Adnan Fissoun Hansouni gasteiztarrak 17 urte ditu, eta ez daki ostiraletik aurrera non biziko den. Haren gurasoak eta bost anai-arreba adingabeak ostiralean etxegabetuko dituzte Gasteizko Santsomendi auzoko etxebizitzatik —2018tik bizi dira han alokairuan—, eta, egun hori gero eta hurbilago badago ere, oraindik ez dute aurkitu bizitzeko beste lekurik. Aukerarik ezean, kalean bi kanpin denda jartzea pentsatzen ari dira, gaua nonbait igaro ahal izateko. «Nahiko gogorra da, eta bidegabea, oso bidegabea», aitortu du, goibel. Komunikabideetan bere familia etxegabetuko zutela zabaldu zenetik, kosta egiten zaio egunero ikastetxera joatea: «Ez da erraza klasera iristea eta denak zuri begira daudela sentitzea, zurekiko pena dutela ikustea».
Erlazionatuta
Ena Valentine ginearrak bi seme-alaba adingabe ditu, 13 urtekoa bata eta 10ekoa bestea. Urriaren 5ean Gasteizko San Martin auzoko etxetik bota zituzten hirurak. Ostatu batean daude harrezkero, hiru oheko gela batean; ostatuan dauden beste batzuekin partekatzen dute bainugela, eta ez dute sukalderik. «Haurrak ostatura etortzen direnean, ez dute barrura sartu nahi; kalean egon nahi dute. Diotenez, han ez dago ezer egiteko, lo egitea besterik ez», azaldu du.
Ostatuak gaua pasatzeko lekua eskaintzen die, baina ez da etxe bat, ez da abaro. Ez dute beren janaria prestatzeko aukerarik, ezta familiaren egunerokoa lasai antolatzeko lekurik ere. Haurren ikuspegitik, gainera, etxera itzultzea ez da atseden hartzeko eta jolasteko garaia; ohera joateko ordua baino ez da. «Oso gogorra da haientzat», aitortu du Valentinek.
Amari ere estres handia eragiten dio horrek. Etxebizitza aurkitzeko ahaleginak eta seme-alabak babesteko beharrak ez diote atseden hartzeko betarik ematen. Azken egunetan buruko min handia izan duela kontatu du, eta medikuarenera joateko hitzorduaren zain dagoela. Aitortu du nekez lortzen duela haurren aurrean indartsu egotea: «Ez dut nahi nire seme-alabek ni horrela ikustea».
«Ez da erraza klasera iristea eta denak zuri begira daudela sentitzea, zurekiko pena dutela ikustea»
ADNAN FISSOUN HANSOUNIEtxegabetuko duten adingabea
Fissoun Hansouniren eta Valentineren hitzek ezin hobeki bistaratzen dute etxegabetzeek zenbaterainoko kaltea eragiten duten haur eta nerabeen eguneroko bizitzan, haien harremanetan, ikasketa prozesuan, eta, finean, ongizate fisiko zein psikologikoan. Bi familien egoera errealitate gordin baten aurpegiaren isla da: batetik, etxea galdu ondorengo ziurgabetasunarena; bestetik, egun gutxiren buruan non biziko diren jakin gabe egoteak sortzen duen beldurrarena. Bietan, gurasoak etxebizitza bat aurkitu nahian ari dira, baina ez dute irtenbide egonkorrik lortu. Eta haur eta nerabeek, helduen kezka ulertzen hasi arren, erabat kolokan dituzte oinarrizko ongizaterako baldintzak.
Bi familiek diote udal zerbitzuetan ez dutela behar adinako babesik aurkitu, eta jasotako arreta «desegokia» izan dela. Biek ala biek salatu dute udalaren eskaintza bakarra zera izan dela: alokairuko etxeak eta logelak eskaintzen dituzten enpresen eta jabeen telefono zenbakien zerrenda bat. Gaur-gaurkoz, etxebizitza bila ari dira oraindik: etxe agentzietara jo dute, ezagunei eta lagunei galdetu diete, eta hainbat aukera aztertu dituzte, baina ez dute irtenbiderik aurkitu.
«Ez da erraza jakitea hemendik astebetera non egongo zaren», azaldu du Fissounek. «Gure gurasoek asko sufritu dute urte hauetan, pisuak bilatzen eta aukera asko aztertzen. Eta tristea da elkarte guztietara eta gizarte zerbitzuetara jo ondoren ate guztiak ixten dizkigutela ikustea, alternatibarik gabe geratzea». Gurasoak saiatu dira anai-arreba txikienak ahalik eta gehien babesten, baina ingurukoek galdetzen dute, lagunek hitz egiten dute, eta etxeko egoera ezin da ezkutatu. Aitak, Mokhatar Fissounek, kontatu du seme-alabak jabetzen ari direla gertatuko denaz, eta kezkatuta daudela : «'Nora joango gara hilaren 23an?', galdetzen didate, baina ez dut erantzunik».
Eskoletako babes sarea
Egoera horretan, Abendaño ikastolako eta Miguel de Unamuno ikastetxeko hezkuntza komunitateek —hango ikasleak dira bi familietako adingabeak— babes sare bat osatu dute. Irakasleek, gurasoek, ikasleek eta familien elkarteko kideek bi familien egoeraren berri izan dute, eta ahal duten neurrian laguntzen saiatzen ari dira.
