2026ko aurrekontuei bide emateko akordioa egin du Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin

Akordioaren arabera, 1.100 euroko gutxieneko pentsioak bermatuko dira, lan ikuskaritzaren eskumena lortzeko eskaerari bide emango zaio, eta Faltzesen D eredua ezartzeko diru saila ezarriko da. Aznalek azpimarratu du akordioak «balio politikoa» duela.

Jose Luis Arasti eta Laura Aznal, elkarri eskua ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
Jose Luis Arasti eta Laura Aznal, elkarri eskua ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko urriaren 31
16:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamaikagarren urtez, aurrekontuak izango ditu Nafarroak. Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioa lortu dute datorren urteko aurrekontuei bide emateko, eta, aurreko urteetan egin bezala, EH Bildu abstenitu egingo da. Negoziazio zailak izan direla baieztatu dute bi aldeek, baina, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esanetan, «interes partekatuak» dituzte. Laura Aznalen ustez, «balio politikoa» du akordioak. «11 urte badira eskuinak baldintzatu gabeko aurrekontuak ditugula».

Aurrekontuen lege proiektua parlamentuan aurkeztu baino ordu erdi lehenago sinatu dute akordioa, 12:30ean. Gobernuaren izenean, han ziren Arasti bera eta hiru presidenteordeak: Felix Taberna, PSNkoa; Ana Ollo, Geroa Baikoa; eta Begoña Alfaro, Zurekin Nafarroaren izenean. EH Bilduren aldetik, Aznal, Adolfo Araiz eta Mikel Zabaleta izan dira agerraldian.

«Eskuinak zarata sortzen du, aurrera ez doan Nafarroaren irudia ematen du, baina hori gezurra da. Hemen dago lan isilaren emaitza» 

JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Aurrekontuek herritarren beharrei erantzun eta gizarte zerbitzuak indartzeko balioko dutela nabarmendu du Arastik. «Desadostasun agerikoak ditugu, baina, era berean, lehentasunetan bat gatoz». Hala, eskuineko oposizioari mintzatu zaio. «Zarata sortzen du, aurrera ez doan Nafarroa baten irudia ematen du, baina hori gezurra da. Hori gorabehera, arduraz jokatuz, hemen dago lan isilaren emaitza». Gero, atzoko istiluen harira UPNk kritikatutakoaz galdetu diote: «Ni atzo 23:00ak arte aritu nintzen hemen negoziatzen, eta gaur 08:00etan ekin diogu elkarrizketari. Ez dut betarik izan Cristina Ibarrolak esandakoa entzuteko». 

Aznalek argi utzi du ez direla EH Bilduren aurrekontuak. «Horregatik abstenituko gara», zehaztu du, baina argi utzi du haien ekarpena nabarituko dela 2026ko kontuetan. «Geroz eta ezegonkorragoa den mundu honetan, atzera egiteko geroz eta saiakera gehiago ikusten dugun honetan, are balio handiagoa du indar aurrerakoien arteko akordioak». Zerbitzu publikoa indartzea izan da EH Bilduren xede nagusia. «Egonkortasuna eman diogu gobernu honi azken urteotan, arduraz jokatzen dugulako, herria alderdiaren gainetik lehenetsiz».  

Hamabost milioi euro

Akordioaren arabera, lege proiektuak jasoak ditu koalizioak proposatutako diru sailak, eta orotara hamabost milioi euro finantzatuko dituzte EH Bilduk proposatutako neurriek. «Dirua ez da garrantzitsuena: proposamenaren eduki kualitatiboari ematen diogu garrantzia», aipatu du Aznalek. Hala, akordioak fiskalitate arloko eta departamendu bakoitzeko diru sailak jasotzen ditu.

Urtero, zerga neurriak eztabaidatzen dira parlamentuan aurrekontuekin batera. Aurten, datorren ostiralean aurkeztuko du lege proiektua gobernuak, eta gobernuko hiru bazkideak eta EH Bildu negoziazio betean dira.

6.741

Aurrekontua. Orotara, 6.741 milioi euroko aurrekontua izango du gobernuak 2026an, eta, behin finantza gastuak kenduta, 6.319 milioi erabiliko ditu gastu eta inbertsio publikorako. Aurtengoarekin alderatuta, %5 gehiago izango du.

Normalki, fiskalitatean desadostasunak are nabarmenagoak izan ohi dira, baina, aurrekontuaren eztabaidaren testuinguruan, koalizio abertzaleak neurri garrantzitsu bat hitzartu du: errenta zergako kenkarien bidez, 1.100 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko du.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak autogobernuan beste urrats bat egiteko konpromisoa hartu du, eta lan eta Gizarte Segurantzako ikuskaritzaren eskumena bereganatzeko tramiteak hasiko ditu. «Funtsezkoa da. Lan istripu kopurua handia da, eta garrantzitsua izan daiteke eskumen hori gure gain hartzea, zifra horiek hobetzeko eta, nola ez, gure subiranotasuna bermatzeko», azaldu du Aznalek.

