Mila herritarrek baino gehiagok Iruñeko kaleetara eraman zuten atzo Nafarroan eraiki nahi dituzten «biometanizazio makroplanten» aurkako aldarria. Izan ere, enpresek biogas azpiegitura handiak egin nahi dituzte Nafarroa hegoaldeko zenbait herritan; besteak beste, Vianan, Los Arcosen, Sesman, Lodosan, Mendabian, Arroitzen, Murillo el Cuenden, Sartagudan, Cintruenigon, Lizarran eta Andosillan. Hori dela eta, energia proiektu horien kontrako plataformak sortu dituzte herri horietan. Hain zuzen ere, plataforma horiek antolatu zuten atzoko manifestazioa, Sustrai Erakuntza ingurumenaren aldeko fundazioaren babesaz. Han bildu ziren ehunka herritarrek eskaera argi bat helarazi zieten Nafarroako erakunde publikoei eta alderdi politikoei: lurraldeari batere mesederik egingo ez dioten azpiegitura handi horiek geldiarazteko, modu argian eta irmoan, gutxienez bi urtez.
Herri plataforma horien bueltan elkartu diren milaka herritarren iritziz, biogas «makroplanta» horiek kalte egiten diete zehazki haien herriei eta oro har Nafarroako lurraldeari. «Trantsizio energetikoaz, modernitateaz eta garapenaz mintzatzen dira, baina egia bestelakoa da». Paula Cabezonek Arroizko plataformako kideak manifestazioaren amaieran adierazi zuenez, proiektu horien atzean bestelako interesak daude, hala nola «diru gosea, lurraldearen kontrako indarkeria eta instituzioek babestutako estraktibismo basatia».
Enpresak udaletan «makroplantak» egiteko baimenak eskatzen hastearekin batera sortu ziren herri horietan proiektu horien aurkako mugimenduak. Herritarrak antolatuta plataformak sortu zituzten, eta azken hilabeteotan informazioa, bilerak, hitzaldiak, sinadura bilketak eta proiektuei alegazioak egiteko dinamikak sustatu dituzte. Atzo Nafarroako hiriburuan antolatutako manifestazioan, erakutsi nahi izan zuten nolako indarra metatu den herri horietan guztietan.
«Trantsizio energetikoaz, modernitateaz eta garapenaz mintzatzen dira, baina egia bestelakoa da: diru gosea, lurraldearen kontrako indarkeria eta instituzioek babestutako estraktibismo basatia»
PAULA CABEZON Arroizko plataformako kidea
Izan ere, plataforma horietako ordezkarien arabera, herri mugimenduaren presioari esker onartu zuen Nafarroako Parlamentuak makroproiektu horien baimenak aldi batez etetea. Baina plataformek ez dute nahikotzat jo. Haien iritziz, «moratoria urardotua» zen, eta horrek «ez du balio plangintza demokratiko eta iraunkorrik egiteko, eta ez die erantzuten lurraldeen eta lehen sektorearen beharrei».
Ziurgabetasuna eta mehatxua
Are gehiago, behin-behineko luzapen horrek «herrien gaineko ziurgabetasunari eta mehatxuari» eusten die. Alde batetik, Marinek gogorarazi zuenez, «enpresa berriek udaletxeetako ateak jotzen jarraitzen dute». Bestetik, «Departamentuak ez ditu behin betiko ezeztatu Arroizko eta Sesmako plantak, eta ez du argi erakutsi orain arte egindako bidea zuzendu nahi duenik». Ziurgabetasun hori behin betiko amaitzeko irmotasuna eskatu diote parlamentuari: proiektu horiei atea irmo itxi diezaiela, alegia.

Parlamentuari ez ezik, Nafarroako Gobernuari eta indar politikoei ere dei egin zieten, «zentzuz eta elkarrizketen bidez aurre egin diezaioten auziari». Horretarako, hiru proposamen zehatz plazaratu zituzten. Lehenengoa, bi urteko luzamendua onartzea, «gelditzeko, ikasteko, planifikatzeko eta demokratikoki erabakitzeko denbora» izan dezaten. Bigarren eskaera, «nekazaritzako lurzoruaren eta akuiferoen babesa interes handieneko gaitzat hartzea». Eta hirugarren eskaera zera da: hurbiltasun eredu bat hartzeko deia, «nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen beharrei benetan erantzungo diena», manifestazioan gogorarazi zutenez, «lehen sektorea, gure nekazariak eta abeltzainak, gure herrien bizitzaren eta garapenaren funtsezko parte» direlako, baita «gure lurraldea babesteko eta mantentzeko funtsezkoak» ere.