Bost konpromiso eta 30 proposamen, EAJk Madrilen defendatzeko

EAJk 43 orrialdeko txosten bat aurkeztu du gaur azaroaren 29ko hauteskundeei begira, Madrilgo Kongresuan eta Senatuan izango dituen jomugak xehetzeko. Etxebizitzaren gaia, industria, segurtasuna, zaintza eta autogobernua landu dituzte, besteak beste.

Idoia Sagastizabal, Maribel Vaquero eta Gorka Urtaran Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpainaren aurkezpenean, gaur. EAJ
Idoia Sagastizabal, Maribel Vaquero eta Gorka Urtaran Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpainaren aurkezpenean, gaur. EAJ
nerea intxausti
2026ko azaroaren 9a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostegunetik ostiralera bitarteko gauean abiatuko da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako kanpaina. EAJk bere asmoak azaltzeko agiria aurkeztu du gaur, Madrilen «Euskadi defendatzeko». Maribel Vaquerok, Idoia Sagastizabalek eta Gorka Urtaranek, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako EAJko Espainiako Kongresurako zerrendaburuek eman dute programaren berri: bost ardatzetan banatuta, 30 proposamen bildu dituzte. 

Lehen ardatza etxebizitzari eta hezkuntzari buruzkoa da, eta euskaldunek beren bizitza «hementxe bertan» eraiki ahal izateari buruzkoa. Bigarrenik, industria lehiakorra defendatuko dutela aurreratu dute, baita energia «industriarako eta familientzako», lehen sektorea indartuko dutela, «inbertsio eta epe zehatzak» azpiegitura estrategikoetarako (euskal Y trenbidea, portuak eta aireportuak aipatu dituzte) eta berrikuntza teknologikoak bultzatuko dituztela. Sagastizabalek txarretsi du «ongizaterako funtsezkoak diren erabaki batzuk» Madrilen hartzen direla oraindik: soldatak, pentsioak, argindarraren faktura eta zerga batzuk aipatu ditu, eta adierazi du EAJ proposamenak dituela horietarako.

Hirugarrenari Lasaitasunez eta eskubideekin bizitzea deitu diote: segurtasunari, elkarbizitzari, migrazioari, pertsonen babesari eta eskubideei buruzkoa da; Ertzaintzaren ahalmenak areagotu nahi dituzte eta migrazio politika «Euskaditik bertatik» kudeatu. Laugarrena jada lortutakoa zaintzeko konpromisoa da: osasuna, pentsioak, gizarte babesa eta belaunaldien arteko elkartasuna; amiantoaren biktimei erreparazioa eskaintzea ere aipatu dute. Urtaranek zainketekin zerikusia duten alderdiak nabarmendu ditu, eta aipatu du aberastasunik gabe ez dagoela ongizaterik.

Azkenak hizpide ditu autogobernua, demokrazia, justizia, erakundeak eta beren ahots propioa Europan: Gernikako Estatutu osoa betetzea exijituko dute. Vaquero: «Euskadi erasotzera badatoz, norengan jarriko dugu konfiantza gure herria babesteko eta defendatzeko? Bada, herri hau eraiki duen horrengan. Gu gara hilaren 30erako plan bat daukagun bakarrak». 

«Blokeetatik harago», agenda propioarekin arituko direla aurreratu du, «gobernua bata egon ala bestea egon». Hori bai, zehaztu du testuan beren beregi jasota dagoela talde jertzaleak ez duela babestuko «Vox-en babesa behar duen gobernurik», eta «tresna demokratiko eta parlamentarioak» baliatuko dituzte atzera pausuk ez emateko. Ohartarazi dute proposatutakoa lortzeko eta talde jertzaleak dagokion lana egin ahal dezan, «ezinbestekoa» dela «Madrilen euskal talde indartsua eta sendoa» izatea. 

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA