekuetatik bat, eta horrekin batera euren kabuz Kongresuan talde propioa izateko aukera. Lurralde hartan, hirugarren indarra izan ziren 2023an, botoen %22,6rekin, eta Soziometroaren arabera, postu horretan mantendu eta beste 2,3 puntu egingo lukete behera. Jeltzaleek galduko luketen ordezkari hori EH Bilduk irabaziko luke; inkestak 5,7 puntuko igoera (botoen %36,9) aurreikusten du koalizio subiranistarentzat. PSE-EEk, berriz, bere horretan eutsiko lioke: botoen %22,8 (-0,5) eta bi eserleku.
Araban, berriz, aldaketarik ez eserleku banaketan. Lau ordezkari soilik aukeratzen dituzte lurralde hartan, eta azken bozetan eman zen banaketa aldatzeko lurraldeko lau indar nagusietako batek beste baten boto kopurua bikoiztu beharko luke. Soziometroak, baina, ez du halakorik aurreikusten, eta 2023ko ordena berean kokatu ditu: Alderdi Sozialistak botoen %27,9 eskuratuko lituzke (+0,2), EH Bilduk %23,7 (+4,2), PPk %19,7 (+2) eta EAJk %15,1 (-1,5).
PP eta Vox, biak gora
Hain zuzen, hiru lurraldeei erreparatuz gero, Espainiako eskuineko alderdiak dira, EH Bildurekin batera, botoen ehunekoan gora egingo luketen bakarrak. Alderdi Popularrak botoen %12,6 eskuratuko lituzke EAEn, azken bozetan baino puntu bat gehiago; eta Voxek %4,8 —2023an, %2,6 bereganatu zituen—. Igoera horrek, baina, ez lioke bloke horri beste ordezkari bat lortzeko aukerarik emango. PPk bere biei eutsiko lieke; Arabakoaz gain, ordezkari bat du Bizkaitik.
Kontrara, boto galera nabarmenena Espainiako ezker konfederalak izango luke. Bananduta aurkezteko erabakiaren ostean, Soziometroak aurreikusten du Fronte Zabalak botoen %4 eskuratuko lituzkeela, eta Ahal Dugu-k %1,5 besterik ez. Kopuru horiek Voxen atzetik eta ordezkaririk lortzeko aukerarik gabe utziko lituzke bi alderdiak —Bizkaian bat lortu zuten 2023an—.
EH Bildu, «zuhurtziaz»
EH Bildu izan da aurreikuspen horien balorazio azkar bat egiten lehenetakoa, eta «zuhurtziaz» jokatu behar dela adierazi du: «Inkesta guztiek dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, nolabaiteko asmo edo interes jakin bat». Halere, uste dute «agerikoa» dela koalizioaren hazkunde joera estrukturala dela. Horiek hala, adierazi dute herritarrek erabakiko dutela EH Bildu lehen indarra izango den edo ez, eta eurak horretarako lanean ari direla, beste batzuk «urduri» eta kanpainaurrea «lokazten» ari diren bitartean.
SEnatariak, EH bildurentzat eta PSE-fronte zabalarentzat
Soziometroaren inkesta Kongresura begirakoa da, baina emaitza horiek Senaturako bozetara estrapolatuko balira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EH Bildu eta Alderdi Sozialistak eta Fronte Zabalak osatutako koalizioa lirateke ordezkaritza eskuratuko luketen indar bakarrak. Senaturako hauteskundeetan alderdiak bozkatu beharrean hautagaiak bozkatzen dira; gehienez, hiru. Normalean, lehen indarrak hiru eserleku eskuratu ohi ditu, eta bigarrenak bat. Halere, hautesleek aukera dute indar ezberdinetako ordezkarien alde egiteko edota hautagaitza bereko kide guztiak ez babesteko, eta horrek aldaketak ekar ditzake..
Â