Blokeetatik at kokatzeak, bien jomugan jarri du EAJ

A ala B egin behar da. Hala aurkeztu dituzte azaroaren 29ko bozak ETB1eko debatean parte hartu duten hautagai gehientsuenek. EAJk blokeetatik kanpo kokatu nahi izan du bere burua, eta bi aldeetatik jaso ditu kolpeak.

ETB1eko eztabaida. EITB
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 20a
00:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Debatea hasterako esan du Xabier Usabiaga aurkezleak: «Konpetentzia handia daukagu gaur». Izan ere, Pedro Sanchez eta Alberto Nuñez Feijoo PSOEko eta PPko buruzagien aurrez aurrekoarekin batera egin dute ETB1en ere hautagaien arteko debatea. Madrilgo eztabaidan bezala, Bilbon egindakoan ere bi bloke nagusi ikusi dira: PP —eta bertan egon ez den Vox— batetik, eta bikote horren iritsierari aurre egin nahi diotenak bestetik. Eta tartean, EAJ, «inboluziotik» aldenduz, baina alde batean edo bestean kokatu nahi izan gabe; eta horrekin, bien jomugan.

«Zer dago jokoan hauteskundeetan?» galderari erantzunez ekin diote eztabaidaren lehen zatiari, eta «boterearen aritmetikaz» hizketan amaitu dute debatea. Bloke batean zein bestean, argi geratu da, baina, alderdien planteamendua. Fronte Zabalaren Bizkaiko zerrendaburu Lander Martinezek erreferendum baten moduan planteatu ditu bozak: «Demokrazia edo autoritarismoa».

Noski, demokraten artean kokatu du bere burua, baina boto paper horretan alderdi baten baino gehiagoren izenak daude, eta hala irudikatu dute PSE-EEko Gipuzkoako hautagai Jose Ignacio Asensiok eta EH Bilduren Arabako zerrendaburu Mikel Oterok ere. «Eskuinak edo eskubideak», esan du Asensiok, PSOEren leloa bere eginda. «Eskubideetan aurrera egiteko aukera edo bloke erreakzionarioa iristea», erantzun du Oterok, jokoan dagoena hizpide, eta suhiltzaile senez, hala gehitu du PP eta Vox gogoan: «Sua dagoenean azkar itzali behar da».

Beste aldeak, ordea, hautagai bakarra izan du debatean: Laura Garrido, PPren Arabako zerrendako laugarren ordezkoa. Hark egungo gobernuaren «alternatiba bakar» gisa aurkeztu nahi izan du PP, zaku berean sartuz gainerako alderdi guztiak; batez ere, EAJ, blokeetatik at kokatu nahi izan dena. «Nahiz eta orain ezberdindu nahi izan, leialena izan da», aurpegiratu die jeltzaleei.

Izatez, jeltzaleen jarrera txarretsi dute gainerakoek ere. Asensiok adierazi du ez duela ulertzen blokeetatik kanpo geratzeko nahi hori, eta Martinezek ohartarazi du erabaki horren atzean egon daitekeela «atzerakoei botoa emateko» aukera ez baztertzea.

EAJren Gipuzkoako zerrendaburu Maribel Vaquerok jeltzaleek hauteskunde deialditik indartu nahi izan duten ideiari eutsi dio, ordea, eta debatean zehar behin eta berriro errepikatu du Kongresuan «euskal ahotsa» bermatzearen garrantzia, «Madrilgo xextraren» erreproduziotik aldendu nahian. Izatez, eztabaida amaitu du esanez «euskal etxerako aseguru poliza» eskaintzen dietela boto emaileei, «autogobernua eta demokrazia» oinarri hartuta.

Hartara, Voxetik urrun daudela adierazi arren —«Voxekin ez, ezer ez, eta inoiz ez»—, ez du bere burua PSE-EEren, EH Bilduren eta Fronte Zabalaren taldean kokatu, eta EH Bilduri hala egitea deitoratu dio. Hain zuzen, bi alderdietako ordezkarien talketako bat hori izan da. Vaquerok koalizio subiranistari egotzi dio euskal erakundeetan eta «Ebrotik behera» ezberdin jokatzea, eta Espainiako Gobernuari men egitea.

Oterok, berriz, adierazi du halakoak esateak ez duela «sinesgarriasunik», etaMadrilen «bi euskal talde indartsu» egon daitezkeela. Hala, koalizioak lortutakoak goraipatu ditu; hala nola, etxebizitza eta industria arloetan egindako akordioak, memoria gaietan egindako aurrerapausoak eta ETB3 Nafarroan ikusteko akordioa.

