Zarautzen (Gipuzkoa) Jon Paredes Txiki-ren eta Angel Otaegiren omenez jarritako olanaren harira, adierazpen deigarriak egin zituen atzo Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendariak, esanez ETA politiko-militarreko bi kideak ezin direla «askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalari» gisa hartu. Adierazpen «oso larriak eta kezkagarriak» dira, EH Bilduren esanetan, faxismoa eta frankismoa «zuritzea» dakartelako. Koalizioaren esanetan, «egiaren aurka» egiten dute, eta «iraingarriak» dira.
Europa Press agentziak zabaldutako elkarrizketan, Alonsok azaldu zuen bi kideak «frankismoaren biktima» izan zirela, baina ezin direla «demokraziaren etorrera aldarrikatzen zuten ehunka eta milaka militanteren zaku berean» sartu, «indarkeria, beldurra eta terrorea» erabili zituztelako.
Hitz horiek, baina, «frankismoa eta antifrankismoa, faxismoa eta antifaxismoa» parekatzen dituzte, EH Bilduren ustez, eta, ondorioz, erresistentzia antifrankista «deslegitimatu eta kriminalizatu». Hala, koalizioak Gogora-ko buruari egotzi dio bere egitea 1936ko estatu kolpea eta gerra justifikatzeko Espainiako eskuinak eta eskuin muturrak erabiltzen duten kontakizuna.
EH Bilduk nabarmendu du «estatu faxista batek» hil zituela bi etakideak, eta fusilamenduen ostean Euskal Herrian egindako hiru greba egunak oroitu ditu. Are gehiago, azaldu du Txikiren, Otaegiren eta FRAPeko hiru kideen hilketaren aurretik nazioartean mobilizazio ugari egin zirela exekuzioak eragozteko asmoz. Koalizioak gogora ekarri ditu Olof Palme Suediako presidenteak egindako adierazpenak eta Mexikok Espainia NBEtik kanporatzeko egindako eskaera.
Horiek horrela, koalizio subiranistak «gogoeta sakona» egiteko eskatu dio Alonsori, «egindako adierazpenak ez datozelako bat daukan ardura politikoarekin»: «Iraingarriak eta oso mingarriak dira Txiki eta Otaegiren oroimenerako, Txiki eta Otaegiren familientzat eta, hedaduraz, Euskal Herrian frankismoaren biktima izan diren milaka herritarrentzat eta haien inguruarentzat».
«Zuritzeko»
Aurreko ostiralean jarri zuten Txiki eta Otaegi omentzeko olana erraldoia Zarauzko Santa Barbara mendiaren horman, eta eztabaida piztu zen udalak hura kendu eta jarraian hainbat herritarrek harekin argazki bat atera ostean. Olanaren kokalekuaren inguruko eztabaidatik harago, zenbait eragilek ezbaian jarri dute bi lagun horiek oroitzea.
Fernando Buesa fundazioa izan zen haietako bat. Haren arabera, erregimen frankistak fusilatu izanak ez du «inolako justifikaziorik», baina Txiki eta Otaegi ez lirateke oroitu beharko. Horretarako, Meliton Manzanas polizia frankistarekin eta Luis Carrero Blanco diktadurako presidentearekin alderatu zituen, esanez ezker abertzaleak Txiki eta Otaegi baliatzen dituela «ETA legitimatzeko».
Hain zuzen, Alonsok frankismo osteko garaiari erreparatu zion bi kideak «diktaduraren aurkako borrokalarietatik» bereizteko. Haren esanetan, «ETA on baten eta ondorengo ETA gaizto baten existentzia zuritzeko» asmo bat dago, eta Rolando kafetegiko atentatuari erreparatu zion horri kontra egiteko. Hala, esan zuen Txikik eta Otaegik ez zutela «Franco osteko gizarte demokratikorik» nahi: «Euskadiz zuten ikuspegia inposatu nahi zuten, euren proiektu propioa, frankismoaren alternatiba gisa».
Sortuk, berriz, ETA politiko-militarreko bi kideei «aitortza» zor zaiela agertu zuen ohar batean, eta hala egiteko eskatu zion Zarauzko Udalari; hau da, EAJri eta PSE-EEri. «Bi fusilatuek eta frankismoari aurre egin zioten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala, are gehiago frankismoari aurre eginez hil baziren», esan zuen alderdi abertzaleak. Hain zuzen, Sortuk ekitaldi politiko bat antolatu du irailaren 27rako, fusilamenduen 50. urteurrenerako.