Disminuyendo, itxuraz, handitzen da euskaraz; eta moderado, berriz, arina. Horixe bera pentsa daiteke irakurriz gero Osakidetzak aurtengo eta datorren urteko LEP Lan Eskaintza Publikoko azterketetarako prestatutako galderak. «Ez da lehen aldia», kritikatu dute Aintzat osasungintza euskalduntzeko mugimenduak, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek, eta ELA eta LAB sindikatuek. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari exijitu diote «berehalakoan eta gutxienez» hemendik aurrerako azterketen «kalitate egokia» bermatzea.
Osakidetzako LEPetan euskaldunoi iruzurrik ez irakur zitekeen gaur arratsaldean Donostiako Ospitale Unibertsitarioaren aurrean zabaldu duten pankartan. Elkarretaratzea eginez, Aintzatek, EHEk, ELAk eta LABek salatu dute Osakidetzako LEPen azterketetan «euskarari eraso» egiten ari zaizkiola.
proba osagarriak euskaraz eskatzeko sinadura bilketa
Osakidetzako hainbat medikuk kanpaina berri bat abian jarri dute, gaixoen hizkuntz eskubideak bermatzeko asmoz. Ekimenaren helburua da proba osagarriak —analitikoak, irudi bidezko diagnostikoak, endoskopiak eta bestelakoak— pazienteei euskaraz eskaintzea, modu eraginkorrean eta sistematikoki. Haien ustez, hori bermatzea «ezinbesteko urratsa» da, «osasun zerbitzuen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko».
Horiek horrela, osasun profesional guztiei gutun bidez eskatzen ari zaizkie haien eskaria sinatzeko. «Zure sinadurak osasun sistemaren hobekuntzan ekarpen esanguratsua egingo du, eta herritarrekiko hurbiltasuna eta konfiantza sendotuko ditu», adierazi diete. Bildutako sinadurak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira helaraziko dituzte.
Emandako prentsaurrekoan esplikatu dutenez, deialdi horretako azterketak behatu dituzte, eta, haien hitzetan, «euskararekiko utzikeria eta gutxiespena agerikoak» dira. Atzealde-aurrealdeko da posteroinferior; años, berriz, uneak; eta administrar hitzaren baliokidea hartu ei da. Horretaz gain, zenbait hitz c-rekin agertzen dira, k-rekin beharrean; azentu markak non nahi; b y c okerrak dira bezalako esaldiak; eta gaztelerazko akronimoak gaizki itzulita edota zuzenean gazteleraz jarrita.
«Euskarazko azterketa ereduak espainierakoaren itzulpen txarrak dira, ondorioz, euskaraz azterketak egiteak zigortu egiten du euskalduna», azpimarratu dute. Izan ere, eragile horien arabera, «itzulpen akats larri horiek zuzenean kalte ditzakete azterketa euskaraz egitea aukeratzen duten hautagaiak, gaizki itzulitako galdera batek oker erantzutera eraman baititzake, eta horrek nota apalagoa ekar diezaieke».
Hori gutxi izango balitz bezala, gehitu dute «azterketak euskaraz prestatzea ere oztopatzen» dietela, ikasmateriala gazteleraz bakarrik baitago. «Beraz, birritan baztertzen gaituzte». Hori horrela, euskarazko ikasmateriala sortzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, azterketetako akatsak zuzentzeaz gain.
Akatsak, zuzendu gabe
Osakidetzak azterketen aurretik argitaratzen ditu galdera zerrenda horiek. Gai espezifikoetako sortek 200, 300 edo 500 galdera izan ohi dituzte, kategoriaren arabera; eta 110 galdera aukeratzen dituzte guztira, argitaratutako galdera guztien artetik. Besteak beste, erizaintzako azterketan, 52 akats arin eta 24 larri aurkitu dituzte: 76 akats, guztira. Eta erizain laguntzaileen, zeladoreen eta zerbitzuetako langileen etsaminetan 40tik gora dira akatsak. «Kontrara, gaztelerazko azterketetan akats esanguratsurik ez dago», gaitzetsi dute.
LABek jakinarazi duenez, urriaren 23an eskatu zioten Osakidetzari akastun galderak kentzea, 2023-2024-2025eko LEParen bigarren faseko etsaminetatik. 16.000 galderen artean, 2.019 akats aurkitu zituzten; galderen %12,62tan, alegia. Horiek dira azaroan egiten dabiltzan azterketak.
6.150Zenbat galderatan aurkitu dituzten akatsak. LEParen bi faseak batera hartuta, 37.200 galderatik 6.150ek itzulpen akats larri aurkitu dituzte euskarazko bertsioan; galderen %16,53tan, alegia.
Are, gehitu dutenez, bigarren faseari buruzko LABen txostena jaso ondoren, Osakidetzak hirugarren faseko galdera sorta berriak argitaratu zituen, azaroaren 2an. Azterketa horiek 2027ko otsailean egitea aurreikusten da. «Hirugarren faseko 21.200 galderen artean, euskarazko itzulpen akats larriak aurkitu ditugu 4.131 kasutan», zehaztu du LABek.
«Okerrera egin du egoerak LABen ohartarazpenaren ondoren argitaratutako hirugarren faseko sortetan: akats larriak dituzten galderen proportzioa ia zazpi ehuneko puntu handiagoa da, bigarren fasean baino», ohartarazi dute. Bi faseak batera hartuta, 37.200 galderatik 6.150ek itzulpen akats larri aurkitu dituzte euskarazko bertsioan; galderen %16,53tan, alegia. Sindikatuak akats guztiak batu eta Interneten ikusgai jarri ditu.
Aurrekariei erreparatuta, eragileek ez dute uste Eusko Jaurlaritzak neurririk hartuko duenik. «Akatsak zuzentzeaz harago, azterketa hauek euskaraz diseinatu beharko lituzkete, eta ez beti espainieraz diseinatu eta gero itzulpenak egin. Hori baita hein handi batean hain gaizki itzulita egotearen arrazoia», nabarmendu du Adrian Zelaia Aintzateko kideak.
Ildo berean, EAJ eta PSE-EE egin ditu egoeraren erantzule, «Jaurlaritzaren arduradun nagusiak izanik, haien ardura baita ziurtatzea herritarrek berme berberak dituztela LEPetan parte hartzeko, euskaldunak izan ala ez».
Gaixoen kalterako ere bai
Aintzaten, EHEren, ELAren eta LABen ustez, «herritarron eskubideen» kontra doa gertatzen ari dena, baita «kalitatezko osasun sistema publikoaren aurka» ere. Haien hitzetan, azterketetan antzemandako akatsek ez dituzte soilik LEPen parte hartzen duten ikasleak eta osasun langileak kaltetzen: «Ez digute euskaraz bizitzen eta gaixotzen utzi nahi», ohartarazi du Zelaiak.
Euskalduntze prozesu hori praktikara eramateko, esparru akademiko eta idatzizko esparru horietan «eskua sartzeko unea» iritsi dela dio Aintzatekoak; «bai langileon aldetik eta baita pazienteen aldetik ere». «EAErako eskatzen duguna, noski, Euskal Herri osorako eskatzen dugu», gehitu dute.
«Akatsak zuzentzeaz harago, azterketa hauek euskaraz diseinatu beharko lituzkete. Hori baita hein handi batean hain gaizki itzulita egotearen arrazoia»
ADRIAN ZELAIAAintzat mugimenduko kidea
Hainbat osasun zentrotan lanean ari dira dagoeneko, «euskarazko osasun arreta inplementatzeko, ahoz zein idatziz», Zelaiak jakinarazi duenez. Horrenbestez, langile orori gonbita luzatu dio, «bere egunerokotasunean paziente euskaldunei euskarazko arreta ematera».
«Argi adierazi nahi dugu osasun langileok, euskaltzaleok nahiz ikasleok, euskararen zein paziente euskaldunen biziraupenerako, kalitatezko osasungintzaren alde lanean jarraituko dugula; saretuz, antolatuz eta geure eskubideak zapaltzen dituzten neurri eta legediak desobedituz», amaitu dute eragileek.