EH Bilduk manifestaziora deitu du azaroaren 14rako, «faxismoaren aurkako horma bat altxatzeko»

Eguneroko mehatxuen aitzinean «itxaropen mezu bat» bidali du Otegik, eta «faxismoaren kontra dagoen orori» egin dio Bilbora joateko deia, «herri feminista, ezkertiar, aske, sozialista, demokrata eta bakegile bat» sortzeko.

Arnaldo Otegi, urte politikoa bukatzeko ekitaldian, Donostian. EH BILDU
Arnaldo Otegi, urte politikoa bukatzeko ekitaldian, Donostian. EH BILDU
Iratxe Muxika
2026ko ekainaren 29a
14:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Itxaropenaren, bihotzen, demokraziaren eta askatasunaren horma bat altxatuko dugu, eta faxismoa eroraraziko du». Data berri bat jarri du agendan Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak: manifestaziora deitu du azaroaren 14rako, Bilbon, bi ekintza nagusi egiteko: oroitu eta eraiki. Oroitu, duela 90 urte faxismoaren aurka altxatu zen belaunaldia. «Ez zuten lortu, baina, desberdin pentsatuta ere, elkartu ziren, eta elkarrekin egin zuten borroka. Jakin zuten nola batu, nola borrokatu». Eta eraiki, faxismoaren kontra egiteko horma altu eta sendo bat, «feminista, ezkertiarra, askea, sozialista, demokrata eta bakegilea». Eguneroko mehatxuen aitzinean «itxaropen mezu bat» bidali du Otegik, eta euskal herritar orori egin dio Bilbora joateko deia: «Faxismoaren aurkako banderaz beteko dugu Bilbo. Guzti-guztiek izango dute lekua. Den-denek izango duzue lekua».

Urte politikoa amaitzeko ekitaldia egin du gaur EH Bilduk, eta idazkari nagusia solastatu da prentsaurrekoan, Donostian. «Pozik, harro, eta indartuta» agertu da, eta errepaso bat eman dio kurtso akabatu berriari. Hasi aitzinetik, ohar bat: «Haserrea, lehia eta polarizazioa areagotzen ari diren garaiotan, guk lasaitasunez eta irribarretsu egin nahi diogu erronkei aurre».

Kongresuaren hasieran lau xede izendatu zituen EH Bilduk: burujabetza tresna gehiago eskuratzea, arazo nazionalak eztabaida politikoaren erdigunera eramatea, politika neoliberalak borrokatzea, eta autoritarismoaren kontra egitea. «Uste dut guztietan egin dugula aurrera», erran du Otegik.

«Bloke bakar batek ekar ditzake garai ilunak bueltan, PPk eta Voxek, baina ez dezagun ahaztu bloke bakarra direla; ezin dira bereizi»

ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia

Jarraian, argibide batzuk nola, «egindako lanaz harro egoteko hainbat arrazoi» zerrendatu ditu. Lehena, «justizia politikoaren gertakari bat»: lehen aldiz izendatu zuten lehendakari ezkerreko abertzale bat, Alain Iriart. Iragan apirilean hartu zuen kargua Euskal Hirigune Elkargoan. «Emaitza historikoa» da Otegirentzat, eta esplikatu du lorpen horrek proiektu nazionala eztabaida politikoaren erdigunean jarri duela. EH Bilduk EH Bairekin duen harremana «asko sakondu» dela erran du, eta xede nagusi bakarra dutela ortzi mugan: esparru konfederal bakar bat sortzea EH Baik eta EH Bilduk. «Ezker subiranistek Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egon behar dute».

Estatus politikoaren lanak

Estatus politikoaren eztabaidan sartu da segidan, baina ez du aparteko xehetasunik eman. Akordio bat erdiestea «zaila» dela jakinik, ez du ziurtatu halakorik gertatuko den, baina «baikor eta itxaropentsu» solastatu da, iritzi baitio estatus politikoaren inguruko akordio bat erdiestea «urrats historiko bat» izango litzatekeela Euskal Herriarentzat. «Eztabaida nahiko sinplea da berez, arazo nazional bat lurralde oso-osoan bizi duguna, baina akordio batera iristea ez da hain sinplea», esplikatu du.

«Harro» egoteko bigarren arrazoia: iritzi soziala. Otegiren irudiko, Euskal Herria hartzen ari den forma geroz eta gehiago ari da hurbiltzen koalizio subiranistak aldarrikatzen dituen balioetara, eta EH Bildu «etengabe» ari da hazten. «Helburu guziak ez ditugu bete, baina seinale ona da hori, hazten, berritzen eta ikasten ari garelako». Orain dela bi asteko Deustobarometroaren emaitza batzuk jarri ditu adibidetzat: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehiengoak uste du EH Bildu dela eragilerik egokiena nola etxebizitza krisia gainditzeko hala zaurgarrienak babesteko». Izan ere, etxebizitza krisia izendatu zuten arazorik larrien (%50), eta EH Bilduk bildu zuen hura kudeatzeko babes zabalena (%18,9). Hizkuntza politikei dagokienez, pare-parean jarri zituzten bi indar abertzaleak: EAJren aldekoak dira %24,3, eta %23,4k nahiago dute EH Bilduren kudeaketa eredua.

«Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehiengoak uste du EH Bildu dela eragilerik egokiena nola etxebizitza krisia gainditzeko hala zaurgarrienak babesteko»

ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia

Alta, ez dago soilik horrekin kontent: «Orain dela gutxi albiste bat irakurri nuen, eta esaten zuen Estatu Batuetako familia bat Euskal Herrira etorria zela seme-alabetako bat transa izateagatik jazarpena jasaten ari zirelako. Alegia, gure Euskal Herria zuten babeslekutzat eta eredutzat. Hori ez bada harro egoteko modukoa, zer izan daiteke? Uste dut zerbaitetan behintzat asmatu dugula».

«Sektatik» urrun

Eta bertze arrazoi bat, izaera irekitzearena. Idazkari nagusiak «sektarismotik urruntzeko» deia egin du, horren ordez «ahalik eta pluralen» izateko. Izan ere, autoritarismoaren eta faxismoaren bilakaera ikusita, ikuspegi zabal bat eraiki nahi du EH Bilduk, PPren eta Voxen aurka egiteko. «Bloke bakar batek ekar ditzake garai ilunak bueltan, PPk eta Voxek, baina ez dezagun ahaztu bloke bakarra direla; ezin dira bereizi». Horrexegatik eskatu du auzolana, horrexegatik espazio militante antolatuak eta eskuzabaltasuna. «Lidergoa konpartitzeko prest gaude», gaineratu du.

Hemendik aitzinera egin beharreko lanak eskuan, eskerrak eman dizkie bilkideei, eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. «Hau ez da alderdien arteko lehia kontua: hau herriarekin dugun konpromisoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA