Airean dago dena. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako osasun ituna adosteko mahaiak bilera egingo du datorren ostiralean, eta, printzipioz, aurreikusita dago hori izango dela azken bilkura eta han bozkatuko dituztela mahaia osatu duten 24 lantaldeen behin betiko txostenak; baina oraindik ez dago adostasunik gai nagusietako batean: arlo publikoaren eta enpresa pribatuen arteko harremanari buruzkoan, alegia. EH Bilduk zuzenketa bat aurkeztu du osasungintza publikoa «blindatu eta lehenesteko», eta Jaurlaritzak proposamen horri ematen dion erantzuna «gakoa» izango da prozesuaren norabidea definitzeko: «Pilota haien teilatuan dago», esan du Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak.
Bost neurri proposatu ditu EH Bilduk: Osakidetzak eskaintzen dituen zerbitzu guztien inbentarioa egitea; eragile pribatuekin dituen kontratu guztiak banan-banan aztertzea, hori «aukerarik onena» ote den jakiteko; administrazioak, elkarte profesionalek, langileek eta Osakidetzako zerbitzuak erabiltzen dituzten herritarrek osatutako esparru bat sortzea, ebaluazioa egiteko; kanporatutako zerbitzuak alor publikoan berriro integratzeko plangintza bat egitea; eta osasungintza publikoaren gaitasuna indartzea, beharrezkoak diren baliabideak hara bideratuta. Bost alor horietan helburuak betetzen diren ala ez neurtzeko zenbait adierazle ere proposatu dituzte.
Otxandianoren ustez, lankidetza publiko-pribatuaren auzia «kritikoa» da, ez da «beste gai bat», eta gainerako lantaldeetan adostutakoa «zeharkatu» egiten du; beraz, horrek hartzen duen norabidea «gakoa» izango da eta prozesu osoa baldintzatuko du. Testuingurua aipatu du Otxandianok hori arrazoitzeko: esan duenez, Europa osoan joera da BPG barne produktu gordinaren %5a gastu militarretara bideratzea, eta horrek, ezinbestean, zerbitzu publikoak murrizteko «tentazioa» areagotuko du. Demografiaren bilakaerak eta digitalizazioak enpresa pribatuei irekitzen dizkien «negoziorako aukerek» ere indartzen dute joera hori.
Horren aurrean osasungintza publikoa indartzea «herritarren agindua» da, Otxandianoren aburuz: «Hauteskunde kanpainan gai nagusietako bat izan zen, eta alderdi guztiek adierazi zuten osasungintza publikoa indartzeko konpromisoa». EH Bilduren ustez, konpromiso hori gauzatzeko ez dira nahikoak borondate oneko adierazpenak edo zerbitzu publikoa «bermatuta» dagoela esatea.
«Aurkeztu dugun proposamenak elkargune bat jartzen du, mundu guztiak onartzeko moduko lurzoru bat»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko bozeramailea
Gobernuak kalkulatu du osasun publikoak sektore pribatuarekin duen menpekotasuna %6koa dela, eta proposatu du aurrerantzean portzentaje hori ez gainditzea. Proposamenak ez du EH Bildu asebetetzen, eta, gainera, zalantzak ditu datu horren inguruan: «%6 hori ez da zehatza, eta ez dakigu oso ondo zertaz ari diren hori aipatzen dutenean. Litekeena da Osasun Sailaren zerbitzuen %6 alor pribatuaren esku egotea, baina Osakidetzak askoz kontratu gehiago ditu enpresa pribatuekin».
Horregatik, «irabazi asmoari atea itxi eta dependentzia murrizteko neurri zehatzak» proposatu dituzte: «Uste dugu zuzenketan aurkezten ditugunek elkargune bat jartzen dutela, mundu guztiak onartzeko moduko lurzoru bat». Otxandianoren esanetan, eragileren bat ados ez badago azaldu beharko du «zertan eta zergatik» ez dagoen ados: «Pilota Jaurlaritzaren teilatuan dago».