Abendaño ikastolako irakasle Ander Apellaniz Elizondok azaldu duenez, familien egoeraren berri izan zutenean, laguntzeko eta elkarlanean aritzeko beharra ikusi zuten. Etxegabetzeak salatzeko prentsaurrekoa eman zuten ikastolan bertan —Unamuno ikastetxean ere gauza bera egin zuten gero—, eta gainera, haurrei egoera azaltzeko material pedagogikoa prestatu zuten. Katalanetik euskarara itzulitako Nik zainduko zaitut ipuina erabili dute, eta gelaz gela banatu eta irakurri dute, haurrek gertatzen ari dena ulertzeko.
«Lehen prentsaurrekoaren ondoren, goizean bertan, haur batzuk gelara iritsi ziren eta ez zekiten zer gertatzen ari zen», kontatu du Apellanizek. Batzuk familiako haurren ikaskideak dira, eta galderak egiten hasi ziren. Irakasleen lana, haren esanetan, informazioa modu egokian ematea da, guztiek uler dezaten, «beldurra eta estigmatizazioa areagotu gabe».

Gurasoen elkarteak ere koordinatu ditu hainbat egitasmo. Amaia Alonsok azaldu duenez, Valentineri lagundu diote gizarte zerbitzuetara joaten, laguntza administratibo eta juridikoa bilatzen saiatu dira, eta etxebizitza sindikatuarekin harremanetan jarri dute. Zenbait gurasok, gainera, familiari egunerokoan laguntzeko moduak jarri dituzte martxan, haurrak elkarrekin egon daitezen eta ohiko harremanak gal ez ditzaten. Batzuetan, laguntza emozionala da; beste batzuetan, hitzordu batera laguntzea edo haurrek arratsaldean lagunekin egoteko aukera izatea.
«Zortzi adingabe daude etxerik gabe geratzeko arriskuan edo dagoeneko etxerik gabe. Hori ezin da onartu»
NAGORE ENCISOAbendaño Ikastolako Ikasleen Familien Elkarteko kidea
«Guk nolabaiteko babes psikologikoa eman diezaiekegu, baina etxe bat bilatzeko orduan ezin dugu askoz gehiago egin», onartu du Nagore Encisok, Abendaño ikastolako Ikasleen Familien Elkarteko kideak. Horregatik, egoera publikoki salatzea erabaki dute. «Salaketa sozialik ez badago, badirudi ez dela ezer mugitzen. Zortzi adingabe daude etxerik gabe geratzeko arriskuan edo dagoeneko etxerik gabe. Hori ezin da onartu».
Ikasgelan ere nabaritzen da
Etxebizitza galtzeak haurren ongizate emozionalean, harremanetan eta ikaskuntzan ere eragin dezake. Etxean gertatzen ari dena ulertzen saiatzen dira, helduen kezka sumatzen dute, eta, sarritan, ezin dute egoerari buruzko azalpen argirik jaso. Ziurgabetasun horrek segurtasun sentimendua ahuldu dezake. Apellanizek dioenez, ikastetxean nabaritzen dute haurren jokabidean: batzuetan, erantzun ezohikoagoak edo erreaktiboagoak izan ditzakete, bereziki egoera sozialki biziagoetan, hala nola jantokian edo jolastokian. «Orain gure lana laguntzea eta ulertzea da», adierazi du. Hala ere, aitortu du irakasleek ez dituztela beti behar dituzten tresnak: «Autokritika eginez, motz geratzen garela uste dut».
Irakasleak beste kontraesan bat ere azpimarratu du: eskolan haurren eskubideak lantzen dituzte, eta haurren eskubideei buruzko hitzarmenak eta haien garrantzia azaltzen dizkiete ikasleei, baina, aldi berean, ikasgelan bertan daukate oinarrizko eskubideak bermatuak ez dituen ikaskide bat. «Eskubide berberak ez baditugu, ez ditugu aukera berberak izango», ohartarazi du.
«Eskubide berberak ez baditugu, ez ditugu aukera berberak izango»
ANDER APELLANIZ ELIZONDOAbendaño Ikastolako irakaslea
Horregatik, irakasleak ez ezik, ikasleen familiak ere saiatu dira egoera modu egokian lantzen, haurrek ez ditzaten beste ikaskideak estigmatizatu. Etxegabetzea gertakari ekonomiko eta juridikoa izan daiteke helduentzat; haurrentzat, ordea, lagunekiko harremanak galtzea, lotsa, beldurra eta etorkizunari buruzko zalantzak ere ekar ditzake. Guraso elkarteko bi kideek esplikatu dutenez, etxegabetutako haurrek ez dute beti etxean atseden hartzeko edo lasai ikasteko aukerarik, eta eskolako giroak «egonkortasun apur bat» eman diezaieke. Hala ere, eskoletako baliabideak mugatuak direla ohartarazi du Apellanizek, eta, besteak beste, etxegabetzeen ondorioei aurre egiteko eskoletan psikologoaren figura falta dela iritzi dio.
Eskolako komunitateek laguntza eta elkartasuna eskaini dizkiete familiei, baina ezin diete etxegabetzeen ondorio guztiei heldu. Izan ere, haurrak babestea ez da haien sufrimendua arintzen saiatzea soilik; sufrimendu hori eragiten duen egoerari aurrea hartzea ere bada. Encisok gogorarazi du etxea ez dela soilik lau horma eta teilatu bat: «Haurrentzat, segurtasuna da; ikasteko lekua, dutxatzeko eta jateko baldintza egokiak, atseden hartzeko tokia eta eguneroko errutinak egiteko aukera». Hori hala, erakundeei esku hartzeko deia egin die: «Haien eskubideak bermatzeko neurriak hartu behar dituzte».