Alokairuaren 300 eurorainoko igoerak eta «abusuzko klausulak». Hori eskaintzen die Adania higiezin enpresak babes ofizialeko izateari uzten dioten etxeetan bizi direnei. Gaur, LAB sindikatuarekin batera, Gasteizko Salburua auzoko bizilagunek Eusko Legebiltzarrean azaldu dute zer egoeratan dauden, konponbideak eskatu dizkiete erakunde publikoei, eta Jaurlaritzak konpromisoa hartu du: haien interesak defendatuko ditu. Gasteizen bostehun etxebizitza inguru daude egoera horretan.
Adaniak, Vital Kutxarekin batera —bankuak promotoreari saldu zion bere zatia iaz—, Vitalquiler SM osatu eta mila etxebizitza inguru eraiki zituen Gasteizen XXI. mendearen hasieran, diru publikoarekin. Bostehun inguru Catella funtsari saldu zizkion. Adaniarenak diren etxeen erdiek berriki utzi diote babes ofizialeko izateari, eta beste erdiek uztailaren 28an galduko dute izendapena. LABek otsailean salatu zuen promotore hori abagunea baliatzen ari dela kontratu berrietan «errenten igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak» ezartzeko.Â
Ruben Iturre bizilagunak bere kasua kontatu du legebiltzarrean. Otsailean amaitzen zitzaion kontratua, eta urrian jakinarazi zioten 300 euro igoko ziotela errenta. Ez hori bakarrik: kontratu berriaren bidez, OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga ordainarazten diote, 3.500 euroko fidantza eskatu diote, eta erosketarako lehentasunezko eskubideari uko egin behar izan dio. Salatu du bizilagunei ez zietela sekula esan etxe horiek babes ofizialeko izateari utziko ziotela, eta izendapen hori berreskuratzen laguntzeko eskatu die erakundeei.
«Babes ofizialeko etxeek ez lukete balio beharko defendatzeko baliabide gutxien dutenen kontura negozioa egiteko»
Miriam Diaz de Tuesta LAB sindikatuko kidea
Miriam Diaz de Tuesta LABeko kideak hainbat eskari zehatz egin dizkie batzordeko kideei: etxegabetzeak eragoztea; maizterrek antzeko baldintzetan jarraitzeko neurriak hartzea, «etxe horien izaera sozialari eusteko»; Eusko Jaurlaritzak esku hartzea etxe horiek betirako babesa izan dezaten... Adaniari, berriz, kontratuen luzapenak onartzeko eta «abusuzko klausulak» kentzeko exijitu dio; eta, azkenik, sinatu berri diren kontratuak berrikusteko ere eskatu du, «maizter askok beste alternatibarik ez dutelako sinatu baitituzte».
Gogorarazi du etxe horiek diru publikoarekin eraiki zirela, eta ez luketela balio beharko «defendatzeko baliabide gutxien dutenen kontura negozioa egiteko»: «Adaniarentzat ez da nahikoa diru publikoarekin eraikitzea eta urteetan negozioa egitea alokairu babestuei esker. Orain, babes ofizialeko izateari utzi diotela baliatuta, are gehiago zukutu nahi ditu familiak».
Konpromiso ugari
Batzordean zeuden alderdi guztiak bildu dira maizterrekin; bat egin dute haien eskaerekin, eta babesa helarazi diete; besteak beste, PSE-EEko Adrian Fernandezek: «Behar sozialei aurre egiteko eraikitako etxeetan sartu ziren maizterrak, alokairua ordaindu dute hilero, eta ez da justua egoeraren kaltetu nagusiak haiek izatea».
Azpimarratu du ez dagoela berdintasunik maizterren eta «ehunka etxe kudeatzen dituen inbertsio funts baten artean». Izan ere, Adaniak 2.000 etxetik gora kudeatzen ditu Araban eta Nafarroan, gehienak babes ofizialekoak, edo izandakoak.
Fernandezek hitzeman du Jaurlaritzak bitartekari lanak egin eta maizterren interesak defendatuko dituela, baina, bitartean, eta Gasteiz tentsio handiko eremu denez, Adaniari exijitu dio onar ditzala kontratuak luzatzeko eskaerak.

EH Bilduko Itziar Muruak ere azken neurri horretan egin du azpimarra. «Gasteiz tentsio handiko eremua da. Ezin dira alokairuak nahi adina igo, eta luzamenduak aplikatu beharko lituzke etxejabeak. Legedia betearazteko mekanismorik ez izatea, ordea, akats handia da, eta erakundeen ardura da hori», kritikatu du. Ondorioz, Jaurlaritzari legedia «aktiboki» aplikatzea galdegin dio.
Legebiltzarkideei erantzunez, Diaz de Tuestak «epe luzerako konponbideak» eskatu ditu; izan ere, «tentsio handiko eremuena behin-behineko neurria da, eta litekeena da hiru urte barru berriz ere egoera berean egotea». Argi utzi du maizterrek etxe horietan bizitzen segitu nahi dutela, eta guztiek betetzen dituztela alokairu sozialean bizitzeko baldintzak, urteko berrikusten baitizkiete.
PSE-EE-k ETXEBIZITZA PUBLIKOAK SEGURTASUN FALTAREKIN LOTZEA EGOTZI DIEÂ LOIOLAKO ERRIBERAKO BIZILAGUNEI
Salburuko bizilagunen ostean, Donostiako Loiolako Erriberako auzo elkarteko kideek hartu dute hitza legebiltzarreko batzordean. Auzoan alokairuko 283 etxebizitza eraikitzeko asmoa du Jaurlaritzak, 200 lursail batean eta 83 beste batean, eta bizilagunek salatu dute lursail horiek auzoan zerbitzuak jartzeko erabili beharko liratekeela: «Ez dugu ez osasun zentrorik, ez eguneko zentrorik, ez haur txokorik, ezta gazte lekurik ere».
Javier Santos auzo elkarteko bozeramaileak azaldu du hiru hilabete daramatzatela mobilizatzen, eta sail arteko lan mahai bat osatzeko eskatu du, bizilagunen iritzia kontuan hartu dadin.
PSE-EEko Fernandezek, ordea, gogor erantzun dio Santosi. Argi utzi du ez duela bat egiten bizilagunen elkartearen eskariekin, Jaurlaritzaren jokabidea defendatu du, eta prentsan egindako adierazpenetan etxebizitza publikoak segurtasun faltarekin lotu izana aurpegiratu die, «konnotazio arrazistekin», gainera: «Zuen kezka ekipamendu falta da, edo etxebizitza publikoen eraikuntza bera?».