Genero, teknologia eta politika kulturaletako irakaslea West London Unibertsitatean

Helen Hester: «Bronatalisten helburua da teknologiaren bidez haurrak nola sortu asmatzea»

Jaiotza tasa behera egiten ari da Iparralde Globalean, eta hori eragotzi asmo duten bi joera gailendu dira: natalismoa eta bronatalismoa. Hesterrek azaldu duenez, elite teknologikoa ugaltze prozesua hankaz gora jarriko luketen teknikak sustatzen ari da.

OSCAR ALONSO ALGOTE
OSCAR ALONSO ALGOTE
maddi iztueta olano
Donostia
2026ko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fikzioak aurrea har diezaioke bizitzari, eta, oraino automobil hegalaririk ez dagoen arren, gero eta arruntagoak dirudite filmetan irudikatutako gailu futuristek. Horren erakusle lirateke, adibidez, ernalketarako sabel artifizialak eta adimen artifizialaren laguntzarekin sortutako obuluak. Ugaltze prozesua «azkartzea, sinplifikatzea eta hobetzea» helburu duten teknikei eta halakoak sustatzen dituzten eliteei buruz aritu da Helen Hester (Gray, Erresuma Batua, 1983), West London Unibertsitateko genero, teknologia eta politika kulturaletako irakaslea, Donostiako Tabakaleran Siliziozko dinastiak: Elite teknologikoak eta haurtxoen etorkizuna hitzaldian, digitaltasunaren inguruko POV egitasmoaren harira.

Jaiotza tasa behera egiten ari da, eta gero eta mezu gehiagok ohartarazten dute horretaz. Baina egiaz kaltegarria da haur gutxiago jaiotzea?

Demografiaren beherakada gizartearentzat kaltegarria izango dela uste da, horren ondorioz zergak ordaintzen dituen eta aurreko belaunaldiak zaindu ditzakeen jende gutxiago egongo delako. Horren beldur dira. Baina jaiotza tasa leku guztietan ez da abiadura berean jaisten ari. Eremu geografiko jakin bateko arazoa da: Europan gertatzen ari da, baita Asiako eta Ipar eta Hego Amerikako zenbait lurraldetan ere; baina Afrikan, adibidez, jaiotza tasak oraindik ere handiak dira, eta biztanleria gaztea da. Demografiaren auzia egiaz den baino arriskutsuagotzat jotzen da lehen munduko arazo bat delako. Beste nolabait begiratu behar genieke zahartzen ari diren gizarteei. 

Nola?

Gaur egun, logika instrumentalizatzaile batekin pentsatzen dugu jaioberrien inguruan: gizaki horien funtzio nagusia da beraien aurretik iritsi direnak zaintzea. Ez da aintzat hartzen, agian, jaioberri horiek bestelako bizi eredu batzuk izan nahiko dituztela, edo, agian, ez dituztela izango zaintza hori egiteko behar diren gaitasunak.  

Natalismoak eta bronatalismoak beste irtenbide batzuk proposatzen dituzte. Bi joera horien arabera, haur gehiago behar dira; dena dela, ez dute ikuspuntu bera. Zein da desberdintasuna?

Teknologiaren inguruan duten ikuspuntuak bereizten ditu nagusiki. Eskuin muturreko biokontserbadoreak edo natalismoaren jarraitzaileak jaiotzaren aldekoak dira, betebehar moral eta erlijioso batek bultzatzen ditu haurrak izatera, eta familiarekiko konpromiso handia dute. Haientzat, familia dago kulturaren erdigunean. Bronatalistek ere uste dute haur gehiago izan behar genituzkeela, baina familiak ez du garrantzirik. 

«Logika instrumentalizatzaile batekin pentsatzen dugu jaioberrien inguruan»

Eta nola bultzatu asmo dute haur gehiago jaiotzea?

Bronatalisten helburua da teknologiaren bidez haurrak nola sortu asmatzea. Eskuin muturreko biokontserbadoreak oso erlijiosoak dira, eta abortuaren aurka egon ohi dira; hortaz, haurrak sortzeko modu artifizial horrek ez ditu konbentzitzen. Genetikoki diseinatutako jaioberri baten ideiak bete-betean egiten du ordena natural sakratuaren aurka. Baina bronatalistei berdin zaie. Ugalkortasunaren ekonomiak zabor kliniko mordo bat sor dezake: enbrioiak, elementu plastikoak, semena, obuluak… horiek guztiak suntsituko lituzkete. Eta bronatalistak, oro har, ez daude abortuaren aurka. 

Zein dira bronatalista horiek?

Elite teknologikoko kideak dira, Silicon Valleyren jabeak. Natalismoak iritzi dio ez genukeela haurrei buruz hitz egin behar diseina daitezkeen produktuak izango balira bezala; eta, hain justu, horixe defendatzen eta sustatzen du bronatalismoak: «Bihur ditzagun haurrak produktu». Talde bakoitzak jainko bat izango balu, familia izango litzateke natalismoaren jainkoa, eta zelula pluripotentea bronatalismoarena. Zelula pluripotenteak forma asko har ditzake, eta Silicon Valleyri asko interesatzen zaizkio oso moldagarriak diren zelulak, horien bitartez ugaltze prozesuan ezinbestekoak diren elementu biologikoak diseinatzeko.

