Duela hilabete eskas egin zituzten Osakidetzako medikuek lau eguneko greba eta mobilizazioak, eta urte berria hastearekin batera beste bi eguneko greba deialdi bat egin dute. Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (SME) hilaren 14rako eta 15erako deitu dituzte grebara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoko medikuak. Medikuentzako estatutu propioa eskatzen dute.
SMEk ohar baten bidez jakinarazi duenez, greba egunez gain, elkarretaratzeak ere egingo dituzte: etzi, asteazkenarekin, Bizkaiko Gurutzetako ospitalearen atarian, eta etzidamu, ostegunarekin, Gasteizko Olagibel osasun zentroan. Biak 11:00etan izango dira.
Medikuen mobilizazioak urrian hasi ziren. SMEk deituta, Osakidetzako zenbait medikuk greba egin zuten urriaren 3an, eta abenduaren hasieran beste lau eguneko greba. EAEko medikuek ez ezik, Espainiako medikuen zenbait sindikatuk ere egin zuten grebarako deia. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioa osasun sektorearen estatutu berria lantzen ari da osasungintzako langileen ordezkariekin. Medikuak, baina, ez daude ados osasun langile guztien estatutua batera lantzearekin; haien iritziz, ez die behar bezala erantzuten medikuek duten berezko jarduerari, ardurari eta arriskuei. Hori dela eta, haien behar jakinak aintzat hartzen dituen estatutu marko propioa aldarrikatzen ari dira.
Abenduaren 12an, lau eguneko deialdi haren azken egunean, manifestazio bat egin zuten. Protestarekin bat egin zuten Osakidetzako 2.000 inguru medikuk, eta, horren ondorioz, larriak ez ziren kirurgia prozedura anitz bertan behera utzi behar izan zituzten zenbait ospitaletan. Eskaerak betetzea lortzeko aurrerapauso handirik antzeman ez, eta beste greba deialdi bat egin dute orain. Nolanahi ere, medikuen sindikatuek esan dutenez, osasun agintariek jarrera aldatu ezean, greba mugagabea egiteko aukera aztertuko dute.
24 orduko guardiak amaitzea da medikuen eskaera nagusietako bat. Hartara, osasun profesional horiek salatu dutenez, egun oso bat jarraian lan egitea arriskutsua izan daiteke medikuentzat eta pazienteentzat. Gainera, ordu horiek «osagarriak» dira, ez aparteko orduak, eta ez dituzte kontuan hartzen jubilaziorako. Sindikatuak eskatzen du guardia horiek borondatezkoak izan daitezela, gehienez hamazazpi ordukoak, eta jubilaziorako ordu zenbaketan aintzat har ditzatela.
Autonomia erkidegoei ardura eske
Gatazka hori ikusirik, Espainiako osasun ministro Monica Garciak autonomia erkidegoetako gobernuei gutun bat bidali die arazoari irtenbidea emateko dagokien erantzukizuna har dezaten. Izan ere, Garciaren ustez, estatutu markoaz gaindikoak dira medikuek dituzten eskera batzuk, hala nola guardien ordainketarena, eta, hortaz, horiek onartzekotan, autonomien finantzaketa beharko luke. «Eskaera horien garrantzia eta Espainiako osasun sistemaren giza baliabideen plangintzan, kudeaketan eta finantzaketan duten eragin zuzena kontuan hartuta, uste dugu eskaera horiei aurre egiteko beharrezkoa dela autonomia erkidegoen balorazioa, gai horietan eskumena duten administrazioak diren aldetik», nabarmendu du.