Hain zuzen, balantzea egiteko beta ere izan dute politikariek. Bide horretan, PSE-EEko eta Fronte Zabaleko ordezkariak Espainiako Gobernuak azken urteetan hartutako neurrien medaila nork jantziko aritu dira, baina elkarren arteko talkan sartu gabe. Batak zein besteak azpimarra egin dute gutxieneko soldataren eta pentsioen igoeretan, besteak beste.

Vaquerok ere legealdiaren balantze positibo bat egin nahi izan du, baina jeltzaleen lanean oinarrituta. Gobernu akordioaren %75 bete dela esan du, euren «eraginkortasuna» nabarmenduz. Hori bai, egin gabe geratu dena ahaztu gabe. «Medailak jarri beharrean, aitortu beharko genuke Gernikako Estatutua bete gabe dagoela», aurpegiratu die gobernuko alderdiei.

Aurrera begira, berriz, ados dira Vaquero, Asensio, Otero eta Martinez. Autogobernuan «atzerakada bat» emateko arriskua egon daiteke PPren eta Voxen arteko gobernu bat osatzen bada.

Dekretuen bozketa ez dute ahaztu

Alderdiek hamasei minutuko tartea izan dute herritarren kezkez aritzeko, eta argi geratu da zein den lehentasuna: etxebizitza. Gai horrekin abiatu dute denek bloke horren hasieran zituzten 30 segundoak, eta eztabaidarako denboraren bi heren inguru ere hartu ditu.

Eztabaidagai nagusia Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean atzera bota zuten dekretua izan da: alokairu mugagabeena. Vaquerok bere lagun «Izaskun» jarri du jeltzaleen posizioa defendatzeko adibide gisa: alarguna, eta etxebizitza bat alokatzen duena. Hura eta gainerako etxejabe txikiak «putre funtsekin» alderatzea egotzi die PSE-EEri, EH Bilduri eta Fronte Zabalari, eta «segurtasun juridikoa» exijitu. «Izaskun asko dago herri honetan, eta ez dira putre funtsak», esan du, eta kexu azaldu da dekretu haren arabera etxe jabe horiek hamabi hilabete itxaron beharko zuketelakoan etxea berreskuratzeko.

Hitz horiekin Martinez eta Otero piztu ditu, eta gezurretan aritzea egotzi diote. Martinezek esan du putre funtsen etxebizitzak espropiatzearen aldekoa dela, baina inondik inora ez dela planteatu berdin tratatzea jabe txikiak, eta ez dela urtebeteko eperik etxea berreskuratzeko, hiru hilabeteko baizik: «Zure lagunari egonkortasuna eman nahi diogu».

Oterok haratago ere jo du, esanez EAJren arazoa ez dela jabe txikien egonkortasuna, etxebizitza «merkatu ondasun» gisa planteatzea baizik: «Kosta egiten zaizue etxebizitza eskubidea bezala hartzea». Eta Vaquerok erantzun ea EH Bilduk zergatik ez dituen eurek gobernatzen dituzten udalerrietan eraiki ahal izango liratekeen «200.000 etxebizitzak» egiteko lurrak mobilizatzen. Eta hor, beste behin, gezurretan aritzea leporatu dio EH Bilduko kideak.

Garrido, aldiz, berera: okupak 48 orduan etxegabetzeko neurriak iragarri ditu, eta milioi bat etxebizitza eraikitzeko plana dutela esan. Horrek, berriz ere, Oteroren eta Martinezen erantzunak eragin ditu. 2008ko krisiari erreparatzeko eskatu diote, eta interes pribatuen mesedetan aritzea.

Horiek hala, gainerako gaiak arrapaladan aipatu behar izan dituzte ordezkariek. Gutxieneko soldata, segurtasuna, industria... aipatu dituzte, baina sakontasun handirik gabe. Salbuespena pentsioena izan daiteke. PSOEren eta PPren arteko aldea nabarmentzeko baliatu du gaia Asensiok, kartulina bat eskuan, pentsioak Sanchezen eta Rajoyren gobernuekin izandako gorakadak alderatuz.

Euskarak, berriz, apenas izan du presentzia debatean, nahiz eta, besteak beste, PPko eta Voxeko zenbait agintarik adierazi Kongresuan haren erabilera debekatuko dutela. Asensio izan da pare bat aipamen egin dizkion bakarra, baina gaian sakondu gabe, «arriskuan» egon daitezkeen auzien zerrendara batuz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA