Bortxa, frankismoaren abizena

Francoren erregimenak errepresioaren aldaera guztiak baliatu zituen disidentziaren aurka egiteko eta botereari eusteko. Hego Euskal Herrian zuzenean nahiz zeharka pairatu zuten jazarpen hori diktadurak iraun zuen lau hamarkadetan.

Franco diktadorea Gasteizen, 1964ko udan. ARQUA / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA
Franco diktadorea Gasteizen, 1964ko udan. ARQUA / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA
aitor biain
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erregimen frankistak nola iraun zuen ulertzeko, ezinbestekoa da hura egituratu zuten indarkeriari eta jazarpenari erreparatzea. Ia lau hamarkadako diktaduraren zutabeetako bat izan baitzen errepresioa, oinarrizko elementua, nahi bada. Francok zimendu horien gainean eraiki baitzuen bere boterea, eta, besteak beste, horren bidez eta horri esker luzatu zuen bere agintaldia, 1936ko gerraostetik hasi eta hil artean.

Izan ere, izu-ikara eta bortxa frankismoaren «berezko elementuak» izan ziren, Javi Buces Aranzadiko historialariak laburbildu duenez. Jazarpen frankistak Hego Euskal Herrian utzitako arrastoa luze ikertu duenetako bat da, eta, nabarmendu duenez, diktadurak jazarpena erabili zuen erregimenaren aurkako herritar oro fisikoki eta ideologikoki desagerrarazteko.

Errepresio horren balantze orokor bat egitea ez da horren erraza, ordea, aurpegi eta molde ugari izan zituelako urteen joanarekin: fisikoa, politikoa, instituzionala, ekonomikoa eta kulturala, baita lanekoa ere. «Muturrekoa izan zen batzuetan, zeharkakoa beste batzuetan, baina errepresioa arlo guztietara zabaldu zuen, eta gizartea bere esanetara makurrarazteko funtsezko tresna bilakatu zen diktadurarentzat».

Hego Euskal Herrian frankismoaren hastapenean izan zen zuzeneko indarkeriaren aldi gorena, gerraosteko lehen urteetan. «Gerra 1937an bukatu zen hemen, ez 1939an. Frankismoa 1937an hasi zen, eta hortik aurrera errepresio zuzena eremu guztietara zabaldu zen: fusilamenduak izan ziren, gerra kontseiluak, presoak, torturatuak, erbesteratuak…», azaldu du Aranzadiko kideak.

Euskal Memoria Fundazioak, esaterako, zenbakiak —eta izen-abizenak— jarri zizkion bortxa horri. Fundazioak bildutako datuen arabera, 1936tik 1960ra bitarte 6.317 euskal herritar hil ziren borroka eremuan: fusilatuta, 5.114; Saturrarango kartzelan, 177; Ezkaban, 69…

Errepresioa, «instituzionalizatua»

Baina izozmendiaren punta baino ez da hori. Diktadurak iraun zuen ondorengo hamarkadetan ere jarraipena izan baitzuen bortxa horrek. Ez hain zuzeneko, ez hain bortitz, aurre egingo zionik ez zuelako ordurako, eta Francoren erregimenak errepresioa legitimatzeko eta juridikoki formalizatzeko tresnak sortu zituelako. «Bake urteak deitu zituzten frankistek. Baina zeharkako errepresioa eremu guztietara zabaldu zen urte haietan: etxera, kalera, hezkuntzara, kultura alorrera, emakumeen aurka… Estigmatizazio sozial hori eta nazionalkatolizismoaren ideologia aplikatzen hasi zen erregimena urte horietan».

Hala, indarkeria sistematikoaren ordez, herritarren etengabeko kontrola eta haien aurkako mehatxuak eta jazarpena ezarri zituen. Eta legeak baliatu zituen izua «instituzionalizatzeko». Erantzukizun Politikoen Legea (1939), Funtzionarioen Garbiketarena (1939) eta Masoneria eta Komunismoaren Errepresioaren Legea (1940) dira horren adibide. Justizia militarra eta armadako epaileek zuzenduriko gerra kontseiluak izan baitziren erregimenaren tresnarik behinenak disidentziaren kontra egiteko.

Lege, dekretu eta askotariko aginduak baliatu zituen erregimenak euskara eta euskal kulturarekin lotura zuen oro debekatzeko ere. Frankismoak euskara eremu publikotik desagerrarazi nahi izan baitzuen. Eskolan ere gaztelaniaz jardun zitekeen soilik, eta, beraz, klandestinitatean hasi ziren asko euskarazko eskolak ematen. Horiek izan ziren, hain zuzen ere, lehen ikastolen aitzindariak.

Euskara bezalaxe euskal kultura ere mehatxu gisa ikusten zuen Francok Espainiarentzat, eta, beraz, zentsura eta debekua baliatu zituen harekin lotura zuen oro debekatzeko. Errepresio hori zigorren eta, beraz, beldurraren eta autozentsuraren bidez zabaldu zuen diktadoreak bere agintaldi osoan zehar.

Bigarren estualdia

Beldur hori apalduz joan zen 1960ko hamarkadatik aurrera, ordea. Belaunaldi berri bat etorri zen, zeinak ez zuen gerra ezagutu, ezta gerraosteko errepresio gogorrena ere. Ondorioz, mugimendu sozial eta politiko ugari garatu ziren urte horietan, eta frankismoaren aurkako mugimendua «berpiztu» egin zen Euskal Herrian horri esker. «Bat-batean, oposizio sendo bat sortu zitzaion frankismoari».

Pixkanaka ugarituz joan ziren erregimenaren aurkako ekintzak ere. Ordea, erregimenak errepresio are gogorragoa ezarrita erantzun zuen: berriz ere hildakoak, fusilatuak, presoak, errefuxiatuak… «Frankismo berantiarrean, hau da, 1960tik aurrera, errepresio gogorrena Hego Euskal Herrian izan zen. Hala erakusten dute torturatuen, manifestazioen, edo Ordena Publikoko Auzitegiaren sententzia kopuruek», azpimarratu du Bucesek.

Aranzadiko ikerlariaren arabera, bi faktore daude horren atzean: aldarrikapen soziala eta abertzaletasuna. «Alde batetik, hobekuntza ekonomiko eta sozialen alde mobilizatzen hasi ziren langileak, eta, bestetik, kultura eta hizkuntza berreskuratu nahi zuten herritarrak zeuden. Erregimenarentzat bi birus ziren, eta biek bat egiteak eragin zuen antifrankismo hori indartu izana».

Horren adibideetako bat da ETA bera sortu izana, hain justu ere. Frankismoari armekin aurre egitea erabaki baitzuten batzuek: indarkeria indarkeriaren truke. Eta horiei aurre egiteko hainbat talde parapolizial ere sortu ziren, ustez Espainiako Gobernuaren babesean: BVE Batallon Vasco Español eta GAL Askapenerako Talde Antiterroristak, besteak beste. 1970eko hamarkadan sortu ziren, baina Franco hil ondoren ere indarrean jarraitu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.