EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio Osakidetzako zuzendariari, LEPeko azterketetako hutsegiteen harira

Azaroko etsaminetan, gutxienez hamar galderatik batean aurkitu dituzte akatsak. Aintzat mugimenduak, EHEk, ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzari leporatu diote euskaldunak «zigortzea» eta «baztertzea» Osakidetzako LEPetan.

Aintzat mugimenduaren, EHEren, ELAren eta LABen elkarretaratzea, atzo, Donostia ospitalean. JON URBE / FOKU
Aintzat mugimenduaren, EHEren, ELAren eta LABen elkarretaratzea, atzo, Donostia ospitalean. JON URBE / FOKU
14789412 kepa
2026ko azaroaren 24a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzako LEP lan eskaintza publikoko euskarazko ikasmaterialean eta azterketetan aurkitutako akats larrien berri eman zuten atzo Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta ELA eta LAB sindikatuek. Eusko Jaurlaritzako osasun arduradunek, ordea, garrantzia kendu zioten eragile horiek egindako salaketari: errakuntzak «puntualak» zirela esan zuten argitaratutako prentsa ohar batean. Bada, azalpen horiek ez zaizkio nahikoak iruditu Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideari, eta Miren Lorea Bilbao Artetxe Osakidetzako zuzendari nagusiaren agerraldia eskatu du, hark argibideak eman ditzan.

LAB sindikatuak LEPeko bigarren eta hirugarren faseko ikasmateriala eta galdetegia ikertu ditu, eta 37.200 galderatan 6.150 akats larri identifikatu. Atzo jakinarazi zutenez, urriaren 23an eskatu zioten Osakidetzari galdera akastunak kentzeko LEParen bigarren faseko zerrendetatik. Proba horretan, 16.000 galderetan 2.019 akats aurkitu zituzten; galderen %12,62k zuten hutsen bat, alegia. Sorta horietako galderek osatzen dituzte azaroan egiten ari diren azterketak.

Gehitu zutenez, bigarren faseari buruzko LABen txostena jaso ondoren, Osakidetzak hirugarren faseko galdera sorta berriak argitaratu zituen, azaroaren 2an. Sorta horietan oinarritutako azterketak 2027ko otsailean egitea aurreikusia dute. Eta hor ere euskara maila eskasa da. «Hirugarren faseko 21.200 galderen artean, euskarazko itzulpen akats larriak aurkitu ditugu 4.131tan», zehaztu zuen LABek. «Osakidetzak ez du neurri zuzentzailerik hartu, nahiz eta ontzat jo zuen sindikatuak helarazitako jakinarazpena», gaitzetsi zuten.

Horiek horrela, EH Bilduri komenigarria iruditu zaio Osakidetzako zuzendariaren agerraldia eskatzea. Horrez gain, idatziz erantzuteko hainbat galdera igorri dizkiote Bilbaori. Funtsean, zera jakin nahi dute: «Akatsak zergatik ez diren zuzendu, eta orain zer neurri hartuko duten akats larri horiek eragindako kalteak konpontzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA