EH Bilduk bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurrien gaineko eztabaida eraman du gaur Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara, Pello Otxandiano bozeramailearen ahotan. Halaxe hasi da: «Badira historian aldi batzuk zeintzuetan gizarte batek oinarrizko galderak egin behar dizkion bere buruari. Izan nahi dugun herri ereduarekin lotutako galderak». Eta, gaur, hain zuzen ere, galdera horietako bat egin du: «Nola bermatuko dugu euskal herritarren segurtasuna ziurgabetasunaren garaiotan? Erakundeen ardura nagusia bizi segurtasuna bermatzea da, ez promesa abstraktu gisa, baizik eta herritarrek bizi proiektu duin bat izango dutela bermatzeko tresna gisa». Halere, erantzuteko txandan, auzi bakar batean zentratu da Otxandiano: etxebizitza. Zehazki, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio bide eman diezaiola talde tekniko baten sortzeari, hark Eusko Jaurlaritzaren funts soziala eta EH Bilduren Posible 30K proposamenak aztertu ditzan: «Eztabaidatu dezagun zein den datozen urteetan etxebizitza publikoak sustatzeko proposamenik onena».
Otxandianoren ustez, lau zutabe nagusiren gainean eraiki da «euskal kontratu soziala» azken berrogei urteotan: lana eta babes soziala, zerbitzu publikoak, belaunaldien arteko eta komunitate barruko elkartasuna, eta zaintza lanak eremu pribatuan eta emakumeen bizkar gainean utzi dituen patriarkatua. Ez hori bakarrik, bozeramailearen irudiko, kontratu sozial hori «presio bikoitz» baten mende dago: «Zerbitzu publikoak ahultzeko arriskua dugu aurrean, eta zaintzaren krisiari eta etxebizitzaren krisiari erantzun estrukturalik ez zaie ematen».
Bi horien artean, etxebizitzaren auzia nabarmendu du gehien. Hain zuzen, azken asteetan zenbait agerraldi egin ditu EH Bilduk auziaren inguruan, eta Posible 30k proposamenean bildu ditu auzi horri konponbidea emateko neurririk garrantzitsuenak. Koalizioko eledunaren ustez, proposamen hori hobea da Jaurlaritzak aurkeztutako funts soziala baino, eta biak alderatzea nahi du, argudiatuta asko dagoela jokoan: «Etxebizitzaren auzian, herri honek jokoan du bere kohesio soziala, kontratu soziala, eta neurri handi batean, gizarteak gure sistema politikoan daukan konfiantza». Alderaketa hori, baina, ez du edonola egin nahi. Pradalesi eskatu dio bide eman diezaiola talde tekniko bat sortzeari. Hura, Otxandianok esan duenez, Jaurlaritzak berak eta EH Bilduk izendatutako adituek osatu beharko lukete, eta xede izan beharko luke bi proposamenak alderatzea eta aurrera begirako neurririk egokienak zein diren zehaztea.
Aurrez, eztabaida modu zabalagoan planteatu du Otxandianok, kontratu sozialaz hitz eginda. «Eskubideek bermatuta egon behar dute, eta inor ez da egongo abandonatuta zailtasunak izanez gero», erran du. Kontratu sozialak, baina, ez dira egun batetik bertzera hausten, pixkanaka higatu dakizkieke arrakalak. Eta, horren harira, arduratuta agertu da Otxandiano: «Gazteak etorkizun hobea izateko esperantza galtzen ari dira, eta daukagun kontratu soziala bidegabekerietan oinarritzen da». Egin du hurrengo galdera ere: «Zer da demokrazia, gatazkaren kudeaketa ez bada? Gure kohesio sozialari eusten dioten oinarri materialez ari gara, eta datozen hamarkadetan oinarri horiek nola sendotu aztertzen ari gara».
Bozeramaileak salatu du enpleguaz hitz egiten denean auzia dikotomia gisa aurkezten dela, lehiakortasunaren eta eskubideen artean aukeratu beharko balitz bezala. Aukeratu, erraterako, produktibitatearen eta soldaten artean, edo berrikuntzaren eta lan babesaren artean, edota enpresa sendoen eta kalitatezko enpleguaren artean. «Baina hautu faltsua da hori». Arrazoia: esperientzia. «Urte luzez errepikatu izan da lan baldintzak hobetzea kostu bat dela lehiakortasunerako, lehiatzeko malgutu egin behar dela, gazteen soldatak mugatu behar direla, baina esperientziak kontrakoa erakutsi digu».
