Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campionek bilera egin du gaur goizean billabesetako langileen ordezkariekin. Mankomunitateak ohar batean adierazi duenez, «lan gatazka desblokeatzen laguntzeko neurri sorta» aurkeztu du Campionek bilera horretan: zehazki, autobusen bidaia denborak hobetzeko «eta, horrenbestez, lantaldearen lan baldintzak hobetzeko» neurriak dira mahai gainean jarri dituztenak.
Langileen atsedenaldiak bermatzeko zailtasun handiena duten lineetan eragin nahi dute nagusiki: L18, L5, L1, L25, L4H, L7, N7 eta L24an. Hala, mankomunitateak konpromisoa hartu du linea horietan guztietan autobusak gehitzeko edo maiztasunak hobetzeko, 2026ko lehen hiruhilekoan. L18a adibidetzat jo dute erakundeko arduradunek: «Bidaia denbora 100 minututik 110 minutura luzatuko litzateke, eta hamar autobus gehiago jarriko lirateke linea horretan, egun osoan zerbitzua emateko. Hogei bat gidariren atseden denbora ere luzatuko litzateke».
Neurri horien kostua milioi bat eurorena izanen dela nabarmendu du Iruñerriko Mankomunitateak. Azken hilabeteetan abian jarritako beste neurri batzuk ere aipatu dituzte, hala nola autobus flota ikuskatzeko lanak sendotzea eta autobus kopurua handitzea: «Hurrengo egunetan, flota berritzeko plangintzan aurreikusita ez zeuden sei autobus berri sartuko dira zerbitzuan».
Campionek esplikatu du ahalegina egiten ari direla beren esku dauden alorretan eragina izateko, «baldintzak hobetzeko eta batzordeak helarazitako eskaerei erantzuteko». Nolanahi ere, dei egin die hala lantaldeari nola zerbitzua kudeatzen duen TCC Moventis enpresari, «egoera hoztasunez azter dezaten». «Ez da errealista pentsatzea hobekuntza nabarmenak lor daitezkeela egungo proposamenaren gainean. Zenbat eta lehenago amaitu gatazka, orduan eta hobea izanen da alde guztientzat».