Osakidetzako lan deialdien hizkuntza eskakizunak Europan kimatzen saiatu da Unidas por la Igualdad Linguistica taldea. Herritar batek ekinbide bat aurkeztu du talde horren izenean Europako Parlamentuko Eskaera Batzordean, zera adierazteko: osasun arloko lanpostu publikoetan euskara eskatzea «oztopo» izan daitekeela profesional kualifikatuentzat, eta eragina izan dezakeela «osasun arretaren kalitatean». Orain.eus agerkariak eman du ekinbidearen berri.
Eskaera horri erantzunez, baina, Europako Batzordeak argudiatu du hizkuntza eskakizunei lotutako aferak arautzea «agintari nazionalei» dagokiela —estatuei, alegia—. Are: Bruselak nabarmendu du estatuen «egitura konstituzionalak eta administratiboak» errespetatzen dituela, eta horien barruan direla hizkuntza erregimenak ere.
Edonola ere, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeko presidenteak jakinarazi du Unidas por la Igualdad Linguistica taldearen eskaera zabalik mantenduko duela oraingoz, Batzordeak idatzizko erantzuna igorri arte. Horren ostean zehaztuko dituzte espedientearen hurrengo urratsak.
PP eta Vox, eskaerarekin bat
Herritar ekinbideari lotutako eztabaidan, Elena Nevado eurodiputatu espainiarrak (PP) adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sisteman aplikatzen diren hizkuntza eskakizunek «berdintasunaren, merezimenduen eta gaitasunaren printzipioak» urratu ditzaketela. Haren ustez, Osakidetzan arituko diren medikuei euskara eskatzea «neurrigabea» da, uneotan «profesionalen eskasia» baitago, eta eskakizun horiek eragina izan dezakete pazienteei eskainitako artan.
PSOEren izenean, Idoia Mendia eurodiputatuak esan du EAEko hizkuntza politikak bi oinarri nagusi dituela: batetik, «herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea», eta bestetik, «errealitate soziolinguistikora egokitzea». Eledun sozialistak gaineratu du euskara eskakizunak «zentzuz» aplikatu behar direla, «profesionalen eskasia dagoen garaiotan talentua ez galtzeko».
ECR Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldeko Diego Solier eta Vox taldeko Juan Carlos Girauta ere bat etorri dira Unidas por la Igualdad Linguistica taldearen planteamenduekin. Esan dute hizkuntza eskakizunak ezin direla «lehentasuna» izan «esperientziaren eta prestakuntzaren gainetik».