«Egonkortasuna eman diogu gobernu honi azken urteotan, arduraz jokatzen dugulako, herriaren interesak alderdiaren gainetik jarriz»

LAURA AZNAL EH Bilduko eleduna

Euskararen atalean, bi ekarpen nabarmendu ditu Aznalek. Alde batetik, Faltzesen D eredua ezartzeko 950.000 euroko aurrekontua jaso da. «Herrian D eredua ezartzea bultzatu duten familiena da meritua. Azken urteetan, aldarrikapen hori jaso eta eskari hori betetzeko lan egin dugu». Bestetik, helduen alfabetatzeari begira, «jauzi kualitatiboa» emango da ikasleek A2 eta B1 mailetako matrikulazioa doan izan dezaten.

Zerbitzu publikoei dagokienez, mendekotasun arloan balorazio talde berri bat sortuko da, eskaerak egiten dituzten herritarrei epeak laburtu nahian. Horrez gain, Osasun Departamentuak osasun azpiegituren plan bat landu beharko du asistentzia beharrei aurre egiteko. Etxebizitzaren eremuan, etxe parke publikoa garatzeko neurriak jaso dituzte.

Abenduaren 18an

Akordioa iragarri eta ordu erdira, 13:00etan, Arastik Nafarroako Parlamentura jo du, eta 2026ko aurrekontuen foru lege proiektua aurkeztu dio Unai Hualde legebiltzarreko lehendakariari. Modu horretan, aurrekontuek parlamentuko bideari ekingo diote. Abenduaren 18ko osoko bilkuran aterako dira aurrera.

Horri begira, EH Bilduk konpromisoa hartu du ez duela babestuko oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketarik. Gainera, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aho batez onartutako zuzenketa partzial guztiak aurrera aterako dira. Berez, orain onartutako akordioan jaso denez, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa partzialek beste 4,4 milioi eurorainoko diru sailak finantzatuko dituzte. «Oraindik ere badago denbora jokatzeko», azaldu du Aznalek.

Aurreko urteko akordioa bete ote den galdetuta, Aznalek onartu du bete gabeko puntuak daudela. «Adibidez, klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren legetik eratorritako kontu jakin batzuk ez dira bete, eta guretzat garrantzitsuak dira. Uler ditzakegun faktoreak daude, baina bete daitezela exijitzen jarraituko dugu». 

UPN, kexu

UPN aurrekontu akordioaren kontra azaldu da, eta ohar batean kritikatu du EH Bilduk «gero eta indar handiagoarekin» ezarri izana Nafarroako Gobernuaren bidea. Cristina Ibarrola alderdiko presidentearen ustez, ez da «konponbide erreal bat bera ere» jaso etxebizitza eta osasungintza arloetan dauden arazoak konpontzeko, baina bai «Nafarroaren euskalduntzean eta subiranotasunean». Hala, PSNri leporatu dio Nafarroa «abertzaleago» bat sustatzea.

Kontrara, PSNk eta Geroa Baik ontzat jo dute ituna. Ainhoa Unzu sozialistak nabarmendu du «ezberdinen arteko ulermenaren» ondorio dela akordioa, eta gobernuaren «egonkortasuna» indartzen duela, «Nafarroaren aurrerapen sozialaren eta ekonomikoaren» mesedetan. Geroa Baik, berriz, «arduraz» jokatu izanari eman dio garrantzia, eta aurrekontuen «begirada aurrerakoi eta plurala» nabarmendu du.

(ID_17619176659125) Nafarroako Gobernuko kontseilari Jose Luis Arastik aurrekontu or
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur. MIGUEL OSES

Akordioa

  • Gutxieneko pentsioa. Urtean, gutxienez 15.400 euro gordineko errenta bermatuko zaie pentsiodunei, kenkarien eta osagarrien bidez.
  • Haur eskolak. Udalekiko hitzarmenetan, haur eskoletarako diru saila handituko da, eta zentroetako langile kontratazioa batez beste 1,5ekoa izatea bermatuko da. 
  • D eredua. Faltzesen D eredua ezarriko da, eta 2026-2027 ikasturterako egiten diren eskari berriei egoki erantzuteko konpromisoa hartu du Hezkuntza Departamentuak.
  • Etxeko arreta zerbitzua. Herrietan, etxeko arreta zerbitzua indartzeko 1,8 milioi euro inbertitu dira. Gobernuak orain hitzartu du ez duela diru laguntzetarako deialdien bidez egingo, eta finantzaketa hori egonkortzeko beste bideak hartuko dituela.
  • Euskara. Helduen alfabetatzean, 150.000 gehiago jarriko dira A2 eta B1 mailetako ikasleen matrikulazioa errazteko. Euskaltegietako laguntzak beste 75.000 euro handituko dira, eta euskarazko ikus-entzunezkoak sustatuko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.