Boluntarioak (I)

Boluntarioak: irautea da erronka

Boluntarioak bideratzen dituzten zerbitzuentzat gero eta zailagoa da konpromiso iraunkorra duten boluntarioak lortzea. Ohi baino boluntariotza laburragoak nahi dituzte haiengana jotzen dutenek.

BERRIA
BERRIA
jakes goikoetxea
2025eko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak
 

Denbora eskaintzen dute. Dedikazioa. Ardura. Konplizitatea. Funtsean, konpromisoa. Musu truk. Lan isila eta itzalekoa gehienetan, beharrezkoa beti. Sistemaren eta elkarteen hutsuneak betetzen dituzte. Boluntarioak dira.

Kontzeptua ezaguna da, baina kontzeptuaren definizioa eta ezaugarriak ez hainbeste. Boluntarioaren zakuan sartzen baitira, alde batetik, maiztasun finko samar batekin edadetuei, gaixotasunen bat dutenei, desgaitasunen bat dutenei, migratzaileei eta abarri laguntzen dietenak; baina, bestetik, baita urtean behin edo bitan kanpaina edo ekintza jakin batean parte hartzen dutenak ere. Bada aldea: bata konpromiso egonkorra eta iraunkorra da; bestea, noizean behingoa.

Legeek zehazten dute zer den boluntario izatea edo boluntariotza, zein diren oinarrizko ezaugarriak edo printzipioak. EAEko eta Nafarroako boluntarioen legeak 1998koak dira. Biek aipatzen dituzte era batera edo bestera nork bere askatasunez eta bere borondatez erabaki behar duela boluntario izatea, boluntariotza ekimenek elkartasunean oinarritu behar dutela, eta dirua irabazteko asmorik ez duten erakundeen bitartez egin behar dela.

Era berean, boluntariotza zer ez den zehazten dute: ezin du izan norbere probetxurako zerbait lortzeko, ezin du ordainsaririk izan eta ezin dituzte ordezkatu ordaindutako zerbitzu profesionalak.

Eraldaketa prozesuak

Nafarroakoak, baina, beste oinarrizko printzipio bat ere aipatzen du: boluntarioek ardura izan behar dutela, «laguntza denboran zehar eutsia izan dadin, etorkizun egonkor eta jakin batekin». Hortik kanpo daude, beraz, boluntario batzuek urtean behin edo bitan egiten dituztenak, zaborra edo elikagaiak biltzen, esaterako.

Legeek esaten dutenetik harago, boluntariotzaren definizioa osatu du Miren Gurrutxagak: «Boluntariotza eraldaketa prozesu batean parte hartzea da, jarraipena izateko asmoarekin. Suposatzen da boluntariotzaren helburua eraldaketa prozesuak abian jartzea dela». Gizaldeko arduraduna da Gurrutxaga. Gizaldek boluntariotza eta parte hartzea bultzatzen du Gipuzkoako herritarren artean. Informazioa eta orientazioa ematen die herritarrei; aholkularitza eta baliabideak, elkarteei.

«Boluntariotza jarraitutasunez egiten denean, luzera begirako eragina du, eta hori da helburua. Prozesu baten barruan egiten da eta aldaketa prozesuak lortzen dira»

ANDER LARREA Gizaldeko teknikaria

Garrantzitsua da boluntariotzak jarraitutasuna izatea, denboran irautea. Zergatik? «Boluntariotza jarraitutasunez egiten denean, luzera begirako eragina du, eta hori da helburua. Prozesu baten barruan egiten da eta aldaketa prozesuak lortzen dira». Ander Larrearena da azalpena. Gizaldeko teknikaria da.

Pertsonak gogoan

Prozesu hitza aipatu dute Gurrutxagak eta Larreak; izan ere, boluntariotza ekintza jakin baten atzean helburu zabalagoak egon daitezke. Nagusilan erakundeak, adibidez, boluntarioen bidez konpainia egiten die pertsona edadetuei. «Bai, baina helburua bada, halaber, edadetu horien bakardade egoera zerk eragiten duen jakitea eta egoera horiek saihestea», gehitu du Gurrutxagak. Beste adibide bat: Caritasek otorduak eta aterpea eskaintzen dizkie etxegabeei, «baina pertsona horiekin prozesu bat egin nahi dute».