Halere, bronatalistek ez dituzte edozein motatako haurrak sortu nahi, haien ezaugarri berak izango dituztenak baizik. Zergatik?

Sinplea da: dirua eta boterea baldin badauzkazu, merezi eta irabazi egin dituzulako dauzkazu; pobrea baldin bazara, berriz, zure errua da, gene egokirik ez duzulako. Haien arabera, dagoeneko pribilegiatuak diren horiek gene hobeak dituzte; hortaz, gene horiexek ekoitzi behar dira. Meritokraziaren aitzakia erabiltzen dute oinordetzan jasotako pribilegioa zuritzeko. 

Eta klase jakin batekoek klase horretan segitzeko, ezta?

Silicon Valleyn sinetsita daude K formako egoera ekonomiko bat garatuko dela laster. Hau da, bi klase sozial egongo lirateke, iraunkorrak eta moldaezinak: goi klasea eta behe klasea, eta erdiko klasea desagertu egingo litzateke. Haiek goi klase horretan dute arreta: uste dute hori izango dela gizadiaren etorkizuna. Bronatalismoak eugenesiaren ezaugarri asko biltzen ditu, eta, finean, biek iradokitzen dute zenbait giza gaitasun geneen araberakoak direla, hala nola inteligentzia. Diskurtso hori onartzea erosoa da, eta kontrol ideologikorako tresna bihur daiteke: zertarako hobetu besteon bizi baldintzak, guztia DNAk zehazten badu? 

«Bronatalismoaren eta eugenesiaren diskurtsoa kontrol ideologikorako tresna bihur daiteke: zertarako hobetu besteon bizi baldintzak, guztia DNAk zehazten badu?»

Ugaltze tekniken negozioak gora egin du azken urteetan, eta inbertsio enpresa handi batzuek in vitro ernalketako zenbait klinika erosi dituzte; Espainian, kasurako, KKR inbertsio funtsak. Ez al da kontraesana halako enpresa batek, zeinak etxebizitzarekin ere negozioa egiten duen eta bizi baldintzak okertzen dituen, haur gehiago sortzeko klinika bat babestea?

Halako enpresei berdin zaie zein den ondorioa, nork zer galtzen duen. Amatasuna atzeratzea ugalkortasunaren ekonomiaren onerako da, baldintza materialen faltak bultzatuta erabakitzen baitute 20 eta 40 urte bitarteko emakumeek kriokontserbaziora jotzea —zelulak, enbrioiak, ehunak, organoak, haziak eta mikroorganismoak kontserbatzeko erabiltzen den teknika—. Emakume askok bizi baldintza prekarioen gainean antolatu behar dute bizimodua, eta horregatik izozten dituzte obuluak, ez antzuak direlako. 

Hain justu, ugalkortasunaren arloko teknologiak antzutasunarekin lotu ohi dira.

Bai, eta oker izendatzen ditugu ugalketa ahalbidetzen duten teknologiak. Adibidez, in vitro ernalketa antzutasunarekin lotzen da, baina, askotan, prozesu horretan parte hartzen duena ez da antzua. Sexu bereko bikoteak horren adibide argia dira; pertsona horiek ez dute ugalketarako ezintasunik, esperma eta obulu osasuntsuak dituzte; besterik gabe, ez dute sexu harreman heterosexualik izan nahi.

In vitro gametogenesiaren teknikak haurrak izateko beste modu bat proposatzen du; are, sexuaren eta generoaren inguruan hain errotuta dauden usteak iraultzeko ere balioko luke, ezta?

Bronatalismoak hankaz gora jartzen ditu sexuaren, generoaren eta ugalketaren oinarri materialak: pentsa, esperma eta obuluak sortu nahi dituzte edozein gizakiren azala eta odola baliatuta; horixe da in vitro gametogenesia. Horren bidez, edozein gizaki, emakume zein gizon, guraso izan liteke beste inoren beharrik gabe. Ugalketaren inguruan pentsatzeko modu hori oso eraldatzailea da, eta, aintzat hartuta sexuaren eta generoaren oinarri handi bat ugalketa prozesuak zehazten duela, eta prozesu horretan duten rolaren arabera bereizten direla gizonak eta emakumeak, teknologia horrek irauli egiten ditu sexua eta generoa definitzen dituzten elementuak. 

Horren berri izanez gero, gizarteak onartuko luke halako teknika bat?

