Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen bere eskumen diren garraio publikoko sareetan 2026ko otsailera arte luzatuko zirela tarifen deskontuak, baina Bizkaiko Garraio Partzuergoak ez du onartu luzatze hori. El Correo hedabideak zabaldu duenez, partzuergoko EAJko eta PSE-EEko ordezkariek izan dituzten desadostasunak direla-eta bota dute atzera deskontuak luzatzea, baina ohartarazi dute negoziatzen jarraituko dutela datozen asteetan.
Urrian iragarri zuen Elixabete Etxanobek, Bizkaiko ahaldun nagusiak, deskontuak 51 egunez luzatzeko proposamena egingo zutela. Izan ere, 2024an otsailaren 20an sartu ziren indarrean deskontuak, urtarrilaren lehenean sartu beharrean, eta hori konpentsatzeko luzatu nahi dute deskontuen indarraldia. Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu batzordearen osteko prentsaurrekoan iragarri du ezezko hori Leixuri Arrizabalagak, aldundiko bozeramaileak.