EH Bilduk legez besteko proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, eta, haren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu azter dezala Osakidetzako larrialdietako anbulantziak publifikatzeko aukera. Azterketa hori hiru hilabeteko epean egitea galdegin dio. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak sinatu du testua.
Osakidetzako anbulantzia zerbitzuaren kontratazioaren inguruan sortutako azken gatazkaren erdian dator proposamena. 2024ko azaroan, Osakidetzak bertan behera utzi zuen La Pau enpresarekin zuen kontratua, enpresa ez zelako kontratua behar bezala betetzen ari. Ordutik, zerbitzua behin-behinekoa izan da, eta Eusko Jaurlaritzak uztailean lizitatu zituen larrialdietako garraio sanitarioa eta pazienteen garraioa enpresa pribatu baten esku uzteko kontratuak. Lau urterako zerbitzuaren aurrekontua 650 milioi eurotik gorakoa zen. LAB, ESK, ELA, UGT eta LSB-USO sindikatuek helegiteak aurkeztu zituzten, eta, horien ondorioz, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) lizitazioa geldiarazi du, kautela neurri gisa.
Sistemaren «oinarrietako bat»
Horiek horrela, EH Bilduk uste du premiazkoa dela zerbitzuaren kudeaketa publikoa bilakatzeko aukera. Koalizioak proposamenean gogorarazi duenez, Osakidetzak anbulantzia medikalizatu propioak eta publikoak ditu, baina bizi euskarri aurreratuko anbulantziak —erizaindunak— eta oinarrizko bizi euskarrikoak enpresa pribatuen bidez kontratatzen ditu. EH Bilduren ustez, larrialdietako anbulantzia guztiak publiko bihurtzeko aukera aztertu beharko litzateke, horrek «onurak» ekarriko lituzkeelako bai zerbitzuaren beraren kalitatean, bai langileen lan baldintzetan.
Orain, EH Bilduk hiru hilabeteko epea eman nahi dio Jaurlaritzari publifikazioaren bideragarria ote den azter dezan. Azterketan kontuan hartu beharko dira, besteak beste, neurriak eskatuko lukeen inbertsioa eta zerbitzuaren kalitatean eta langileen lan baldintzetan izango lukeen eragina. EH Bilduren arabera, garraio sanitarioa osasun sistema publikoaren «oinarrietako bat» da, eta, horregatik, administrazio publikoak zuzenean bermatu beharko luke. Oraingoz, proposamenaren helburua ez da publifikazioa gauzatu dadila eskatzea, baizik eta hori egiteko aukerak eta ondorio ekonomiko eta sozialak aztertzea.