Beste bost greba egun egingo dituzte eskola erlijiosoetan, eta bihar izango da lehena

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek deitu dute lanuzteetara: asteartetik ostegunera, eta hilaren 19an eta 20an izango dira. Arratsaldetik, Lan Harremanen Kontseiluan bilduta daude langileen eta patronalen ordezkariak.

greba
Eskola erlijiosoetako langileen protesta bat, abenduan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 5a
11:02
Entzun

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileak bihar dira grebara itzultzekoak, azken orduko akordiorik ez bada. Izan ere, gaur arratsaldetik LHK Lan Harremanen Kontseiluan bilduta daude patronaletako eta sindikatuetako ordezkariak, Kristau Eskolak deituta, otsaileko bost greba deialdiak bertan behera uzten saiatzeko. Gauera arte luzatu da bilera; edizio hau ixteko orduan, ez dago bertan gertatutakoaren berririk. Adostasunik ezean, bihar izango dute lehen lanuzte eguna, eta beste lau egunez egingo dute greba: etzi, etzidamu, eta hilaren 19an eta 20an.

Gaurko bileraren aurretik, ostiralean bildu ziren azkenekoz patronalak eta sindikatuak. Akordiorik ez zutenez erdietsi, sindikatuek lanuzteei eustea erabaki zuten. Bilera bukatu berritan, Kristau Eskolako zuzendari nagusi Maria Eugenia Iparragirrek ziurtatu zuen «anbizio handiko proposamena» egin zutela, besteak beste «historikoa» den eskaera bat jasotzen duena: eskola erlijiosoetako langileen soldatak ikastetxe publikoetako langileen soldaten parekoak izatea.

protestak

  • Otsailak 6. Bilbon batuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitzako atarian, 11:30ean.
  • Otsailak 7. Donostiako Aldapeta Maria ikastetxetik abiatuko dira, 11:30ean, manifestazioa egiteko.
  • Otsailak 8. Gasteizen egingo dute protesta,11:30ean, Bilbo plazan.
  • Otsailak 19. Hiru protesta egingo dituzte: Bilbon, Eskolapioak ikastetxean batuko dira; Donostian, Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean; eta Gasteizen, Corazonistas ikastetxearen parean. Protesta guztiak 11:30ean hasiko dira.
  • Otsailak 20. Bilbon egingo dute manifestazioa, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik aterata.

Alabaina, sindikatuak ez daude ados patronalaren adar horrek egindako eskaintzarekin. ELAk esan zuen ez zuela ulertzen ostiralean zertarako bildu ziren, proposamen «ia berdina» egin baitzieten. Sindikatuak, berriz, soldaten KPIaren araberako igoera bermatuta egotea nahi zuen, eta ez «daitezela lotuta egon finantzaketa publikora». LABek, bestalde, esan zuen homologazioari ezin zaiola uko egin, eta, horiek horrela, Kristau Eskola eta IZEA patronalei eskatu zien gatazka «desblokeatzeko» elkarrizketaren bidez.

Gaur, Fapae, Feguiapa, Fapacne eta Bidelagun elkarteek —Kristau Eskoletako eta IZEAko ikastetxeetako guraso elkarte gehienak ordezkatzen dituzte— prentsa ohar bat atera dute. Harta, grebak «berehala» bertan behera uzteko eskatu dute, baita beren seme-alabek «gatazka politiko bateko bahituak» izateari utz diezaiotela ere. Halaber, nabarmendu dute akordio batera iristea nahi dutela, ikastoletan egin duten gisara.

Hilabeteetako borroka

Orain egingo dituztenak ez dira lan hitzarmen berria lortzeko lehen lanuzteak. Sindikatuak 2022ko maiatzean hasi ziren eskola erlijiosoetarako hitzarmen kolektibo bat negoziatzen. Eta hura adosteko azken batzarra 2023ko otsailaren 2an egin zuten. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko, greba antolatu zuten sindikatuek. Joan den urrian esan zuten patronalak ez ziela erantzun, eta ez zegoela «greba egitea beste erremediorik». Hiru greba egun antolatu zituzten orduan.

Eta berriro grebara jo zuten urtearen amaieran: abenduan ere lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten bost egunez. Gainera, urtarrilean ere beste bost greba egun izan zituzten Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.