«Enplegua kalitatezkoa izateak egonkortasuna esan nahi du. Ekonomiarik aurreratuenak ez dira lehiakorrak gutxiago ordaintzen dutelako, balio handiagoa sortzen dutelako baizik». EH Bilduren ustez, hau da lan munduan gertatzen ari diren eraldaketak ulertu eta eztabaidatzeko markoa: enpleguaren kalitatean oinarritutako lehiakortasuna, «kalitatezko enplegua eskaintzen duten enpresak daudelako prestatuen ezagutzan oinarritutako ekonomia batean lehiatzeko».
Babes politikak berritzeko premia
Azken pobrezia inkestak atera ditu jarraian mahai gainera, eta ez ditu bereziki datu onak eman. «Begira: pobreziak gora egin du, pribazio materialak gora egin du, oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztenen kopuruak gora egin du, eta babes sistematik kanpo geratzen direnen kopuruak ere gora egin du». Koalizio subiranistaren ustez, ez da nahikoa pobreziarik larriena murriztea, babes politiken inguruko eztabaida «guztiz berritu» behar da.
Alegia, hainbat helburu daudela tartean. Hiru hauek, adibidez: herritarren bizi segurtasuna indartzea, ongizate egoerak hedatzea, eta bizitza duina, salbuespena ez baizik eta arau bat izatea. Horregatik, norabidea aldatzeko eskatu du Otxandianok, hau da, nagusiki pobreziaren aurkako borrokan jardun beharrean, ongizatea lortzeko jarduten hastea. Gainera, arreta kolektiborik zaurgarrienetan jartzeko eskatu du: haurrengan, gazteengan, guraso bakarreko familietan, familia ugarietan, eta migrazio prozesuan dauden herritarrengan.
Edonola ere, kolektibo horren barnean, haurren pobreziak kezkatzen du gehien EH Bildu. «Seme-alabak izatea pobrezia arriskua gehien handitzen duten faktoreetako bat da gure herrian, eta badakigu haurren pobreziari aurre egiteko tresnarik eraginkorrenetakoa seme-alabak hazteko prestazio unibertsala dela». Prestazio sistema berritzeko garaia da, Otxandianoren ustez, «berriz ordenatzekoa, zabaltzekoa eta eraginkortzekoa».
Nork zaindu, nola zaindu
Datu jakin batek eman dio hasiera hurrengo galderari. 2045ean hiru herritarretik bat 65 urtetik goitikoa izanen da. Eta horrek, ezinbertzean, zaintza premiak nabarmen handituko ditu. Alta, Otxandianok ez du uste arazoa etorkizunekoa soilik denik, esplikatu baitu dagoeneko «tentsioan» dagoela sistema, eta dagoeneko arazo baten parte dela gizartea. Eman ditu datu batzuk: «Itxaron-zerrenda onartezinak ditugu, familien gain gelditzen diren kostuak gero eta handiagoak dira, zaintza lanen zama nagusienen eta emakumeen bizkar garatzen da, desberdintasun sozialak sortzen ari dira, baliabide ekonomikoak dituzten familiek irtenbide pribatuak bilatzen dituzte, eta ez dituztenek, berriz, bere kabuz moldatu behar dute». Zaintza, beraz, eskubide bat bainoago, ahalmen ekonomikoaren araberako auzi bat bilakatu da, EH Bilduren ustez. Urte luzez zaintza sistemaren gaineko diagnostikoak egiten arituagatik, ez da trantsiziorik gertatu, Otxandianoren erranetan, eta auzia ezin da gehiago luzatu.