%44

Boluntarioak Nafarroan Nafarren %44,40 boluntariotzarekin zerikusia duen elkarteren bateko kide dira edo izan dira, boluntariotzari buruzko 2023ko inkestaren arabera. Ehunekoa ia parekoa da emakumeetan eta gizonetan. Boluntarioen %46k sei urte edo gehiago zeramatzaten boluntario lanetan. 

Garrantzitsua da boluntarioak boluntariotzari eustea, bereziki pertsonekin lan egiten bada. Enpatia aipatu du Larreak; alegia, boluntarioek edo boluntario izan nahi dutenek lagundu beharreko pertsonen larruan jarri beharko lukete: «Ariketa ona da zeure burua egoera horretan jartzea. Ikusten baduzu aurrena etortzen zaizula pertsona bat, gero beste bat, gero inor ez... Pentsa zer sentitu dezaketen egoera horretan».

Jarraitutasunak boluntarioaren konpromisoa eskatzen du. Konpromisoa, boluntario lanari eusteko. Gero eta zailagoa da luzera begira lan egiteko asmoa duten boluntarioak lortzea. «Boluntarioak lortzea ez da zailagoa, baina boluntarioak elkarteetan geratzea bai», esplikatu du Gurrutxagak.

Premia

Hala diote Nafarroako datuek ere. Nafarroako Boluntariotzaren II. Ikerketaren arabera, elkarteen %45,6k boluntario gehiago behar dituzte etengabe eta %68,8k zailtasunak dituzte boluntarioen soslai berriak lortzeko.

Nafarroan, Nafarroa Orotan Lagun da boluntariotzaren plataforma ofiziala, gobernuak bultzatua. Boluntariotza sustatzea eta egonkortzea da haren helburu nagusia. Gizartea boluntariotzaren garrantziaz jabetzea nahi du, eta boluntariotza elkarteen garapena eta hazkundea bultzatzen du. Nafarroako Gobernuak boluntariotza elkarteen eta boluntarioen esku jartzen duen «tresna bat» da.

Gizaldeko arduradunak
Ander Larrea Gizaldeko teknikaria eta Miren Gurrutxaga Gizaldeko arduraduna, Donostiako egoitzan. BERRIA

Nasertic enpresa publikoak kudeatzen du Nafarroa Orotan Lagunen plataforma digitala, eta Naserticeko talde teknikoak erantzun ditu BERRIAren galderak, idatziz. Boluntarioen premia ikusita, «Nafarroako boluntariotzak egiturazko erronka bat du: pertsona konprometituak erakartzea eta fidelizatzea», ondorioztatu du Naserticek.

Gazteak erakartzea lortzen dute. Nafarroa Orotan Lagunek zehaztu du aurten 260 pertsonak eman dutela izena boluntario izateko; hamarretik sei (%59) 30 urtetik beherakoak dira. Gehienak, lautik hiru, emakumeak.

Konpromiso laburragoak

Boluntario izateko asmoz Gizaldera jotzen dutenek lehen baino iraupen laburragoko boluntariotzak egin nahi dituzte, noizbehinkakoak eta motzak. Gaur egun gazte batzuek astebeterako edo hamabost egunerako eskaintzen dute haien burua.

Horretan eragina izan duen faktore bat aipatu du Naserticek: COVID-19aren pandemia. «Elkartasun olatu indartsua eragin zuen, baina nolabaiteko neke soziala ere utzi zuen», azaldu dute. «Pandemia osteko urteetan boluntariotzak eraldaketa prozesu bat izan du: boluntarioek gero eta interes handiagoa dute boluntariotza modu malguagoetan eta digitaletan, boluntariotza beste konpromiso batzuekin bateratzeko». Horrez gain, norberaren gertuko boluntariotzari buruzko interesa handitu dela ere nabaritu dute.

«Boluntarioak lortzea ez da zailagoa, baina boluntarioak elkarteetan geratzea bai»

MIREN GURRUTXAGA Gizaldeko arduraduna

Boluntariotza laburragoak erronka dira elkarteentzat. «Azkenaldian elkarteetan gehien lantzen ari garen gaia da ea nola egokituko garen errealitate berri honetara», Gurrutxagaren esanetan. Gizaldeko arduradunaren arabera, aukera bat izan daiteke epe labur horietan lan egiteko aukera eskaintzea, eta gero luzera begira lan egiteko konbentzitzea eta fidelizatzea.

