Bizkaiko zahar etxeetan eta etxebizitza komunitarioetan hiru greba egun egingo ditu ELA sindikatuak datozen hilabeteetan: azaroaren 19an, abenduaren 17an eta urtarrilaren 21ean. Sektorearen lan hitzarmena negoziatzen ari dira, baina hamar hilabeteko prozesuaren eta zortzi bileraren ondoren, grebara jotzea erabaki dute ELAko beharginek, «aldarrikapen nagusietan inolako aurrerapausorik lortu ez delako». Lan zama eta erritmoa arintzeko eskatzen ari da sindikatua, eta, horretarako, langile gehiago kontratatzeko.
Patronalen asmoa, ordea, beste norabide batean doa, ELAren arabera. Gesca, Lares eta Elbe erakundeek «malgutasun handiagoa eta soldata murrizketak» proposatu dituztela salatu du, eta deitoratu du ez diotela lan osasunaren auziari heldu nahi, «sektorearen kezka nagusietako bat» den arren.
Hain zuzen, sindikatuak orain urtebete abiatu zuen horren inguruko kanpaina bat, Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean lelopean, eta lan arriskuen prebentzioari buruzko legedia urratzea leporatu zien enpresei eta erakunde publikoei. Enpresek egoitzetan bertan arrisku psikosozialen inguruan egindako ebaluazio txostenetan oinarrituta, ELAk ondorioztatu zuen lau langiletik hiru gaixotzeko arriskuan zeudela. «Ezinbestekoa da lan baldintzak hobetzea, langileen osasuna babesteko eta kalitatezko arreta bermatzeko», adierazi du Iratxe Viejok, Bizkaiko egoitzen arloko arduradunak.
Hala, langileen lan karga eta lan erritmoa arintze aldera, langile kopurua handitzeko eta enplegu egonkortasuna bermatzeko eskatu du ELAk. Era berean, zahar etxeetako beharginen soldata GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileenekin parekatzea ere galdegin du, eta 32 orduko lan astea ezartzea.
Bizkaiko Foru Aldundiari eskaera
5.800 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan Bizkaiko zahar etxeetan eta etxebizitza komunitarioetan; gehienak, emakumeak. Ia erabat pribatizatutako sektorea da: lurralde osoan bi zahar etxe publiko baino ez daude, eta ehun baino gehiago dira jabetza edota kudeaketa pribatukoak. Hori dela eta, patronalei ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiari ere mintzatu zaio ELA, «zerbitzuaren ardura duen erakundea den aldetik», hark itundutakoak baitira egoitzetako ehunka leku. Negoziazioa desblokeatzeko esku har dezala galdegin dio sindikatuak, eta hala, «benetako konpromisoak exijitu» ditzala, langileen baldintzak eta zentrootako arreta hobetzeko.