Errefuxiatuak artatzeko Gasteizko Arana zentroaz eztabaidatuko dute bihar Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta eztabaida horretan jarrera bateratua defendatuko dute EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek. Izan ere, hiru taldeek erdibideko zuzenketa bat adostu dute, zeinaren bitartez Espainiako Gobernuari eskatuko dioten «elkarrizketa eraikitzaileari» ekin diezaion Eusko Jaurlaritzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin, Arana zentroaren proiektuaren inguruan ados jartzeko. Zehazki, zentroaren baliabideen eta zerbitzuen diseinua, garapena eta kudeaketa adosteko eskatuko diete instituzioei.
PPk eta Voxek aurkeztutako proposamenei egin diete erdibideko zuzenketa EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek, eta hiru talde horien aldeko botoei esker onartuko da osoko bilkuran —40 eserleku dituzte denera—. EAJk ez du bat egin erdibidekoarekin, eta zentroaren lanak gelditzeko eskatuko du bere osoko zuzenketaren bidez.
EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek hitzartutako testuak dio erakundeen arteko elkarrizketa horretan, gutxienez, gai hauek izan behar dutela lehentasuna: «Azpiegituren plangintza egokia, baliabidearen dimentsio eta irismena, sortutako behar berriei erantzungo dieten gizarte, osasun eta hezkuntza zerbitzuen hornidura, eta tokiko hirugarren gizarte sektorearekiko elkarrizketa».
Horrez gain, hiru alderdiek azpimarratu dute instituzioen arteko negoziazioekin batera martxan jarri beharko direla herritarrek parte hartzeko eta informatuak izateko bideak eta haiekin elkarlanean aritzeko eta koordinatzeko guneak, betiere zentro berriak Migraziorako Euskal Itun Sozialen eta harrerako euskal ereduarekin bat egiten duela bermatzeko.
Erdibideko zuzenketaren testua adostu duten taldeek zera eskatu diote akordioan Eusko Legebiltzarrari, konpromisoa agertu dezala «giza eskubideekiko eta harrera arduratsuarekiko». Zehazki, giza eskubideak eta pertsona guztien «duintasuna» babestea galdegin diote, bereziki gerra, jazarpen politikoa eta arrazoi humanitarioak tarteko beren herrialdeetatik ihes egitera behartuta dauden pertsonena. Era berean, alderdiei eta instituzioei eskatu diete bere gain har dezatela giza eskubideetan eta bizikidetzan oinarritutako diskurtsoa eraikitzeko erantzukizuna.
Polemika bizia
2023an erabaki zuen Espainiako Gobernuak Aranako eraikina —lehen Arana klinika izandakoa— errefuxiatuentzako zentro handi bihurtzea. Proiektuak 14,7 milioi euroko inbertsioa du, eta 200 pertsona hartzeko tokia izango du —hasiera batean 350 pertsona hartzea nahi zuen gobernuak, baina kritiken ondorioz kopurua murriztu du—. Egitasmoak polemika piztu izan du alderdi politiko eta auzo elkarteen artean, ez baitute begi onez ikusten zentroaren tamaina eta sustatu nahi den harrera eredua. Espainiako Gobernuak 2026 amaieran zabaldu nahi du gunea.