ZALDIBARKO ZABORTEGIA

EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak ez duela Zaldibarko zabortegia konpontzeko lanik egingo

Koalizioak uste du egoeraren larritasuna nahikoa dela Jaurlaritzak lanak bere gain hartzeko. Enpresak baliabiderik ez duela gogorarazi dute.

Eskuinean, Ander Goikoetxea, ondoan Eneritz Azpitarte duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eskuinean, Ander Goikoetxea, ondoan Eneritz Azpitarte duela. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
ZALDIBAR
2026ko martxoaren 27a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaldibarko zabortegiaren beheko aldean (Bizkaia), Eitzaga auzoan, Eneritz Azpitarte alkateak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez dituela bere gain hartuko zabortegian dauden arazoak konpontzeko lanak. Asteazkenean bildu zen EH Bilduko alkatea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin, eta eskatu zion modu subsidiarioan bere gain hartzeko lan horiek egiteko ardura; bada, Azpitartek gaur hedabideei adierazi die ezezko erantzuna jaso zuela bilkura horretan. Antza, Ingurumen Sailak argudiatu du ez duela baliabide juridikorik lan horiek egiteko.

Zabortegiaren egoerari buruz Eusko Jaurlaritzako teknikariek egindako azken ikusketan oinarritzen da dena. Bertan, 29 arau hauste antzeman zituzten teknikariek, eta beldurra zabaldu da berriro inguruko udalerrietan. Izan ere, Verter Recycling enpresaren utzikeria dago txostenean nabarmendu duten egoera txarraren atzean, baina Azpitartek esan duenez, Ingurumen Sailean ez dute esku hartzeko asmorik, ez duelako «ingurumen kalte larririk» ikusten. Alkateak adierazi du Jaurlaritzarentzat egoera ez dela horren larria, baina koalizio subiranistak baietz uste du. Hala ere, alkateak azaldu du asteazkeneko bilkuran esan ziotela aztertzen ari direla nola egin dezaketen lanak bere gain hartu ahal izateko, baina oraingoz ezin dutela halakorik egin.

Alkatearen ustez, Zaldibarko herritarrak eta inguruko udalerrietako biztanleak «oso kezkatuta» daude zabortegiaren egoeraren berri izan zutenetik: «Eitzagako auzotarrek eta zabortegiaren inguruko herritarrek nahikoa sufritu dute dagoeneko: sei urte geroago, ez dute egoera hau merezi. Verter Recycling enpresa ez bada gai mantentze lanak egiteko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu beharko lituzke, modu subsidiarioan».

«Egoera larria»

Alkateaz gain, Ander Goikoetxea EH Bilduko legebiltzarkidea ere izan da Eitzagako prentsaurrekoan, eta azaldu du «EH Bilduren kontrol ekintzari» esker argitaratu direla zabortegiaren egoerari buruzko azken informazioak, alderdi subiranistaren talde parlamentarioak egindako galderei esker lortu baitute informazioa. Alkateak esan bezala, egoera «larria» dela uste du Goikoetxeak: «Lixibiatuak filtratzen ari dira instalatu zen ponpatze sistemak ez duelako elektrizitaterik, eta enpresak ez duelako ezer egiten hori konpontzeko. Gainera, ez dago isurketa toxikoei buruzko kontrolik, eta Eusko Jaurlaritzak 2024an instalatu zuen behin-behineko estaldurak zuloak ditu leku batzuetan».

Goikoetxeak gogorarazi du Verter Recylcing enpresa «likidazio fasean» dagoela, ez duela erantzukizun zibilaren asegururik eta ez duela mantentze lanik egin, baliabiderik ez duelako, besteak beste; horregatik, hark ere Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lanak modu subsidiarioan egiteko.

Epaiketaren zain

Zaldibarko zabortegiaren luiziaren epaiketa nagusia oraindik ez da egin, instrukzio fasea behin baino gehiagotan luzatzeko eskatu baitu Durangoko Auzitegiak. Maiatzaren hasieran, bederatzi ikertuk deklaratu behar zuten, baina hori ere bertan behera utzi dute behin-behinean, Bizkaiko Auzitegiak defentsek jarritako helegiteak aztertzen dituen bitartean.

Bestalde, enpresak oraindik ez du dirurik itzuli, luiziaren ostean Eusko Jaurlaritzak egin behar izan zituen lanei dagozkien gastuen harira. Guztira 29 milioi euroren lanak egin zituen Eusko Jaurlaritzak, egonkortze eta zigilatze lanak bereziki. Bada, Verter Recycling oraindik ez da hasi zor hori kitatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!