Jauzia Gara estrategiaren jarduera lerro nagusiak plazaratu berritan, solaserako tarte bat hartu du Aitor Aldasorok (Beasain, Gipuzkoa, 1967), Eusko Jaurlaritzaren egitasmo horren norabideaz jarduteko. Estrategiaren sendotasuna aintzat hartzeko eskatu du. Argudiatu du goi-goitik ari zaizkiola hauspoa ematen: «Lehendakaria gurditik tiraka dugu». Gizarte osoko bozak jasotze aldera, entzute prozesu bat ere abian jarri dute: «Eman behar dizkigu argiak». Eta urtebete barru III. Euskal Mundu Biltzarra egingo dute, Bilbon, mundu zabalera begira, beste hainbat hizkuntza gutxiturekin lankidetzan. Labetik atera berri, esperantzarako motibo izan daitezkeen berriak ere ekarri ditu elkarrizketara: ikasturte honetan Euskara Bonua jarri dute martxan —120 euro ordainduta lau urtez euskara ikasteko aukera ematen du—, eta, lehen datuen arabera, emaitza ona eman du: «Igoera egundokoa izan da». Ez dute, ordea, zenbatekoa izan den zehazteko daturik oraindik. Herrian bertan egin du elkarrizketa, Igartza jauregi dotorean.
Eskura dituzuen azken datuen arabera, beraz, euskaltegietako doakotasunaren bidean egindako urratsak fruitua ematen ari dira?
Bai, baina doakotasuna ez da helburua, erreminta bat da, gaur funtzionatzen duena, baina zorroztu behar dena egunero. Emaitzak ematen dituen bitartean ondo, baina behin eta berriz ikusi behar da doakotasun horri zer etekin ateratzen diogun. Euskara Bonuak zer lortzen du? Lau urteko konpromiso bat. Eta euskararen irakaskuntzan argi dago zenbat eta ikasturte gehiago pasatzen dituzun orduan eta trinkoagoa dela. Gero ikasle horiek kanpora ateratzen direnean, ordea, zer dago? Zerekin topo egiten dute? Hori da Jauzia Gara-k erakusten duena. Lan munduan, aisian, familian, hortxe pasatzen ditugu orduak, eta horiei haizea ematea tokatzen zaigu. Nahiko partekatua da diagnosia: mugikortasuna, digitalizazioa eta horiek hor daude, eta horien aurrean zerbait egin beharra dago, jauzi bat: apustu berri bat.
«Doakotasuna ez da helburua, erreminta bat da, gaur funtzionatzen duena, baina zorroztu behar dena egunero»
Horretarako da, hain justu ere, Jauzia Gara?
Bai, guk azken 50-60 urteotan egin dena kontuan hartu, aitortu eta eskertu egin nahi dugu, zeren eta gu hemen gaude norbaitek honaino ekarri gaituelako. Eta orain zer? Orain zerbait esan behar bada hitz handitan, zera esan behar da: ezagutza bermatu da, eta orain egin diezaiogun lekua erabilerari, bai digitalizazioan, bai eremu informaletan, eta beste hainbatetan, ohikoa eta prestigiozko zerbait izateko euskaraz aritzea.
Biltzar bat ere egingo da dinamika honen barruan: III. Euskal Mundu Biltzarra. Heldu den urteko urrian egingo da. Zer lanketa fasetan dago?
Biltzar asko egiten dira, kongresu asko; esaterako, Languages Lanean lan munduko bigarren kongresua egingo da ilbeltzean, Donostian. Baina hirugarren mundu biltzarrak badauka guretzat esanahi berezi bat. Lehendabizikoa, 1956. urtekoa, Agirre lehendakariak egin zuen. Bigarrena Ardanza lehendakari zela egin zen, 1987an. Orain, hirugarrena. Lehendakaria buru dela horrelako zerbait egiteak, ni, euskaldun eta euskaltzale gisa, harrotu egiten nau. Biltzarra mugarri bat izango da, eta aztertuko da norantz eraman nahi ditugun euskararen politikak hurrengo 20-25 urteetan. Gizartea aktibatu nahi dugu, eta hainbat ildo jarri ditugu, lan mundura edo aisialdira begira, adibidez.
Eremu horietara begirako jarduera lerroak abiarazten ari zarete, hain justu ere...
Aurrerapausoak egiteko gakoak non dauden ikusi nahi dugu, baina atzerapausorik izango ez duten bideak nahi ditugu: sistematizatuko direnak. Zeren eta 30 urte daramatzagu lan munduan eta aisialdian euskara sustatu nahian, baina nola joan erabat atomizatuta dauden proiektu txikietatik atzera-bueltarik ez dutenetara? Herri askotan, esaterako, gauza asko egin dituzte, baina maiz ikusten da herri horietako dinamikak edo pertsonak geldotzen direnean bertan behera geratzen direla. Zer egin behar dugu hori atzera ez gertatzeko? Adibidez, lan munduan, enpresetan: zer erabaki hartu behar dira, nork hartu behar ditu. Horretan ari gara.
«Atzerapausorik izango ez duten bideak nahi ditugu: sistematizatuko direnak»
Beste proposamen batzuk ere badira plazan; Euskalgintzaren Kontseiluak hamar urtean 300.000 hiztun berri oso lortzeko erronka jarrita amaitu zuen ikasturtea. Uztar daiteke hau zuek martxan duzuen estrategiarekin?
300.000 hamar urtean? Ez dakit zein den proposamenaren muina. Ni ez naiz atrebitzen zenbakiak jartzen: zenbatera iritsiko garen. Garbi daukat apustu bat daukagula, eta apustua erabileraren ingurukoa ere badela: jauzia erabileran egin beharra daukagu, eta horretarako bitartekoak jartzen ari gara. Helburua da egunero egiten ditugun gauza txikiak ondo egitea, zeren eta euskararen erabilera txikian irabaziko da; musean ariko bagina, txikira irabaziko genuke. Txikian aritzeak esan nahi du Portugaleten eta Zaldibian, adibidez, ezin ditugula politika berdinak egin. Horrek guri lan eskerga eskatzen digu: gerturatu, ezagutu eta elkarteek eta udalek ze bizi duten jakin behar dugu, ze abiadura behar duten... Zeren eta euskarara erakartzeaz ari gara: hemen, behartuta, ezer gutxi lortuko dugu. Erakartze horrek badu soziolinguistikatik, baina psikologiatik ere bai, izugarri.
«Euskarara erakartzeaz ari gara; hemen, behartuta, ezer gutxi lortuko dugu. Horrek badu soziolinguistikatik, baina psikologiatik ere bai, izugarri»
Erabileraz ari zara, baina gaitasunaren aldagaiari erreparatu gabe nekez egingo da hor aurrera. Azken urteotan gero eta argiago ari da geratzen.
Ezinbestekoa da: ez dakienak ezin du hitz egin. Gaitasuna non dago? Mundua gero eta pluralagoa da, baita herri txikietan ere, baita orain arte arnasgune deitu diren lekuetan ere. Era berean, hiriburuetan gero eta arnasgune gehiago dago: arnasgune soziofuntzional deituak. Guztiak zaintzea tokatzen zaigu. Indarra eman behar diogu herri txikietan hitz egiten den euskararen kalitateari, kalitate hori zabaltzeari. Horretarako, dagokien garrantzia eman behar zaie euskalkiei, niretzat ezinbestekoa da. Administrazio hizkuntza gauza bat da, baina herri hizkuntza bestea. Hor daude Eudel, UEMA: lan bikaina egiten ari dira, eta lagungarri izango dira.
UEMAk, hain justu ere, iaz jarri zuen eskea mahai gainean: hizkuntza politika lurralde ikuspegitik planifikatzekoa. Zertan dira harremanak haiekin, eske horri bide emateko?
Uste dut adostasuna dagoela: arnasguneak ezinbestekoak ditugu, zaindu egin behar ditugu. Nola eta zertan zaindu behar ditugun, beharbada hor jarri behar dugu ñabardura. Baina nik uste dut bide beretik goazela.
Euskara mezu baikorrekin lotu beharraz ari zara usu. Beti ez da erraza. Hor daude, esaterako, euskararen normalizazioa eragozten duten ebazpen judizialak.
Euskarak, irabazten duenean ere, galdu egiten du epaitegietan. Saiatu behar dugu talka horretatik ateratzen eta ahal bada atzerapausorik ez ematen. Behin hori esanda, administrazioetan, baita ere, helburua erabilera da: ia denek dakite, baina erabilera askoz ere baxuagoa da. Ezin gara despistatu.
«Administrazioetan, baita ere, helburua erabilera da: ia denek dakite, baina erabilera askoz ere baxuagoa da. Ezin gara despistatu»
Ekinbide atomizatuen arriskua aipatu duzu lehen. Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko modua ere ez dago sistematizatuta.
Koordinazio gehiago behar da erakundeen artean. Lan munduan egiten ari garena da adibidea. Lanera proiektua zer da? Saretze bat. Lehendik atomizatuta zeuden hainbat adibide elkartzea, partekatzea, ilusioa piztea. Harrera planetan-eta teoria idatzita dago; Eudelek, adibidez, iaz liburuxka bat atera zuen azalduz nola jokatu behar den. Gertatzen dena da politika horiek apalategietan geratzen direla ez baditugu eramaten gure eguneroko politiketara. Hor daukagu erronka.
Euskaltzaletasuna hauspotzen jarraitzea garrantzitsua da. Azken urteotan, Korrika ez bazen, Euskaraldia izan da. 2027rako, ordea, Euskaraldirik ez da iragarri...
Hausnarketa lanean gabiltza Tauparekin, Nafarroako Gobernuarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin. Euskaraldia ez badago ere, Euskaraldia motibatuko duten ekintzak izango dira. Euskaraldia egongo den edo ez baino, niretzat interesgarriagoa da ikustea —Tauparen eskutik, kasu honetan— zer bide egingo den: izan ere, bada bide bat indartu beharrekoa, euskal hiztunak aktibatzeko erreminta baleko bat.
«Harrera planetan-eta teoria idatzita dago. Gertatzen dena da politika horiek apalategietan geratzen direla ez baditugu eramaten gure eguneroko politiketara»
Zertan da harremana EEPrekin? Suprefetak haien kontra egin du, eta, besteak besteak, auzitan jarri du Jaurlaritzak EEPri egiten dion diru ekarpena.
Hau aspalditik dator, nahiz eta orain argitaratu. Gure harremana oso ona da. Iparraldeko egoerak babesa behar du, indartze bat behar du, eta Jaurlaritzak oso garbi dauka hori.