Viana, Los Arcos, Lodosa, Sesma, Arroitz, Mendabia, Cintruenigo, Sartaguda eta Murillo el Cuende. Besteak beste udalerri horietan jarri nahi dituzte biometanizazio plantak. Azpiegitura horietarako, hamabi hilabeteko luzamendu bat onartu zuen foru gobernuak, 2025eko urrian. Hala ere, neurri hori bertan behera geldituko litzateke eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko araudia onartuko balute, eta etenda dauden proiektuak abiatuko lituzkete. Hori dela eta, gutxienez beste bi urteko luzamendua eskatu dute Stop Biogas aterkipean batzen diren herri plataformek.
Biomekanizazio planten kontrako Nafarroako bederatzi udalerritako plataformek idazki bat aurkeztu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Foru erakunde horretako talde politikoei mintzatu zaizkie idatzian, eta bertan jasotako gogoetak aintzat har ditzatela eskatu diete.
Mota horretako azpiegiturak jartzeko bi urteko luzamendu bat eskatu zuten herri plataformek iaz; izapidetzen ari ziren planta guztiei eragingo liekeen luzamendua, alegia. Plataforma horiek guztiak biltzen dituen Stop Biogas koordinakundearen hitzetan, «helburua zen gai honen inguruko plangintza demokratikoa egitea, baldintza eta bermeekin, arrazionaltasunean, benetako premien ezagutzan eta inplikatutako sektoreen parte hartze eraginkorrean oinarrituta».
Hala ere, gogorarazi dutenez, 2025eko urrian Nafarroako Parlamentuak luzamendu bat onartu zuen, baina, plataformakoen esanetan, hasierako aldarrikapenak «urardotzen» zituen luzamendu horrek. Luzapenaren iraupena hamabi hilabetera murriztu zuen, edo eremu kalteberetan ongarritze organikoari buruzko foru araudia onartu arte. Eta, Stop Biogasek zehaztu duenez, hau besterik ez zuen egin: izapidetzen ari ziren proiektuei buruzko diagnostiko tekniko bat, proiektuen inpaktuak aztertu, eta plangintza orekatua eta iraunkorra bermatzeko gomendioak aurkeztu.
Herrietako plataformen iritziz, egoera «oso kezkagarria» da: «Ez dakigu zer egin duen Nafarroako Gobernuak plangintza jasangarri bat ezartzeko diagnostikoari, inpaktuei edota gomendioei dagokienez». Horrez gain, salatu dute luzamendua datozen hilabeteetan amai daitekeela lehen adierazitakoagatik. «Horrek gaur egun etenda dauden proiektuak aktibatuko lituzke, eta horiei Erriberan jada iragartzen ari diren beste proiektu batzuk gehituko litzaizkieke», gaitzetsi dute.
Egiteko asko
Hori guztia ikusita, plataformek uste dute «asko» dagoela egiteko «biometanizazioaren aukerak lurraldeei, lehen sektorearen bideragarritasunari eta lurraldeetako bizi kalitateari kalterik ez eragiteko». Hori dela eta, talde politikoentzako zenbait proposamen eta hiru eskakizun nagusi jasotzen dituen idazki bat erregistratu dute parlamentuan.
Batetik, beste luzamendu bat onartzea edo oraingoa luzatzea nahi dute. Izan ere, haien ustez, «egungo luzamendua ez da nahikoa». «Asko dira egiteke dauden zereginak: tokiko beharrak aztertzea, eragindako sektoreen parte hartzea sustatzea, plangintza demokratikoa egitea, sektorerako berariazko araudi bat sortzea eta falta diren ikuskapen, zaintza eta kontrol mekanismo eraginkorrak ezartzea», azaldu dute. Gutxienez, beste bi urteko luzamendua beharko litzateke, gehitu dutenez.
Bestalde, prozesu horretan, «interes orokorra lehenetsi» beharko litzateke «enpresa sustatzaileen interesen gainetik». Biogas planten kontrakoek zehaztu dutenez, «beharrezkoa da gure lurzoruen, ibaien eta akuiferoen kalitatea zaintzea; baita lehen sektorearena ere, kalitatezko elikagaiak ekoizteko orduan».
Azkenik, «hurbiltasun ereduaz» mintzatu dira; tokian tokiko nekazaritzak eta abeltzaintzak sortutako hondakinak aprobetxatzeko modua emango duen eredu bat, alegia. «Makroplanta handietan nekazaritzatik eta abeltzaintzatik ez datozen hondakinak ere nahasten dituzte, eta distantzia luzeak egin behar dira hondakin horiek garraiatzeko. Horrez gain, nitratoek eragindako kutsaduragatik berez kalteberak diren eremuetan ingurumen kalte handiak izateko arriskua sortzen dute», salatu dute.
Deia herritarrei
Horiek dira Nafarroako Parlamentuko talde politikoei helarazi dizkieten gogoetak. Baina, aldi berean, plataformen koordinakundeak herritarrei dei egin die dagoeneko kaltetuak izan diren herrietan egingo dituzten ekintzetan parte har dezaten. Aldi berean, «Nafarroa osorako garrantzitsuak» diren bi ekitaldi antolatu dituzte.
Batetik, maiatzaren 6an, Antonio Turiel zientzialariak hitzaldia emango du 19:00etan, Iruñeko Txantrea auzoko zentro komunitarioan: Berriztagarriez hitz egiten. Biogasa Nafarroan: konponbidea ala arazo berria leloa jarri diote saioari. Horrez gain, maiatzaren 10ean, manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Iruñeko Baluartetik abiatuta.