Prozesua kudeatzeko modua
Otxandiano kritiko agertu da Eusko Jaurlaritzak prozesua kudeatzeko izan duen modua dela eta. Gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan nabarmendu duela «lantaldeetan jorratutako 24 arloetatik 22tan adostasuna» zegoela: «Hori gezurra da. Gobernuak hori esaten zuenean, txostenak oraindik eztabaidagai zeuden lantaldeetan, eta zuzenketak aurkezteko prozesuan geunden».
Otxandianok «errespetu falta» iritzi dio jokabide horri, eta erantsi du zenbait eragile «haserre» daudela hori dela eta: «Hemen jende askok lan handia egin du, eta jende horrek begirunea merezi du Gobernuaren aldetik. Hori prozesua instrumentalizatzea da. Horrela ez da konfiantza sortzen».
EH Bilduren iritziz, Jaurlaritza osatzen duten alderdien «behar politikoak» daude horrelako jokabideen atzean: «Jaurlaritzak komunikazio plan bat egin du, eta, horren arabera, ekainaren 27ra iritsi behar zen ituna badagoela iragarriz baina edukiei erreparatu gabe. Hori ez da batere serioa».
Otxandianoren aburuz, «behar politiko» horien itzala atzematen da prozesuaren azken txanpa honetan ere. Esan duenez, oraindik ez dauzkate ostiralean bozkatu behar dituzten behin betiko txostenak; beste aldetik, EH Bilduk igandean aurkeztu zuen harreman publiko-pribatuari buruzko zuzenketa, eta gainerako eragileek biharko adierazi behar dute zein den horretaz duten jarrera, 14:00ak baino lehen, posta elektronikoz eta, printzipioz, aurrez aurreko bilerarik egin gabe.
Gauzak horrela, zaila dirudi ostiraleko bileratik osasun itunik ateratzea. Baina prozesua itun orokor batekin amaitu behar izatea ere zalantzan jarri du Otxandianok, eta gogorarazi du ostiraleko bilkuran ez dela itun orokor baten inguruko bozketarik izango, eta 24 lantaldeetako txostenak banan-banan bozkatuko direla.
EH Bilduren iritziz, itun bat iragarri ahal izatea baino garrantzitsua da txostenetan jasotako edukiak baliagarriak izatea osasungintza publikoa berpizteko. Ostiralerako itun bat iragarri ahal izatea ere Jaurlaritzaren «behar politikotzat» jo du Otxandianok: «Ostiralean ez da ezer amaituko. Zergatik jarri dute epemuga hori? Oporretara goazelako? Gu uztailean lanerako gaude».
«Ekarpenak hor daude, eta lantzea ondo dago, baina adostasunak ere lortu behar dira. Guk errespetatuko dugu mahaian adosten dena»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Eusko Jaurlaritzaren asteroko gobernu bileraren ostean erantzun dio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Otxandianori. Aldez aurretik, aitortu du EH Bilduko bozeramaileak egindako adierazpenak ez zituela zehatz ezagutzen, baina osasun ituna adosteko prozesua ezin dela gehiago luzatu esan du. «Sei hilabeteko epea aurreikusi genuen ituna lortzeko eta, hainbat eskaera tarteko, luzatu egin da prozesua. Baina orain heldutasun momentuan gaude, jakin badakizkigu eragile bakoitzak defendatzen dituen posizioak, eta bustitzeko garaia heldu dela uste dut». Horregatik, ostirala «egun garrantzitsua» izango dela iragarri du.
Mahaiari errespetua zor zaiola gaineratu du. «Mahaian ez daude bakarrik alderdi politikoak. Eragile asko daude, eta ezaugarri ezberdinetakoak: sindikatuak, pazienteen elkarteak, kolegioak... Guk errespetatuko dugu mahai horretan adosten dena. Baina ezin dena da bakoitzak bere ideiak inposatzea. Ekarpenak hor daude eta lantzea ondo dago, baina adostasunak ere lortu behar dira. Orain da garaia».