EH Bilduk salatu du inbertsio funtsen menpe geratu direla Gasteizen diru publikoz finantzatutako 981 etxebizitza

Koalizio abertzaleak azpimarratu du bere garaian 28 milioi euroko laguntza publikoa jaso zutela Vitalquilerren etxebizitzek. Horregatik, «azalpenak eta neurri zehatzak» eskatuko dizkio udal gobernuari.

LAB sindikatuak Vitalquiler eta Adaniaren maizterren egoeragatik protesta egiteko ekainean antolaturiko agerraldia.. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
LAB sindikatuak Vitalquiler eta Adaniaren maizterren egoeragatik protesta egiteko ekainean antolaturiko agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aratz Aranburu
2026ko azaroaren 4a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere garaian Vitalquilerrenak izandako 981 etxebizitza babestu inbertsio funtsen edota higiezinen sustatzaileen esku geratu dira, EH Bilduk salatu duenez. Etxebizitzen maizterren baldintzak «arriskuan» daudela ohartarazi du koalizio abertzaleak, eta gogorarazi du duela hogei urte 28 milioi euroren diru laguntza publikoak eman zirela Vitalquilerren etxebizitzak kudeatzeko eta bidezko alokairua bermatzeko. Gaur egun, ordea, etxebizitza horien jabeak Catella funtsa eta Adania sustatzailea direla ohartarazi du EH Bilduk.

981 etxebizitza horietatik 489 Catella funtsari saldu zizkion Vitalquilerrek 2020an, 51 milioi euroren truke. Koalizioak adierazi du etxebizitzek hamabi milioi euro pasatxoren laguntza publikoak jaso zituztela eta salmentak Eusko Jaurlaritzaren «oniritzia» izan zuela. Horrekin, etxeak erosteko lehentasunezko eskubideari «uko» egin zioten erakundeek. «Etxebizitzek kalifikazio iraunkorra badute ere, alokairu baldintzak 2033ra arte soilik dauzkate bermatuta», ohartarazi du koalizioak. 

Gainerako 492 etxebizitzak Adania sustatzailearen esku geratu dira, Kutxabank akziodunen taldetik atera ondoren. Adaniaren etxebizitzek ere «ia hamasei milioi euro» jaso zituzten laguntza publikoetan, baina gehienek babes kalifikazioa galdu dute, eta, horren ondorioz, «gehiegi igo» dituzte alokairuak. Babes horri eusten dioten azken ehun etxebizitzek 2027aren amaieran galduko dute kalifikazioa. Maizterrek urte hasieratik daramate egoera salatzen, eta Eusko Jaurlaritzak ekainean hitzeman zien «babestuko» zituela.

Egoera ikusita, EH Bilduk berretsi du «lehentasuna» dela maizterren eskubideak defendatzea. Administrazio publikoak «esku hartu beharra» daukala gaineratu du, etxebizitzaren alokairua «babesteko». Horregatik, Gasteizko Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko «elkarlanik eza» gaitzetsi dute.

Galera «justifikaezina»

Xabier Ruiz de Larramendi EH Bilduko zinegotziak justifikaezintzat jo du ondare publikoaren «galera». Jaurlaritzak berriki Donostian 510 etxebizitza berrerosi izana jarri du adibidetzat, eta Gasteizen ere bide bera har zitekeela azpimarratu du: «Berri ona da administrazioak esku hartzea etxebizitza parketik espekulazio funtsak ateratzeko. Donostian hala egin da, baina Gasteizen, PSE-EE eta EAJren arteko gobernuak ez».

Horregatik, Ruiz de Larramendik azalpenak eskatu dizkio udal gobernuari: «EH Bilduk jakin nahi du zergatik ez den esku hartu Gasteizen: udalaren interes faltagatik izan ote den ala Jaurlaritzak uko egin diolako laguntzeari». Halaber, udal gobernuari eskatu dio argitzeko ea Denis Itxaso Etxebizitza sailburuarekin harremanetan jarri diren. Koalizioak iragarri du hirigintza batzordean argibideak eskatuko dituela, jakiteko zer neurri hartu behar diren milaka pertsonaren alokairuen baldintzak «bermatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA