Espainiako Garraio ministro Oscar Puente Gasteizen izan da gaur, eta, ezinbestean, euskal Y-aren gaia jorratu du Foro Capitalen egindako hitzaldian. Adierazi duenez, azpiegitura hura osatzeko lanak «azken txanpan» daude, eta hiruzpalau urteren buruan amaitu beharko lituzkete. Ez du argitu, ordea, zer lotura izango dituen trenbideak, ez hegoaldetik, ez iparraldetik. Izan ere, udaberrirako espero ditu Nafarroako loturaren inguruko erabakia bideratuko duten katen emaitzak, eta aitortu du Parisen jarrera oztopo izan dela orain arte.
Ministroak azaldu duenez, euskal Y-ari dagozkion lan nagusiak eginda daude jada, eta ez dago «obra gerarazi dezakeen ezer». Horregatik azaldu da ziur emandako epeen harira: «Hiruzpalau urteko epeaz ari gara, geratzen dena gainegitura baita, bidea muntatzea, katenaria eta segurtasun sistemak muntatzea. Baita, noski, hirietako sarbideak zehaztea ere».
Azken auzi horri dagokionez, zertxobait gehiago sakondu du, eta adierazi ez litzatekeela «zentzuzkoa» izango bidea amaitu eta hirietako sarbideak oraindik prest ez izatea, ez inbertsio publikoei dagokienez, «erabili behar izan den baliabide kopuruagatik», ezta zerbitzu publikoaren ikuspuntutik ere. Hala, jakinarazi du lehentasuna dela trenbidea muntatzen denerako sarbideak prest izatea. Horiek horrela, adierazi du Gasteizko geltokia ez dela lurpean egongo ordurako, azken xedea hori bada ere.
Puenteren adierazpenek, baina, ez dute bat egiten beste erakunde batzuen aurreikuspenekin. Europako Kontu Auzitegiak, urte hasieran argitaratutako txosten batean, 2030etik 2035era atzeratu zuen euskal Y-aren bukaera. Hori hogei urtetik gorako atzerapena litzateke, hasieran 2010erako bukatzea espero baitzen.
Udaberriaren zain
Euskal Y-aren loturei dagokienez, gauzak ez daude batere argi. Nafarroako lotuneaz, Puentek adierazi du gutxienez udaberrira arte itxaron beharko dela ikusteko trenak Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa) egingo ote duen bidea. Ministroaren esanetan, lana ez da erraza izaten ari, baina espero dute ordurako prest izatea inguruan egiten ari diren katen emaitzak: «Alternatiben inguruko informazioa emango dute, eta bakoitzaren alde onak eta txarrak kontuan hartuta hartu ahal izango da erabakia».
Nafarroako lotunearen auziak eztabaida sakona eragin du EAJko eta PSE-EEko ordezkari politikoen artean, baita Arabako eta Gipuzkoako aldundietako arduradunen artean ere. Puentek, baina, lasaitasuna eskatu, eta gogoratu du Madrilek Eusko Jaurlaritzarekin adostu zuela aukera guztiak aztertzea. Hain justu, Jaurlaritzak, Imanol Pradales lehendakaria buru, 2018an aurkeztutako txostena babestu du; orduan, Ezkioko lotunearen alde egin zuen gobernuak.
Ezkioren aldeko apustua berretsi du, hain zuzen, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak: «Ezkiotik pasatuko da edo ez da pasatuko». Puenteren adierazpenak arretaz entzun ditu hark, eta salatu du ministroak ez duela auziaren inguruko «berririk» ekarri. Hala, bizitasun handiagoa eskatu dio, eta esan auzia berandu doala: «Gure herriari eta gure lurraldeari kalte egiten ari zaio atzerapen hau».
Panorama ez da argiagoa Ipar Euskal Herrira eta, jarraian, Europa iparraldera begira jarriz gero. Puentek aitortu du arazo bat dela Frantziako Gobernuak orain arte erakutsitako jarrera, eta Parisen duten «egoera politiko konplexuarekin» lotu du. Frantziako Gobernuan bost Garraio ministro izan dira Puente bera Espainiako Gobernura iritsi zenetik, duela bi urte.
Halere, Madrilen eta Parisen arteko kooperazioa «nahi bezain ona» ez den arren, egoera aldatzea espero du Puentek. Azaldu duenez, Philippe Tabarot Frantziako egungo ministroa euskal Y-aren lanak ikustera gonbidatu du, eta uste du horrek balioko duela Parisek iritziz aldatzeko. Berez, Europako Batzordeak 2035erako lotu nahi ditu Paris eta Lisboa, Euskal Herritik igarota. Parisen, baina, oso bestelako jarrera bat ikusi da. Iazko otsailean, Frantziako Gobernuak atzeratu egin zuen Bordele eta Akize (Okzitania) arteko zatia egiteko epemuga, 2042ra arte.
Portuak eta aireportuak
Garraio ministroak Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremana tenkatzen ari diren beste bi kontu ere aipatu ditu: Pasaiako portua eta Loiuko, Forondako eta Hondarribiko aireportuak. Bi kasuetan, ezbaian jarri ditu jeltzaleen asmoak.
Pasaiako portuari dagokionez, azken hilabeteetan EAJk interes orokorreko izendapena kentzearen alde egin du, horrek portua Eusko Jaurlaritzaren esku uztea erraztuko lukeelako. Besteak beste, hala adierazi zuen GBBk ohar batean: «Kudeaketa gertukoagoa denean, azpiegiturek hobeto funtzionatzen dute».
PSE-EEk, berriz, iritzi dio kategoria aldaketak kolokan jarriko lukeela portuaren gaitasuna. Eta, hitz horiek esan ez baditu ere, antzeko zerbait iradoki du Puentek ere. Defendatu du izendapena ez dela «apeta» bat, eta handik igarotzen den merkantzia kopurua badela hura mantentzeko nahikoa argudio. Hala, uste du interes orokorreko kategoria kentzea «legea gainditzea» litzatekeela «argi eta garbi», eta esan du beste formula batzuk topatu behar direla erakundeen arteko kudeaketa eta koordinazioa sustatzeko.
Aireportuen kudeaketaren gaineko eskumenak, berriz, leku berezitu bat hartu du azken hilabeteetan Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bilkuretan. Gernikako Estatutuan jasota dago aireportuen kudeaketa, baina Espainiako Gobernuak ez du argi hura nola gauzatu. Euskal erakundeek parte hartze handiagoa izatea sustatzearen alde azaldu da Puente, baina AENAren «izaera estrategikoa» mantenduta.
Nola? Puentek aitortu du auzia ez dela erraza. Gogoratu du AENA enpresak parte hartze publikoa (%51) eta pribatua (%49) duela, eta «kontu handiz» aritu behar dela erabakiak hartzeko garaian. «Bi gauzak izan behar dira kontuan, eta uztartzen saiatu: lurraldeak eragiteko eta erabakitzeko gaitasun handiagoa nahi izatea, eta AENAren izaera publiko-pribatua eta interes estrategikoko izaera mantentzea».