EH Bilduk irabaziko ditu Espainiako Gorteetarako bozak Hegoaldean, EITB Focusen arabera

Inkestaren arabera, subiranistek eserleku bat gehiago lortuko dute, eta jeltzaleek ere bai, PSE-EEri bat eta Sumarri beste bat kenduta. Eskuin muturrak ez du eserlekurik lortuko, baina nabarmen gora egingo du.

Mertxe Aizpurua, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduren eleduna Espainiako kongresuan, artxiboko irudi batean. CHEMA MOYA / EFE
aitor biain
2025eko urriaren 1a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen inguruko inkesta kaleratu du EITB taldeak, EITB Focus, eta, haren arabera, EH Bildu izango da lehen indarra Hego Euskal Herrian. Ondorioztatu dutenez, subiranistek gora egingo dute botoetan eta eserleku kopuruan, 2023ko bozekin alderatuz gero. Hala, inkestan iragarritakoa beteko balitz, ordezkari bat gehiago lortuko lukete Espainiako Kongresuan: zazpi guztira. EAJk ere ordezkari bat gehiago lortuko luke. Kontrara, PSOEk eserleku bat galduko luke. PPk eta UPNk egungo ordezkariei eutsiko liekete. Sumarrek, berriz, daukana galdu, eta ez luke ordezkaritzarik lortuko, ezta Voxek ere.

Gizaker etxeak EITBrentzat eginiko inkestaren arabera, bozetan aldatu egingo da Hego Euskal Herriko boto joera. Izan ere, duela bi urte sozialistak izan ziren Hegoaldeko lehen indarra botoetan eta diputatu kopuruan. Hauteskundeak gaur egingo balira, ordea, behera egingo lukete lau herrialdeetan. Gipuzkoan, gainera, eserleku bat galduko lukete, EH Bilduren mesedetan. Hala, zazpi ordezkari izateari utzi, eta sei izango lituzkete.

Galdeketaren arabera, EAJk ere sei ordezkari lortuko ditu, 2023an baino bat gehiago, eta Bizkaian lortuko du eserleku hori. Jeltzaleek gora egingo dute boto kopuruan ere. Ondorioztatu dutenez, Geroa Baik ere zertxobait hobetuko du boto asmoa, baina ez du eserlekurik lortuko. Aldiz, Sumarrek behera egingo duela aurreikusi dute: lau puntu eta erdi behera egingo du Araban, eta ia hiru puntu behera Bizkaian. Ondorioz, Lander Martinezek egun Espainiako Kongresuan duen eserlekua galduko luke.

Oro har, PPk ere behera egingo luke bozak gaur egingo balira —Nafarroan puntu bat gora egingo luke—, baina nahikoa boto lortuko lituzke gaur egun dituen hiru eserlekuei eusteko. Litekeena da galdutako boto horietako asko Voxek bereganatzea; izan ere, iragarri dute eskuin muturrak nabarmen gora egingo duela Hegoaldeko lau herrialdeetan. Emaitzen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia bikoiztu egingo du boto portzentajea, ia %5 lortuta; Nafarroan botoen ia %7 lortuko ditu.

PSN izango da berriro lehen indarra Nafarroan, eta bi ordezkariei eutsiko die, baina botoen %27 izateari utzi eta % 23,6 izango ditu, inkesta horren arabera.

Sanchezek eustearen alde

Alderdi politikoak hasiak dira bozetarako makineria prestatzen, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratuko balitu ere. Hala ere, EITB Focus inkestan parte hartu duten hamar herritarretik seik uste dute Pedro Sanchez legealdia amaitzeko gai izango dela; hau da, beste bi urte egingo dituela agintean. Eta agintean jarraitu dezan nahi dute gehienek ere, ziurtzat jotzen baitute bestela PPk Voxek osatuko luketela gobernua. Eta iritzi diote gobernu hori Euskal Herriaren interesen aurkakoa izango litzatekeela —%75ek uste dute hori—.

Horiek hala, inkestan parte hartu dutenen gehiengo batek erantzun du EAJk eta EH Bilduk Sanchezen gobernuari babesa ematen jarraitu behar dutela, haren kudeaketak 5eko nota gainditzen ez duen arren. Soilik inkestan parte hartu dutenen %36k uste dute Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeetara deitu beharko lukeela; nagusiki 18 eta 35 urte bitarteko gazteek babesten dute iritzi hori —%44,7raino igotzen da portzentajea—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.