11. urtez, Nafarroako Gobernuak aurrekontuak izango ditu, eta, Txibiteren gobernuari dagokionez, zazpigarren aldia izango da. Gaur goizean, parlamentuan, EH Bildurekin hitzartutako akordioa gauzatu dute gobernuko hiru bazkideek —PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak—, eta aurrera atera dira 2026ko aurrekontuak. Zehazki, EH Bildu abstenitu egin da, eta eskuineko oposizioak kontra bozkatu du. «Gaur urrats bat gehiago egin dugu Nafarroarako babesten dugun ereduaren alde; alderdien interesen gainetik interes orokorra lehenesten duen Nafarroaren alde, alegia», azpimarratu du Ainhoa Unzu PSNko parlamentariak.
Aurrekontuen lege proiektua urriaren 31n erregistratu zen legebiltzarrean, eta ordurako etxeko lanak eginak zituzten Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek. Izan ere, EH Bildurekin hitzartua zuten akordioa, eta lege proiektuan koalizio abertzaleak proposatutako hamabost milioi euroren diru sailak txertatu zituzten, besteak beste; gero, lau indarren artean, beste hemeretzi milioi euroko zatikako zuzenketak bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Hilabete eta erdi honetan, egitasmoak bere bidea egin du parlamentuan: lehenik, oposizioaren osoko zuzenketak atzera bota zituzten, ekonomia eta ogasun batzordeak zatikako 368 zuzenketak onetsi zituen; eta, azkenik, gaur prozesu guztia burutu da.
332Zenbat handitu den aurrekontua. Inoizko aurrekonturik handiena kudeatuko du datorren urtean Nafarroako Gobernuak: 6.741 milioi eurokoa. Zorraren eta interes tasen amortizaziorako erabiliko diren 423 milioi euroak kenduta, 6.318 milioi euro izango ditu gastu eta inbertsio publikorako. Iazko aurrekontuen aldean, 332 milioi euro gehiago (+%5,2) izango ditu.
Osoko bilkura hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute lanean hildako azken langileari begirunea azaltzeko. Gero, eztabaidan, Geroa Baiko Mikel Asiainek azpimarratu du aurrekontua elkarrizketa politikoaren eta akordioaren emaitza dela, eta gogora ekarri du egoera hori ez dela ohikoa gaur egun Europan. «Aurrekontuak ezinbesteko erreminta dira gure lurraldearen egonkortasunari begira, eta Geroa Bai ezinbestekoa izan da hori bermatzeko».
Aurrekontuaren edukiari begira, Asiainek azaldu du ehun eurotik 54,7 gastu sozialerako izango direla. Geroa Baik kudeatutako departamentuei erreparatu nahi izan dio. Batetik, osasungintzan hainbat osasun etxe eraikiko eta zaharberrituko dira —hala nola Atarrabian, Erripagañan, Cascanten, Orkoienen eta Gaiarren—, eta Lizarrako eta Tuterako ospitaleetako ekipamendu eta baliabideak indartuko dira. Asiainen arabera, datorren urtean osasun legea aurrera ateratzea eta itxaron-zerrendak murriztea izango dira bi lehentasun nagusiak. «Ezarritako neurriek 2026an emango dute emaitza», ziurtatu du.
«Gaur urrats bat gehiago egin dugu alderdien interesen gainetik interes orokorra lehenesten duen Nafarroaren alde»
AINHOA UNZU PSNko eleduna
Industriarentzat oso urte zaila da hau, baina arlo horretan ere etorkizuneko erronkei aurre egiteko marko juridikoa eguneratzeko helburua du gobernuak, lege berri baten bidez. Horri begira, aurrekontua %19 handitu da, baina industria elektrifikatzeko bidean argindar sarea hobetzea ezinbestekotzat jotzen du Asiainek. Hala, Espainiako Gobernuak datozen urteetan argindar sarea hobetzeko aurkeztu duen inbertsio planari alegazioak aurkeztu berri dizkio Industria Departamentuak, proposatutakoa nahikoa ez delakoan.
Faltzesen, D eredua
Euskara arloan, helduen alfabetatzerako eta euskarazko komunikabideentzako laguntza lerroak hobetu direla azpimarratu du. Faltzesen D eredua eskaintzeko, ia milioi bat euro jarriko dira: aurrekontu proiektuan 400.000 euroko ekarpena egin zuen EH Bilduk, eta gero Geroa Baik beste 550.000 euroko zuzenketa gehitu du. «Udalaren babesarekin eskaera hori egin duten 21 familiek merezi dute», azpimarratu du Asiainek.
EH Bilduko Laura Aznalek nabarmendu du ez direla koalizioaren aurrekontuak, baina uste du «poztekoa» dela berriro ere Nafarroako Gobernua eta koalizioa ados jartzeko gai izatea. «Beti jendartea erdigunean jarriz, baliabideak ematen dizkiogu gobernuari politika ausartagoak egin ditzan». Eskuineko oposizioak hasieratik akordioa egintzat jo bazuen ere, urtetik urtera «zailagoa» dela onartu du Aznalek. «Eskuinaren kontakizun hori errealitatetik urrun dago, eta, logikoa den moduan, gu gero eta exijenteagoak gara».
