Brigade Locok, Amets Arzallusek eta Aiora Renteriak bat egin dute Harrera elkartearen alde

'Harrera leku bat' abestia sortu dute.

jon olano
2025eko uztailaren 4a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kanpaina betean da Harrera euskal presoei laguntzeko elkartea. Gaur egun 3.500 bazkide ditu, eta gehiago bildu nahi ditu: 5.000 izatea da kanpainaren helburua, hain zuzen. Eta, horren harira, bat egin dute Brigade Loco Bergarako musika taldeak, Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariak eta Amets Arzallus bertsolariak, elkartearen aldeko kanta bat osatzeko. Hiruren artean ondu dute Harrera Leku bat abestia.

Harreraren esanetan, artista horien aitortzak «balio berezia» du elkartearentzat, haien «lanetik eta dedikaziotik harago, gazteriarekin bat egiteko zubi delako». 5.000 baietz kanpainara batzeko eta bazkidetzeko gonbita egin dute kantaren bitartez.

Arzallusenak dira hitzak, eta Bricade Locorena eta Renteriarena ahotsa eta musika. Harrerak nabarmendu duenez, presoek «urteetako espetxealdien, erbesteratzeen eta deportazioen ondorioz jasan behar izaten duten errealitate gordinaren berri» ematen dute Arzallusen hitzek.

Harrera 2012an eratu zuten, espetxean, erbestean edota deportatuta egon behar izan duten euskal herritarrei gizarteratzeko baliabideak eskaintzeko, eta hamar urte baino gehiago daramatza lan horretan. Orain, baina, egungo egoerara egokitzeko prozesuan da. Izan ere, gutxi gorabehera euskal presoen erdiak kalean dira, izan hirugarren graduan edo izan espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Hala, elkarteak gero eta lan handiagoa du. Azaldu dutenez, elkarteak 117 laguni eskaini zien laguntza iaz, eta 338.000 euro jarri zituzten horretarako.

WhatsApp Image 2025 07 01 at 17.20.38
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.