Familiak indar handia dauka gure gizartean, eta sexu harremanak hertsiki lotuta daude boterearekin eta desirarekin. Generoaren araberako bereizketak ere sortzen du halako gozamen bat, akuilu bat baita emakumeak esanekoak direla eta gizonak menderatzaileak direla sinetsi nahi duen jende askorentzat. Horrenbestez, teknologia horrek zauri sakon bat eragin lezake, eta zaila izango litzateke onespen zabala lortzea; hori bai, sexua abolitzeko balio lezakeen aparatu gisa aurkeztu beharrean sexu bereko bikoteei beren haur propioak izateko aukera emango liekeen tresna gisa aurkezten bada, baliteke gizarteak begi onez ikustea. 

«Bronatalismoak hankaz gora jartzen ditu sexuaren, generoaren eta ugalketaren oinarri materialak»

Haurdunaldi subrogatuaren inguruan ere iritzi kontrajarriak daude, maiz emakume zaurgarriek eta arrazializatuek egiten baitute lan hori. Posible da hori aldatzea?

Bestelako mundu bat eraiki artean, haurdunaldi subrogatua ez da emantzipatzailea izango. Beste norbaiten haurra zure sabelean haztea ez da bere horretan problematikoa; hori egitera bultzatzen duten baldintzak, ordea, bai. Haurdunaldi subrogatua transakzio harreman batean oinarritzen da, eta horregatik da hain gai arantzatsua, diru faltan diren horiek egiten dutelako fisikoki hain arriskutsua eta hain emozionala den lan bat. Baina hori ez da haurdunaldi subrogatuaren arazo bat soilik; oro har, soldatapeko lanak berak daukan arazo bat baizik. Denok saldu behar dugu gure denbora aske izateko, horixe da bizitza kapitalista baten ezaugarri nagusia, egiten dugun ezer ez dela egiaz askea. Horregatik dira hain arriskutsuak, adibidez, onespena argudiotzat darabilten diskurtsoak, hala haurdunaldi subrogatuari nola sexu lanari dagokionez.

Alderatu al daitezke bi lan horiek?

Bai: emakumeek egin ohi dituzte, oso fisikoak dira, konnotazio intimo handia dute, eta biak dira tradizionalki etxearen esparruan garatu diren baina transakzio esparru batera eraman diren lanak. Edonola ere, hein batean, haurdunaldi subrogatuak sortzen duen erreakzio ezkorra generoari eta amatasunari buruzko arau kulturalen ondorio da. Izan ere, lan asko dira arriskutsuak, lan asko dira fisikoak. Are, argudia liteke haurdunaldi subrogatuak badituela abantaila batzuk, baldin eta soldata ona bada eta baldintzak egokiak badira.

Kosta egiten da halako lan bat duina izan daitekeela irudikatzea. 

Ez da gai samurra, badakit [barrez]. Sexuari eta amatasunari buruzko diskurtso feminista asko erabakitzeko ahalmenean oinarritzen dira; horien arabera, erabateko autonomiaz erabaki daiteke bi auzi horien inguruan. Edonola ere, diskurtso horiek beti izango dira deserosoak eta kontraesankorrak, sistema kapitalista batean bizi garen artean ez baita ezein erabaki hartzeko erabateko autonomiarik izango. Ez da posible. Ulertzen dut emakume zaurgarriak zaintzeko sena, baina pertsona horiek ere, langile horiek ere badute beren artean antolatzeko eskubidea eta gaitasuna, salbatzaile zurien beharrik gabe. Eta ulertzeko zaila izan daitekeen arren, neurri batean, sexu langileek eta haurdun subrogatuek erabaki egiten dute lan hori egitea, baldin eta ez badira pertsonen trafikoaren biktima edo hori egitera behartuak. 

«Bestelako mundu bat eraiki artean, haurdunaldi subrogatua ez da emantzipatzailea izango»

Teknofeminismoak ba al du ugaltze teknika horiekin loturarik izateko proposamenik? 

Zenbait hausnarketa planteatzen ditugu. Teknologia aldatzen den bezalaxe, ugaltze teknikak ere aldatu egingo dira. Beraz, nola demokratiza dezakegu horien erabilera eta jabetza? Nola eraldatu ditzakegu prozesu horiek eta horietan emakumeek jasotzen duten tratua? Galdera horiei erantzunez, posible da teknologia eraldatzea. Izan ere, ugaltze teknikak oso garestiak dira, eta askotan saiakera ugari egin behar dira ernaltzeko; hortaz, berriro ere, prozesu hori ordaintzeko ahalmena dutenek baino ez dute lortuko guraso izatea. 

Baina badago are oinarrizkoagoa den galdera bat: nola eraiki dezakegu mundu bat, zeinetan zoriontsu izatea ez den haur baten araberakoa? Bestelako bizimoduak eta lehentasunak izatea posible dela sostengatzen eta bermatzen duen azpiegitura ideologiko bat eraiki behar genuke halako galera emozionalak eragozteko. Bronatalismoak dio bizitzan garrantzitsuena dinastia bat eraikitzea dela, oinordekoak sortzea, etorkizunari eman eta eman aritzea, baina etorkizuna diseinatzeko modu asko daude guraso izatetik harago.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA