Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioaraba ikerketa institutuetako langileek auzitara jo dute, haien soldatak Osakidetzako beharginenekin pareka ditzatela eskatzeko. ELAren babespean eman dute pausoa, eta sindikatuaren Bilboko egoitzan egin dute agerraldia gaur, salaketaren berri emateko. Espainiako Gorteek 2022an onartutako zientzia legea hartu dute argudio gisa: halako institutuetan ikerketa biomedikoan dihardutenen ordainsaria ezin da izan Osakidetzan pareko kategoria profesionala dutenena baino txikiagoa. Izan ere, uste dute euren soldatak %30 igo behar direla batez beste.
Osasun eremuko goi mailako ikerketa egiten dute hiru erakundeotan: erreferentzialak dira, besteak beste, minbizia, esklerosia eta alzheimerra ikertzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak jartzen dituzte ikerketarako irizpideak, baina, izatez, erakunde pribatuak dira hiru institutuak. Eta hori da gatazkaren muina, Iñigo Saez Biobizkaiako langileak azaldu duenez: «Irabazi asmorik gabeko elkarte pribatuak gara; Espainiako erkidego gehienetan, halako ikerketa institutuak fundazio publiko gisa sortu dituzte, baina hemen ez. Beraz, langileak elkarte pribatu batekoak gara; Osakidetzako oposizio bati begira, adibidez, institutuetan lan egindako denbora ez ligukete kontuan hartuko. Institutuak erakunde pribatuak dira, baldintza txar eta prekarioak eskaintzen dituzte, eta ez zaigu aitortzen egiten dugun lanaren funtzio publikoa».
«Euskadiko erkidegoan egiten den ikerketa publikoa hiru institutu horietan kudeatzen da. Izaera juridiko propioa dute, baina funtzionamenduan Osakidetza dira»
ANA GOROSTIDI Biogipuzkoako langilea
Osakidetzarekiko harremana, ordea, ukaezina da: langileek Osakidetzaren logoa daramate mantalean, Osakidetzaren ospitaleetan daude institutuen egoitzak, ikerketak batik bat diru publikoz finantzatzen dira, eta institutuen batzar orokorretako buruak Osasun Saileko goi kargudunak dira. «Euskadiko erkidegoan egiten den ikerketa publikoa hiru institutu horietan kudeatzen da. Izaera juridiko propioa dute, baina funtzionamenduan Osakidetza dira», berretsi du Ana Gorostidi Biogipuzkoako beharginak.
Alde handiak ordainsarietan
Salaketaren bidez, soldatak Osakidetzako pareko kideenekin berdintzea galdegingo dute auzitegietan. Hori da haien eskaera nagusia, ordainsarien arteko aldea oso handia baita. «Nire kategoria profesionalean, goi mailako tituludunen alorrean, batez besteko soldata 28.000 euro gordinekoa da urtean. Osakidetzan, berriz, 56.000 euro inguru jasotzen dute», jarri du adibide gisa Saezek. Soldata txikienetan, aldea ez da hainbestekoa, baina egoera larriagoa da: «Lanbide heziketako teknikariek 21.000 euro inguru kobratzen dute 2024an lortu genuen akordioaz geroztik; Osakidetzan, 29.000 euro. Eta akordio haren aurretik, doktoretza egiten ari ziren ikerlarien saria gutxieneko soldataren ingurukoa zen».
Haietako bat da Iñigo Tellaetxe; doktoretza aurreko ikerlari dihardu Biobizkaian: «Doktoretza osteko ikertzaileek eginak dituzte gradu eta master ikasketak, eta ondoren doktoretza, baina institutuetako zuzendaritzek diote oraindik formakuntzan daudela. Beraz, bi urte barru-edo, doktoretza aurkeztu ostean, ez dakit zer gertatuko den nire etorkizunarekin». Saezek erantsi du doktoretza egina dutenentzat Osakidetzan badagoela ikertzaile kategoria bat: «Institutuak sortu zirenez, kategoria hori ez da ia garatu Osakidetzaren barruan, hain justu, ikerketa lana institutuetara bideratu delako. Zein da aldea? Soldata».
557Zenbat langile diren. Ia 600 lagunek egiten dute lan ikerketa biomedikoko hiru institutuotan: 258k Biobizkaian, 249k Biogipuzkoan eta 50ek Bioaraban.
Soldata igotzea ez ezik, ibilbide profesionala garatzea ere eskatu dute beharginek, Alba Delgado Biogipuzkoako langilearen arabera: «Osakidetzan karrera profesionalean mailaz igo daitezke puntuazio baten bidez, eta horrela oinarrizko soldata ere handituz joaten da. Guk ez dugu halakorik. Baina gure lanetan etengabe ikasten ari gara, garapen eta eguneratze hori ezinbestekoa da, eta hori aitortzeko modu bat da karrera profesionala». Ildo horretan, Saezek nabarmendu du langileen egonkortasuna ere bultzatu nahi dutela: «Egun, kontratu gehienak doktoretza aurrekoak dira, denboran mugatuak. Langile horiek doktoretza garaia gaztetan amaitzen dute, eta oso ondo kualifikatuta, baina azkenean alde egiten dute, enpresa pribatuetara edo atzerrira. Eta guk nahi dugu jende horrek bere lan ibilbidea hemen garatzea, ikerketa taldeek langile horiek ez galtzea, asko kostatzen baita jendea trebatzea».
«Langileek doktoretza garaia gaztetan amaitzen dute, eta oso ondo kualifikatuta, baina azkenean alde egiten dute, enpresa pribatuetara edo atzerrira. Eta guk nahi dugu beren lan ibilbidea hemen garatzea, ikerketa taldeek langile horiek ez galtzea, asko kostatzen baita jendea trebatzea»
IÑIGO SAEZ Biobizkaiako langilea
Izan ere, aitortza eskea ez da soilik ekonomikoa: lanaren izaerarekin eta balioarekin ere lotuta dago. Lanpostuen kategoriak zehaztean, hiru institutuetako zuzendaritzekin dauzkaten korapiloetako bat da ez dietela onartzen haien postuak sanitarioak eta asistentzialak direnik. «Baina guk osasun ikerketa egiten dugu, pazienteen laginekin aritzen gara, haien datuetarako sarbidea dugu...». Adibide bat jarri dute: Biobizkaiako genetika taldeak berriki lortu du 29 jaioberrik gaixotasun genetiko bat ez garatzea. «Nola ez dugu izango izaera asistentziala? Pazienteekin ari gara zuzenean, ikerketa aplikatua egiten dugu».
Hitz egiteko prest
Dena den, Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioarabako langileen eskaerak ez dira oraingoak: iazko udaberrian mobilizazioak egin zituzten. Lan Harremanen Kontseilura ere jo zuten, baina ez aurrera ez atzera geratu dira zuzendaritzekiko negoziazioak. Horregatik erabaki zuten auzitara jotzea, Gorostidiren hitzetan: «Elkarrizketak ez dira inoiz guztiz eten, baina ikusi dugu zuzendaritzek ez dutela onartzen zientzia legea hor dagoela, eta epaitegiaren bidea hartu behar izan dugu. Baina epaiketaren egunera arte prest egongo gara hitz egiteko, eta pozik, lehenago elkar ulertzen badugu».