Inor ez da ados jarri oraingoz: urte hasieran, Europako Kontu Auzitegiak 2030etik 2035era atzeratu zuen euskal Y-aren bukaera, eta joan den astean Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak erran zuen «hiruzpalau» urte bertzerik ez zaizkiola geratzen garraio proiektuari. Zalantzak zalantza, kontu bat dago argi: hogei urteko atzerapena darama euskal Y-aren proiektuak, hasierako planaren arabera 2010erako behar baitzuen bukatuta. Baina data ez da airean dagoen bakarra; izan ere, abiadura handiko trenak Euskal Herrian eginen dituen lotuneak ere ez daude argi. Bi aukera daude Nafarroa eta euskal Y-a lotzeko: Gasteiztik pasatu, edo Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa). Puenteren erranetan, udaberrira arte ez dute horren gaineko erabakirik hartuko. Baten edo bestearen alde egin erabakia berandu iritsiko dela kritikatu dute EAJko eta EH Bilduko ordezkariek.
Maddalen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea RNEn solastatu da gaur, eta esplikatu du «astakeria» dela hogei urte beranduago «trena nondik pasatuko den ere» ez jakitea. Hogei urteko atzerapenaz gain, «milaka eta milaka euroko gainkostua» du proiektuak, eta Espainiako Gobernuaren gain utzi du erantzukizuna: «Argi gelditu zaigu gobernua ez dagoela inori kudeaketa leziorik emateko moduan». Puentek Gasteizen hitzemandakoen harira ere jardun da Iriarte, eta zalantzati agertu da hark agindutako daten gainean.
Lotuneari dagokionez, Madrilek Eusko Jaurlaritzarekin adostu zuen «aukera guztiak» aztertuko zituztela, eta Jaurlaritzak 2018an aurkeztutako txostena babestu du; Ezkioko lotunearen alde egin zen orduan. Hala ere, auzi korapilatsua da Nafarroako lotunearena, eta bakoitzak bere alde egin du. Hala, EAJko eta PSE-EEko ordezkari politikoen arteko eztabaidak ikusita, «lasaitasuna» eskatu zuen Garraio ministroak.
Iriartek jeltzaleen azken adierazpenei ere heldu die, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiari zuzendu zaio: «Guk ez daukagun informazio pribilegiatu bat izango du, bestela ausartegia iruditzen zait Ezkiotik pasatuko dela esatea». Izan ere, behin eta berriz egin du Mendozak Ezkioren alde, eta Puenteren hitzak aditu ondotik berretsi zuen: «Ezkiotik pasatuko da edo ez da pasatuko». Auzia «berandu» doala salatu zuen: «Gure herriari eta gure lurraldeari kalte egiten ari zaie».
Etxanobe, parte hartzeko prest
Radio Euskadin mintzatu da Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, eta erran du abiadura handiko trenaren etorrera ezin dela gehiago gibeleratu. Are gehiago, Bilboko sarbidea osatzeko «operazioan parte hartzeko prest» agertu da baldin eta «lurraldearen konexioa hobetzeko eta hiria berreraikitzeko» balio badu. Proiektua «zorroztasunez eta seriotasunez» hartzeko eskatu du, eta gaineratu trenaren atzerapenak Bizkaiari ere kalte egiten diola.
AHTa Bilbora sartzeak «hiria berregituratzea» dakar, Etxanoberen ustez, eta abantailak ikusten dizkio horri: «Hiria bi eremutan zatituta egotea eragotziko luke, eta aukera berriak sortuko lituzke etxebizitza eta lan eremuetan». Horregatik agertu da proiektuan «aktiboki» jarduteko prest.