«Aurrekontuak ezinbesteko erreminta dira gure lurraldearen egonkortasunari begira, eta Geroa Bai ezinbestekoa izan da hori bermatzeko»
MIKEL ASIAIN Geroa Baiko parlamentaria
Besteak beste, azpimarratu du aurreko urteetan egindako proposamenak «kontsolidatu» direla eta 1.100 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko dela, zerga kenkarien bidez. Mezu bat bidali dio gobernuari. «Inertzia ez da aukera bat: politika ausartagoak eta eraldatzaileagoak behar dira». Cerdan auziak Nafarroako egoera politikoa nahasi badu ere, «ziurtasuna emateko konpromisoa» berretsi du Aznalek. Aurrekontuez gain, osasun legea, industria legea eta despopulazioaren aurkako legea ere onartzeko daude: «Asko falta da legealdia amaitzeko. Guk modu berean jarraituko dugu lanean. Lehenik herria, gero alderdia».
UPNk, baina, eztabaidari ihes egin dio, eta haren mintzaldian Cerdan auziaren itzala nabaritu da. «Lotsarik bazenute, hauek lirateke zuen azken aurrekontuak», ohartarazi du, eta gero Maria Txibite lehendakariari mintzatu zaio: «Bakarrik zaude, baina, Senatuan Santos Cerdanek esan bezala, hobe bakarrik egotea konpainia txarrean egotea baino», esan du, EH Bilduri eginez erreferentzia. Jarraian, abisu zuzena egin die gobernuko bazkideei: «Hemendik aurrera, gauzek okerrera egingo dute. Hurrengo albistearen, UCOren hurrengo txostenaren, hurrengo miaketaren edo hurrengo atxiloketaren esperoan egongo zarete».
«Hemendik aurrera, egoerak okerrera egingo du. Hurrengo albistearen edo UCOren hurrengo txostenaren esperoan egongo zarete»
JAVIER ESPARZA UPNko eleduna
Esparzak kontseilari bakoitzaren lana epaitu du bere ikuspegitik, baina, zerrenda kritikoa egin ondotik, haren ezintasun politikoa azpimarratu nahi izan du PSNko Ainhoa Unzuk. «Ez zara gain izan hamar urtean kritika horiek lidergo bihurtzeko. Zure kritika zure gainbeheraren aitortza da».
Zurekin Nafarroako Miguel Garridok ere eskuinaren estrategia salatu du. Azken hamarkadan, aurrekontuak %40 baino gehiago igo dira, baina, epe horretako KPIa eta biztanleria handitu direla aintzat hartuz gero, herritar bakoitzeko gastu publikoa txikitu egin da egiazki. «Eskuinak magia proposatzen du, baliabide gutxiagorekin gehiago gastatzeko gai direla esaten baitute, eta hori iruzur hutsa da. Horregatik, ez dute kopuruez hitz egiten, eta nahiago dute Belate hizpide izan». Dena den, bazkideei mintzatu zaie, eta gaineratu du herritarren beharrei erantzuteko baliabideak handitu besterik ez dagoela, olatu atzerakoia ikusirik. «Faxisten garaipena gure porrotaren adierazle da, eta gure garaipena, haien porrotaren isla».
«Asko falta da legealdia amaitzeko. Guk modu berean jarraituko dugu lanean. Lehenik herria, gero alderdia»
LAURA AZNAL EH Bilduko parlamentaria
PPko Javier Garciaren ustez, PSN «krisi etikoan» dago: «Zer sinesgarritasun duzue Cerdanen alde eskuak sutan jarriko zenituzketela esan ostean? Dagoeneko kiskaliak dituzue eskuak». Haren irudiko, aurrekontuetako dirua «bazkideen artean» banatuko dute, eta herritar zaurgarrienei ez diete erantzungo. «Aurrekontu hauek sozialak direla esateak lotsa emango lidake. Aurrekontu hauek ideologikoak dira».
Zerga Neurriak ere, aurrera
Abenduko azken osoko bilkura urteko garrantzitsuena izan ohi da, finantza publikoen bi aldeen legeak eztabaidatu eta onartu baitira. Aurkia, gastuen atalari dagokion aurrekontua; Ifrentzua, berriz, diru sarrerei dagozkien zerga neurriak. Lege horri dagokionez, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak ere alde bozkatu dute. Berritasun nagusia izan da UPN abstenitu egin dela, EH Bildurekin batera.
Errenta zergan, 1.100 euroko pentsioa bermatuko zaie pentsiodunei, kenkari bidez. 17.000 eurotik beherako errenta dutenek ez dute zerga ordaindu beharko, eta zerga apalduko diete 32.000 eurotik behera irabazten dutenei. Errenta zergaren aldaketen ondorioz,135 milioi euro gutxiago bilduko ditu Nafarroako Gobernuak bi urtetan. Sozietate zergan, berriz, aldaketa nagusia izango da egun %28ko tasa pagatzen duten konpainiek %25 ordainduko dutela, baldin eta hainbat baldintza betetzen dituztela egiaztatzen badute.