Nola azaldu haur bati bere familia etxetik egotziko dutela. Ideia hori ardatz gisa hartuta, eskoletan lantzeko programazio didaktiko bat ondu dute Steilasek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Helburua da etxe eskubideari lotutako gatazka soziala ikasgeletara eramatea «ikuspegi kritiko, intersekzional, transfeminista eta eraldatzaile batetik lantzeko». Gaur aurkeztu dute egitasmoa Steilasen Iruñeko egoitzan.
Ikusi gehiago
Heldu den azaroaren 11ko greba orokorraren harira, ikastetxeek «funtsezko zeregina» dutela nabarmendu dute bi eragile sindikaletako ordezkariek. «Eskolak hausnarketarako, elkarrizketarako eta pentsamendu kritikoa garatzeko guneak bermatu behar ditu, ikasleek azter dezaten nola eragiten dieten bizi baldintza materialek beren eskubideei eta aukerei», azaldu du Steilaseko Ane Apezetxeak. Harekin batera, agerraldian izan dira sindikatu horretako Aintzane Gil, eta Etxebizitza Sindikatuen Sareko Martin Zamarbide eta Saioa Aleman.
«Programazio didaktikoa lagungarri izanen da ulertzeko gertatzen ari den horren kausak sozialak, ekonomikoak eta politikoak direla; era berean, ikastetxeek eremu demokratiko gisa duten zeregina indartuko du»
ANE APEZETXEA Steilas
Gaia ikasgeletan landuta, orokortua dagoen ideia bat eraitsi nahi dute: etxebizitzari lotutako prekaritatea «norbanakoen porrota» dela dioena, hain zuzen. «Lagungarri izanen da ulertzeko gertatzen ari den horren kausak sozialak, ekonomikoak eta politikoak direla», esan du Apezetxeak. Era berean, ikastetxeek «eremu demokratiko gisa duten zeregina» indartu nahi dute gisa horretako egitasmoen bidez.
Haur Hezkuntzatik, Batxilergoraino
Oraingoz, Hego Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietara igorri dute unitate didaktikoa, baina sindikatuetako ordezkarien arabera, gainerako zentroetara helarazteko asmoa dute. Programaren edukiak bi saiotan emateko modukoak dira, baina zentro eta hezitzaile bakoitzak aukera du unitatea ikastaldeen, egutegiaren eta mailaren arabera moldatzeko. «Dokumentu hau oinarrizko proposamen bat da. Gero zentro eta irakasle bakoitzak ikusiko du erabili nahi duen, eta, hala bada, bere auzoko errealitatera edo ikasleen beharretara egokituko duen», esplikatu du Apezetxeak.
«Eztabaida merkantziaren eta negozioaren inguruan errotzen den bitartean, krisia aberastasun iturri izango da gutxi batzuentzat. Etxebizitza negozioa den bitartean, ez da inoiz eskubidea izango»
MARTIN ZAMARBIDE Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
Guztira, lau programazio dira, ikasketa ziklo bakoitzeko bat: Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, eta azkena, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan emateko. Hezkuntza etapa horietan guztietan «eztabaida eta gogoeta» sustatu nahi dituzte. «Programazio honek hezkuntza etapa bakoitzari egokitutako jarduerak proposatzen ditu, oinarrizko premiak identifikatzeko, etxebizitza krisiaren kausak aztertzeko, balizko konponbideak eztabaidatzeko eta antolaketaren eta ekintza kolektiboaren garrantziaz jabetzeko. Hezkuntzak, berez, ez du etxebizitza larrialdia konponduko, baina ezin dio uko egin hura ulertzen laguntzeari, ezta kontzientzia kritiko eta kolektiboa eraikitzeari ere», esplikatu dute.
Edukiak ikasleen adinaren eta mailaren arabera egokitu dituzte, baina oinarria bera da unitate guztietan: etxebizitzaren gatazka azaltzea. «Euskal Herrian, etxebizitzaren merkantilizazioaren ondorioak langile klasearen aurkako eguneroko indarkeriaren parte dira», aipatu du Zamarbidek. «Besteak beste, prezioak ikaragarri igo dira, %35 Hego Euskal Herrian eta %50 Ipar Euskal Herrian; etxegabetze judizialak 20.000tik gora izan dira azken hamarkadan, eta horiei gehitu behar zaizkie kalkulaezinak diren ezkutuko etxegabetzeak; etxerik gabeko pertsonak gero eta gehiago dira, eta erosahalmena, berriz, etenik gabe ari gara galtzen».
Funtsean, ideia bat argi adierazi nahi dute Steilasek eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak: «Eztabaida merkantziaren eta negozioaren kontzeptuen inguruan errotzen den bitartean, krisia aberastasun iturri izango da gutxi batzuentzat, eta miseria iturri, gehienontzat. Etxebizitza negozioa den bitartean, ez da inoiz eskubidea izango». Hori dela eta, zera exijitu dute bi eragile sindikalek: «Espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa etetea, etxebizitza behar sozialen arabera antolatzea eta etxegabetzeak bukatzea».