'Cerdan auziaren' karta jokatuta ere, eskuinak ezin izan du gerarazi Nafarroako aurrekontu proiektua

Legebiltzarreko gehiengoak atzera bota ditu UPN, PP eta Voxen osoko zuzenketak. «Intsumiso izateko» eskatu die Esparzak gobernuko kideei; PSNk erantzun dio «arinkeriaz» egiten dituela akusazioak, «frogarik gabe, eta forudun izatearen babespean».

Javier Esparza, UPNko eleduna, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Javier Esparza, UPNko eleduna, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2025eko azaroaren 20a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gure osoko zuzenketak jada ez du garrantzirik. Gobernu honi osoko zuzenketa egin diona Guardia Zibila da». Gogor hasi du bere hitzaldia UPNko Javier Esparzak. Jakina zen Nafarroako Gobernuari eusten dion gehiengo parlamentarioak atzera botako zituela UPNk, PPk eta Voxek 2026ko aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta hala izan da azkenerako. Horren jakitun, estrategia aldatu du UPNren eledunak: kontuei buruzko eztabaida alboratu, eta bete-betean heldu dio Cerdan auziari, Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboaren azken txostena arma politiko gisa baliatuta. «Azken ustelkeria kasu handia hemen sortu zen, Nafarroan. Egungo Nafarroako Gobernua Santos Cerdanek sortu zuen, EAJrekin, EH Bildurekin eta Zurekin Nafarroarekin hitzartuta. Hurbileko pertsonak ardura postuetan jarri zituen, berak nahi zuena egin zezaten. Eta azpijoko ustel horrek arrakasta izan zezan, beharrezkoa zen beste alde batera begiratuko zuen lehendakari bat».

Akusazio are larriagoak egin ditu Esparzak. Esan du, besteak beste, Santos Cerdanek eta Antxon Alonso enpresariak ustez sortutako «trama ustelak» Nafarroan adjudikatutako «obra publiko guztietan» kobratu zituela %2ko komisioak: «Ustelkeria Nafarroako Gobernuan sartu zen, ateak parez pare ireki zizkiotelako. Txibite lehendakari da ustelkeriari esker». Horiek horrela, 2026ko aurrekontu proiektua «ustelkeria finantzatzeko tresna» dela uste du buruzagi erregionalistak.

Horrez gain, UPNko lehendakari ohia gobernukideen artean pitzadurak sortzen saiatu da, eta ustelkeria kasuen aurrean «intsumiso» izatea galdegin die: «Badakit kontseilarietako batzuk zintzoak direla. Ez dut hori ukatuko, eta ez dut zalantzan jarriko. Baina kontseilari eta kargudun horiek kontuak eskatu beharko lizkiokete lehendakariari. Izan daitezela intsumiso, eta koherentziaz joka dezatela pentsatzen dutenarekin». Lehendakariaz gain, Jose Luis Arasti Ekonomia kontseilaria ere susmopean jarri du Esparzak, baina delitu zehatzik leporatu gabe: «Ez gara zutaz fidatzen, Arasti jauna, zure ibilbide politiko osoa zor diozulako Santos Cerdani».

Bide beretik jo du PPko Javier Garciak. Nabarmendu du Nafarroako Gobernua «ustelkeriak itota» dagoela, eta obra publikoetan inbertitutako milaka milioi euro erabili direla «Santos Cerdanen patrikak betetzeko». Horrez gain, «Bildurengandik gero eta hurbilago egotea» leporatu dio Maria Txibiteri: «Geroz eta hobeki konpontzen zara Nafarroa Espainiatik kanpo nahi dutenekin». Voxeko legebiltzarkide eta militar ohi Emilio Jimenez Romanek, ordea, beste gai batzuen inguruan idatzia zekarren diskurtsoa, eta Cerdan auziak ez dio bide orria aldarazi. Immigrazioa eta indarkeria matxista lotzea, batetik, eta gaztelaniaren aurkako «apartheid linguistikoa», bestetik, horra eskuin muturreko bozeramaileak egin duen diskurtsoan azaleratu diren ardatzetako batzuk. Gobernu osoaren dimisioa eskatu du, aurrekontuak EH Bildurekin adostuta «Nafarroari traizio» egin zaiolakoan.

PSN: «Koldarkeria hutsa da»

Erantzunen txandan ere, gutxik heldu diote aurrekontuen gaiari, Cerdan auziak ia osorik monopolizatu baitu eztabaida. PSNko Ainhoa Unzuk oso larritzat jo du Esparzaren diskurtsoa: «Ustelkeria leporatu diezu gobernu honetako bi pertsonari, eta hori frogatu beharko duzu. Koldarkeria hutsa da gezurrak arinki botatzea, frogarik batere gabe eta forudun izatearen babespean». Haren esanetan, Nafarroako Parlamentuan abian jarritako ikerketa batzordean argi gelditu da Belateko kontratazio mahaian «inork ez zuela esku sartze edo presio politikorik sufritu» obrak adjudikatzeko, eta Esparzari gogorarazi dio Guardia Zibilaren UCOk ez dituela ikerketapean Belateko lanak.

EH Bilduren izenean, Laura Aznal legebiltzarkideak esan du «déjà vu sentsazioa» izan duela eskuineko hiru taldeen «betiko mantrak eta obsesioak» entzunda: «UPNk, PPk eta Voxek bat egiten duzue ildo nagusietan: euskarafobia, Bilduren rola gobernuaren politiketan, errezeta neoliberalak... Eta horregatik guztiagatik, beste behin ere, bazterrean geratuko zarete. Izan ere, hamarkada luzez pairatu ditugu zuen politikak, eta memoria ona daukagu».

Geroa Baiko ordezkari Pablo Azkonak adierazi du UPNk aukerak izan dituela instituzioen gardentasuna eta ustelkeriaren aurkako borroka lehenesteko, eta ez duela beti horrela jokatu: «2018an, PP alderdi osoa kondenatu zuten, ustelkeriarekin aberasteagatik. Hamabost ustelkeria kasutan baino gehiagotan kondenatu dute. Eta hala ere, 2019an, Esparza jaunak ituna sinatu zuen haiekin, Nafarroako bozetara koalizioan aurkezteko. Argi dago, beraz, orduko hartan ustelkeriak ez zuela hainbesteko garrantzirik UPNrentzat». Cerdan auziari buruz, Azkonak esan du Guardia Zibilak propio ikertu dituela Logroñoko, Sevillako (Espainia) eta Kataluniako obra batzuen adjudikazioak, baina ez Nafarroakoak.

Azkenik, Zurekin Nafarroa koalizioko Miguel Garridok erronka bota dio Esparzari: «Esan ezazu, gobernu honen barruan, zeintzuk liratekeen kontseilari ustelak. Eman izen-abizenak, eta aurkeztu frogak. Hala egiten baduzue, hurrengo egunean guk geuk eskatuko dugu kontseilari hori kargugabetzeko». Garridoren irudiko, Zurekin Nafarroa betidanik izan da «intsumisoa» ustelkeria kasuekin: «Geuk sustatu genuen parlamentuko ikerketa batzordea, UCOren lehen txostena azaleratu zenean, eta Belateko obrak ikertzeko prest gaude, baina orain arte, ikerketek ez dute adjudikazio bidegabe bakar baten frogarik erakutsi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.