EAJren ongizate eredua
«Galdera asko egin ditu Otxandianok, bai, baina ez dugu inolako erantzunik ikusi». Halaxe hartu du hitza Joseba Diez Antxustegi EAJko eledunak. «Guk badaukagu erantzun bat, eredu bat: euskal ongizatearen eredua». Bertzeekin alderatuta, nahiko baikor agertu da Diez Antxustegi, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «beste lurraldeetan baino egoera hobea» dutela esplikatu. «Gainerako lekuetan itxaron-zerrendak, esaterako, askoz ere luzeagoak dira, eta gure osasun sistema askoz ere publikoagoa da beste lekuetakoa baino. Hezkuntza arloan, akordioa lortu dugu sindikatuekin, eta derrigorrezkoa da ohartzea osasun publiko indartsua dugula gurean. Gutxieneko soldata ere [Espainiako] estatuko handiena da». Otxandiano gutxieneko soldatak igotzearen alde solastatu da, baina, Diez Antxustegiren iritziz, koalizio subiranistak ez du nahikoa lan egiten auzi horretan. «Guziok nahi genituzke gutxieneko soldatak igo, baina, Otxandiano jauna, nola egiten da hori? Nola, zuek ez badituzue dagozkizuen ardurak hartzen?».
Etxebizitzarekin arazo bat dagoela onartu du jeltzaleak, eta esplikatu gobernuko kideak «irtenbide bat bilatzen» ari direla. Baina bertze alde bat ere badu esaldi horrek: «Gobernuko kideei dagokigu jardutea, bai, baina oposizioari dagokio onartzea arazo hau ez dela gurea soilik. Arazoa globala da, mundu mailakoa, gu ez gara salbuespen bat, eta hori jakitea arazo bat dugula onartzea bezain garrantzitsua da».
Diez Antxustegik, gainera, Poliziaren presentzia babestu du, argudiatuta «segurtasuna bermatzeko tresna bat» dela kalean poliziak izatea. «Segurtasuna bada kaletik lasai ibiltzea ere, etxera lasai itzultzea, eta horri ez diozue inolako aipamenik egin. Armak daude kalean, eta gure eredua horren aurkako lanean ari da, baina zuek, horri, hitzik ere ez».
Egindako bidearen balorazio bat egiteko eskatu dio jeltzaleak Otxandianori, iradokita «kontraesanez kontraesan» dabiltzala, eta ez dakitela «non kokatzen diren ere».
Andueza, kontu eske
«Gauza bat eskatuko dizuet, atera zaitezte behingoz zuen oskoletik», erran die Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak EH Bilduko kideei. Eta hortik aitzinera, harriak jaurtitzen jardun da etengabe. «Otxandiano jauna entzun ondotik, argi gelditu zait Bilduk protagonismoa besterik ez duela nahi, eta, barkatuko didazue esatea, baina bizi dugun garaiak gobernutik ateratako ekintzak behar ditu, ez oposiziotik egindakoak. Esan gabe doa, noski, sozialistok lehendabiziko taldean gaudela».
«Zaku bete kontraesan» izatea aurpegiratu dio Anduezak koalizio subiranistari, eta galdera bat egin dio jarraian: «Non zineten orain arte?». Hots, adierazi du sozialistak «segurtasunerako plan bat sortzen eta hura ezartzea bermatzen» ari ziren bitartean EH Bildukoak «lotan» zeudela.
Zaintzari dagokionez, «ageriko» desberdintasun bat ikusten du Anduezak sozialisten eta subiranisten artean: «Zuek hizkuntza politikak lehenesten dituzue, horrekin tematu zarete, eta guk zaintzaileen lan baldintzak lehenetsi ditugu, baita zainduak izan behar dutenen bizi baldintzak ere».
PP eta Sumar, mutur banatan
EAEko PPko buru Javier de Andresek, baina, ez ditu EAJ, PSE-EE eta EH Bildu bi multzotan bereizten. Haren esanetan, denek ere «ezkerreko eredu bat» sustatzen dute, eta horrek, bertzeak bertze, etxebizitzaren merkatua «hondatu» du. «Gure ekonomia gain behera darama honek, nahiz eta gobernuak ez aitortu». Horri lotuta, salatu du administrazioaren gehiegizko esku hartzea dela «galga» lanak egiten dituena, eta «liberalizazioa» defendatu du.
Kontrako norabidean, Sumarrek eskatu du aberastasunaren «birbanaketa sakon» baterako erreforma fiskal bat egiteko. Talde hori «giza segurtasunaz» aritu da, eta zuzenean lotu du kontzeptu hori etxebizitza lortzeko, eta baliabide sozialak eta zerbitzu publikoak erabiltzeko aukerarekin. Hala, esan du auzi horiek direla lehentasuna, eta ez «berrarmatzea».