Hala ere, muga batzuk badaude. «Jendeak eskubidea du hamabost eguneko boluntariotza lan bat eskatzeko», uste du Gurrutxagak, «baina aintzat hartu behar dugu beste aldean pertsona batzuk daudela, eta horientzat ona ez baldin bada, agian boluntariotza laburrak egin nahi dituztenek beste zerbait egin behar dute».

Bitartekaritza lana

Nafarroa Orotan Lagun-ek ez du boluntarioen konpromisoaren iraupenari buruzko daturik. Nafarroako Boluntariotzaren II. Ikerketaren datuak aipatu ditu: hirugarren sektore sozialeko elkarteen erdiek (%52,6) boluntario kopuru egonkorra dute; %42,3tan «neurri batean» boluntarioak galtzen eta lortzen dituzte; eta %5,1ek boluntario asko galtzen eta lortzen dituzte.

Boluntarioen iraunkortasunaz gain, badago beste arazo bat hirugarren sektore sozialeko elkarteetan: arduradunen errelebo falta.

«Pandemia osteko urteetan boluntariotzak eraldaketa prozesu bat izan du: boluntarioek gero eta interes handiagoa dute boluntariotza modu malguagoetan eta digitaletan, boluntariotza beste konpromiso batzuekin bateratzeko»

NASERTIC Nafarroa Orotan Lagunen plataforma digitalaren kudeatzailea

Bai Gizaldek bai Nafarroa Orotan Lagunek bitartekaritza lana egiten dute, boluntarioen eta elkarteen artean. Boluntario izan nahi duten pertsona batzuek haiengana jotzen dute —beste batzuk zuzenean joaten dira elkarteetara—, laguntzeko daukaten gogoa bideratzeko asmoz; elkarteek, berriz, zehaztu egiten diete zer-nolako programak egiten ari diren eta zer-nolako boluntarioak behar dituzten.

Gaur egun webgunean dituzten plataformen bidez egiten dute lan gehiena. Bertan, interesa duenak boluntariotza programa zehatzak ikus eta bilatu ditzake, bere interesen, kolektiboen, eskualdearen eta abarren arabera.

«Galduta»

Gizalderen Donostiako egoitzara informazio bila jotzen dutenen artean asko «galduta» daudela esan du Larreak: «Nolabait lagundu nahi dute, baina ez dakite zer den boluntariotza». Eskaintzaren berri ematen diete, eta saiatzen dira haren interesei egokitutako elkartea eta programa aurkitzen.

«Aurrena galdetzen diegu zein den haien motibazioa, zergatik izan nahi duen boluntario, motibazioak askotarikoak izaten baitira, askotan oso pertsonalak», zehaztu du Gurrutxagak. «Gero hasten gara arloak, kolektiboak, lanak eta abarrak zehazten». Zehazte lan horretan, gerta daiteke zer kolektiborekin lan egin nahi duten baino lehenago, zer kolektiborekin lan egin nahi ez duten zehaztea.

%44,5

Jarduera zehatzak Herritarren %18,5 boluntarioak ziren 2023an Gipuzkoan, %16,5 Araban eta %16,2 Bizkaian, Eusko Jaurlaritzak 2023an kaleratu zuen boluntariotzari buruzko inkestaren arabera. Hala ere, horietatik ia erdiek (%44,5) jarduera zehatzetan parte hartzen zuten, elkarteek laguntzaileak behar zituztenean. 2012tik nabarmen handitu da aukera hori: orduan %16,7 ziren.

Boluntariotzak badu generoa, batez ere arlo sozialean: «Arlo soziala feminizatuta dago oraindik», nabarmendu du Gurrutxagak. Nafarroan ere bai, Naserticen esanetan: emakumeak gehiago dira boluntariotza sozialean, hezkuntzari lotutakoan eta komunitarioan, gertukoan. «Gizonek joera handiagoa dute kirolean, ingurumenean eta kulturan parte hartzeko».

Gaur egungo boluntariotzaren premien artean, bakardadea aipatu du Larreak, bakarrik dauden pertsonei lagundu beharra: «Ez bakarrik edadetuei, askotan bakardadea edadetuekin lotzen baita, baina bakardade egoeran daude gazteak, aniztasun funtzionala dutenak, buruko gaixotasunen bat dutenak... bakardadean bizi den jende asko dago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.